Hamar urteren ondoren

Alberto Barandiaran / 2018-11-16 / 297 hitz

Epai historiko eta aurrekaririk gabekoa da Gazteluetako ikastetxearena, hainbat arrazoirengatik. Hasteko, Opus Deiko irakasle ohiari ezarritako zigorra Euskal Herrian pederastia kasu batengatik inoiz jarritako handiena da. Bestalde, erabakia iritsi da arazoak tokia erdietsi duenean agenda publikoan, arrazoi lokalak —Juan Kruz Mendizabal Gipuzkoako bikario ohiaren kontrako salaketek sortutako eskandalua— zein globalak —mundu osoko Elizaren aferarik latzenetako bat da une honetan— tarteko.

Historikoa da, baita ere, gazteak dena kontra eta akusatuak asko alde zutelako. Epaiketa iritsi arte tema handia erakutsi duen Cuatrecasas sendia behin baino gehiagotan sentitu da epaitua, eta babesik gabe egin behar izan dio aurre Bizkaiko eskola elitistenetako bati. Baita, noski, Opus Dei boteretsuari ere. Jazartuak, umiliatuak eta gaitzetsiak izan ondoren, kemena eta konbentzimendua izan dute prozesua bururaino bultzatzeko. Ez dute ahaztu nahi izan.

Abusuak ez baitira ahazten. Biktimek behin eta berriro esaten digute ez dagoela horrelako eraso bortitza ahazterik. Bai isiltzerik. Berunezko isiltasun hori, Elizak eta oro har gizarteak hamarkadatan luzatu dutena, hautsi da Gazteluetan.

Arrazoi dute Elizak eta fededun ugarik, esaten dutenean abusuen gaia ez dela bakarrik Elizaren afera, gizarte osoarena baizik. Baina okertzen dira, eta mesede txikia egiten beren buruari, azpimarratzen dutenean Eliza bidegabe jipoitua izaten ari dela kasuak ezkutatu eta isiltzeagatik. Eliza katolikoak ardura handia dauka afera honetan, hierarkikoki antolatutako erakunde bat delako, eta mundu zabalean gertatutako milaka kasu kontzienteki gordean edukitzea erabaki duelako. Eliza katolikoak bazituen, beste erakunde batzuek ez bezala, boterea, jakintza eta tresnak gaitzari aurre egiten saiatzeko, eta ez da saiatu. Gutxietsi eta mezpretxatu du arazoa.

«Oraindik badut fedea, eta amaieraraino joango gara» esan zuen Gazteluetako ikasle ohiaren amak, prozesua hasi ondoren Ez duzu abusatuko libururako elkarrizketatu genuenean. «Ez dakit dirua eskainiko diguten, baina ez gaituzte erosiko. Konponbideak ona izan behar du gure semearentzat, eta balio behar du beste inori ez gertatzeko. Ez gara salduko».

Hamar urte itxaron behar izan dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.