Bizitza, borrokari emana

Iker Tubia / 2019-01-30 / 860 hitz

Pedagogian eta gizartean iraultza egiten aritu ziren Pepita eta Elisa Uriz Pi ahizpa nafarrak, XX. mendean. Pedagogia berritzaileak sartu zituzten Kataluniako hezkuntza sisteman. Frankismotik ihesi, borroka antifaxistan garrantzitsuak izan ziren Frantzian, baita aldarrikapen feministetan ere.

Iraultzaileak. Horixe izan ziren Pepita eta Elisa Uriz Pi ahizpak. Pedagogiaren eta gizartearen alorrean. Borroka antifaxistari lotu zitzaizkion, eta horri eutsi, erbesteko urte luzeetan. Talde feministetan pisu handia izan zuten, eta haurren eskubideen defentsan jardun zuten. Pepita 1883an sortu zen, Badoztainen (Nafarroa). Elisa, hamar urte geroago, Tafallan (Nafarroa). Dena den, Euskal Herritik kanpo nabarmendu ziren, nahiz eta inoiz ez zuten hautsi Nafarroarekiko lotura.

Ezezaguna izan da bi emakume horien lana, eta urte dezente pasatu dira haien ibilbidea aitortu denerako. 2013an jaso zuten lehenbiziko omenaldia Badoztainen, eta, hurrengo urtean, Sarrigurengo eskolari Josefa Uriz izena jarri zioten. Orduz geroztik, lan handia egin da haien istorioak ezagutarazteko. Azkena, liburu bat: Pioneras. Historia y compromiso de las hermanas Uriz Pi (Aitzindariak. Uriz Pi ahizpen historia eta konpromisoa). Txalapartak kaleratu du, eta hiru eskutara idatzi dute Manuel Martorell historialariak, Salomo Marques Gironako Unibertsitateko Hezkuntzaren Historiako irakasle erretiratuak eta Mari Carmen Agullo Valentziako Unibertsitateko Hezkuntzaren Historiako irakasleak. 

«Pertsona oso garrantzitsuak dira», azaldu du Martorellek. Baina erbestean hil ziren, eta ez zuten ondorengo zuzenik izan. Hori dela eta, ez dira ezagunak izan. Gainera, diktadura frankistaren etsaiak izan ziren. «Azpimarragarriena da emakume berritzaileak zirela: proposamen pedagogiko berriak ezagutzen zituzten, eta irakasle molde berria proposatzen zuten, konpromisoduna, ez soilik pedagogiarekin, baita gizarte alorrean ere. Haientzat, hezkuntza zer zen: pentsatzen laguntzea eta menpeko izateari utzita herritar izatea», dio Marquesek.

Agullok beste ikuspegi batetik jo du: «Zalantzan jarri dute hezkuntzaren historiak izan duen ikuspegi androzentrikoa; emakumeak, hezkuntzan gehiengo izan arren, ikusezinak izan baitira. Baina beti izan dira andreak abangoardia pedagogikoetan». Bi ahizpek hezkuntza eta gizartea eraldatzeko konpromiso «eredugarria» izan zutela uste du.

Kataluniako hezkuntzan nabarmendu ziren Uriz Pi ahizpak. Pepita Gironako Irakasleen Eskola Normalean hasi zen lanean 1914an, eta Lleidakora pasatu zen 1921ean. Eginkizun garrantzitsua bete zuen etorkizuneko irakasleak prestatzeko, eta zenbait gauza bultzatu: pentsamendu kritikoa, eztabaida, testu libururik gabe aritzea, norberak bere oharrak jasotzea… «Garai hartan, Europan proposamen pedagogiko oso interesgarriak sortu ziren, eskolaren eredu tradizionala hausten zutenak: autoritarismoa, isiltasuna, obedientzia, kopiatzea…», esan du Marquesek. Horrek gatazkak sortzen zituen hezkuntzako sektore atzerakoienekin.

Ikasleei proposatzen zizkien irakurgai batzuk desegokitzat jo zituen eskola normaleko zuzendariak, eta, horregatik, diziplina kausa jarri zioten. «Garai hartako intelektual ia guziek babestu zuten. Katedra askatasunaren sinbolo bihurtu zen», dio Martorellek. Azkenean, bertan behera geratu zen zigorra, baina, aurrerago, Primo de Riveraren diktadurak berriz zigortu zuen: urtebete lanik eta soldatarik gabe. Lanera itzultzean oztopoak izan arren, Montessori, Decroly eta Freinet irakasten jarraitu zuen bere ikasgelan.

Tarte horretan, Elisa Genevan izan zen, bekadun, eta Calcroze metodoa ezagutu zuen. Girona eta Tarragonako Eskola Normaletan erabili zuen, musika erakusteko metodo gisa. Agullok onartu du ez dela hainbeste ezagutzen haren lana: «Ikertzeko dago, baina seguru nago musika irakasle berritzaile bikaina izan zela». 1936an, Lleidako Eskola Normaleko zuzendari izendatu zuten.

Egoera erabat aldatu zen Espainian II. Errepublika aldarrikatu zenean, 1931n. Pepita Urizek Lleidako Eskola Normalaren zuzendaritza hartu zuen, eta eskola modernorako bidea urratzen hasi. 1933ko Espainiako hauteskundeetan CEDAk irabazi zuen, eta ardura postuak kendu zizkioten Pepitari. 1936an itzuli zen zuzendaritzara, Fronte Popularraren garaipenaren ondotik.

Borroka antifaxista

Hezkuntza irauli ez ezik, gizartea ere irauli nahi zuten Uriz Pi ahizpek. Langileen borrokari loturik zeuden, eta baita feminismoari ere. Emakume Antifaxisten elkartean aritu ziren biak. Pepitak neska eta mutilak banatzen ez zituen hezkuntzaren alde egin zuen. Elisa Nazioarteko Emakumeen Federazio Demokratikoko zuzendaritzan aritu zen 1940ko eta 1950eko urteetan. Emakumeen eta haurren eskubideen defentsan jardun zuen, baita bakearen alde ere. Hain zuzen ere, Elisa Urizen lanaren ondorioz, NBEk Haurren Eskubideen Adierazpena eta Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna aldarrikatu zituen 1950eko hamarkadan. 

Parisen eta SESBen ibili ondotik hasi ziren alderdi komunistan militatzen. Ardura postuak izan zituzten biek elkarte antifaxista eta komunistetan. Horregatik, frankistek gerra irabazi ondoren, Frantziara jo zuten ihesi. Erbestean, borrokan jarraitu zuten. Iheslariei kontzentrazio esparruetatik ateratzen lagundu zieten, eta nazien kontra ere aritu ziren. «Oso eginkizun nabarmena bete zuten Frantziako Erresistentziako lehenbiziko taldeetan, Paris inguruan», azaldu du Martorellek. Adibidez: haiek zuzendari ziren antolakunde baten kontrakoa izan zen 1942ko Maison de la Chimie prozesua, naziek erresistentziaren kontra egindakoa.

«Kontzientzia politiko handia zuten, eta horrek bultzatu zituen erresistentziaren lehenbiziko taldeetan parte hartzera. Haientzat, faxismoaren kontrako borrokaren segida zen hura», adierazi du historialariak. Prestaturik zegoen jendea behar zuten Frantzian, eta horiek 36ko Gerran aritutako erbesteratuak ziren.

Alemaniarrak garaitzeko komunisten borroka ezinbestekoa izan arren, 1950. urtean, Rene Pleven Frantziako Ministroen Kontseiluko presidenteak martxan jarri zuen Bolero-Paprika operazioa. Ehunka militante komunista deportatu zituzten, sobietar inbasio bat prestatzen ari zirela leporaturik. Bi ahizpek Alemaniako Errepublika Demokratikora erbesteratu behar izan zuten. «Frantziaren jokaldi lotsagarria izan zen», dio Martorellek. «Europako historia garaikidean idatzi gabeko orria da. Jokabide bidegabe hori aitortu beharko luke Frantziak». 

Pepita 1958an hil zen, ekialdeko Alemanian. Elisa Nafarroara itzultzen saiatu zen, baina Espainiak ez zion bermerik eman, eta, atxilotuko zuten beldurrez, Alemanian gelditu zen. 1979an zendu zen. Liburuaren egileek uste dute asko ikas daitekeela bi ahizpen «konpromisotik». Marquesen aburuz, «eredu» dira etorkizuneko irakasleentzat. «Historian aritzen garenok atzera begiratzen dugu, aurrera duintasunez egiteko». Agullok ere goraipatu ditu: «Sektorekoa baino gehiago, borroka globala posible eta beharrezkoa dela demostratu dute, pedagogia eta borroka politikoa uztartuz, hezkuntzak ideologiarik ez duela dioen ustea baztertuz».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.