Karabana aurrera doa

Kristina Berasain Tristan / 2018-10-25 / 525 hitz

Egun bateko atsedenaldiaren ostean, bidean aurrera doa migratzaileen karabana, oztopoz oztopo, mugaz muga, oraindik jakin gabe non eta noiz amaituko den zeharkaldia.

Ikus irudia

San Pedro Sulatik abiatu ziren, urriaren 13an, Tegucigalpatik 180 kilometro iparraldera, Hondurasen. Agua Calienteko mugatik sartu ziren batzuk Guatemalara. Gehienak, bidezidorretatik. Eta Mexiko hegoaldean daude jada. Huixtlan, Chiapasen, egun bateko atsedenaldia egin zuten asteartean, eta atzo goizaldean berriz abiatu zuten martxa, 70 kilometro iparraldera dagoen Mapastepeceraino. Aurretik, baina, milaka eta milaka kilometro dituzte. AEB Ameriketako Estatu Batuetan sartzea du helburu migratzaileen karabanak; ekialdeko kostaldetik joanez gero, 2.000 kilometro luzeko ibilbidea daukate, eta mendebaldetik, berriz, 4.000 kilometrokoa, Tijuanaraino.

Exodoaz mintza daiteke, baina inork ez daki zehazki zenbat diren etorkizun duinago eta oparoago baten bila abiatu diren migratzaileak. Mexikoko Atzerri Ministerioaren arabera, 4.500 lagunek zeharkatu dute muga, eta jada 1.699 asilo eskaera jaso dituzte. Nazio Batuen Erakundeak jakinarazi du karabana osatzen dutenen kopurua handiagoa dela. Farhan Haq bozeramailearen hitzetan, 7.233 doaz iparralderantz. Guatemalako iturriek zehaztu dutenez, asteburuan 7.125 pertsonak zeharkatu zuten muga; tartean, 1.500 emakume eta 2.400 haur. Hondurasera, berriz, 1.270 lagun itzuli dira; tartean, 869 emakume eta 400 haur. Guatemalak itzulera ziur bat bermatzeko abian jarritako planari esker bueltatu dira lagun horiek jaioterrira.

Elkartasuna 

Karabana jada zatituta dago, ibilbidean karabana txikiagoak sortu baitira, batzuk aurrerago eta beste batzuk atzerago, eta, azken egunotan, beste karabana batek abiatu du zeharkaldia. Astearte gauean, 1.500 lagunez osatutako talde batek ekin zion bideari Guatemalatik. Chiquimula eta Zacapa herrien arteko bidea egin zuten.

AEBetara bidean seme-alabak galdu dituzten emakumeen talde bat ere ari da bidea egiten, eta, herenegun, migratzaileen karabanako kideekin elkartu ziren, Huixtlan. Adorea izan dezatela eskatu zieten, elkartasuna adieraztearekin batera.

Chiapasen ere elkartasuna jaso dute migratzaileek, hainbat lagunek janaria eta ura atera baitie euren herrietatik pasatzean. Jaioterrian ere elkartasun karabana sinboliko bat egiten ari dira: Duintasunaren Karabana Handia. Honduras iparraldean hasi zen, asteartean, eta, 200 kilometro egin ostean, ostiralean da amaitzekoa, hiriburuan, Tegucigalpan. Juan Orlando Hernandez presidentearen egoitza ofizialaren atarian elkartuko dira hondurastarrak herrialdetik alde egitera behartuta daudela salatzera. Hondurasko Zigorgabetasunaren Kontrako Koalizioak deitu du martxara, herrialdean duintasunez ezin dela bizi salatzeko: «Erregimena arbuiatzen dugu, milaka hondurastar baztertuta bizitzera zigortzen dituen politika hertsiaren erantzule delako».

Giza Eskubideen Amerika Arteko Batzordeak, berriz, migratzaileen eskubideak bermatzeko eskaera egin du; izan ere, kezkatuta dago «abusuak eta urraketak» direla eta.

Hauteskundeak

Donald Trumpi bidali diote mezua, zeharka bada ere; izan ere, karabanaren aurrean jarrera sutsua izan du presidenteak. Estatu Batuetan azaroaren 6an egitekoak diren legebiltzarrerako hauteskundeen atarian, immigrazioaren kontrako diskurtsoa baliatzen ari da agintaria errepublikanoen botoa erakartzeko. Atzo Twitterren zabaldutako mezua da horren erakusle. Trumpek adierazi du ez dutela utziko herrialdean jendea legez kanpo sartzen: «Nazio subirano handi bat gara. Muga irmoak ditugu». Europan azken urteetan gertatu denarekin alderatu zuen egoera, mugen itxiera justifikatzeko: «Begira zer gertatu den Europan. Erabateko kaosa da». Bezperan ere irmoki mintzatu zen kazetarien aurrean. Esan zuen karabanan 10.000 lagun daudela, eta, tartean, «terroristak eta kriminalak» daudela, hori frogatzeko probarik ez duela aitortu arren, horrela izan zitekeelako. Estatu Islamikoko kideek karabanarekin bat egin dutela zabaldu dute egunotan komunikabide kontserbadoreek, eta tesi hori bere egin du Trumpek. Karabana ez dela herrialdean sartuko berretsi zuen, aurreko astean ohartarazi bezala, muga itxi behar badu ere. AEBen eta Mexikoren arteko mugak 3.200 kilometro ditu, eta ez da erraza izango dena kontrolpean izatea, bertan guardia nazionaleko 2.200 kide badaude ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.