Munduko biztanleen erdiek adina ondasun dute 26 lagun aberatsenek

Irune Lasa / 2019-01-22 / 444 hitz

Oxfamen txostenaren arabera, 3.800 milioi pertsona txiroenak iaz baino%11 pobreago dira orain

Dirua izatea baino ezer hobeagorik ez dago diru gehiago izateko. Oxfam International gobernuz kanpoko erakundeak egitate hori agerian utzi du, beste behin, desberdintasunari buruz egiten duen urteroko txostenean. Iazkoa, gainera, urte oparoa izan dute aberatsetan aberatsenek: mila milioi dolarretik gorako (880 milioi euro) jabetza duten 2.200 pertsonen aberastasuna egunero 2.500 milioi dolar handitu da, eta orain iaz baino %12 aberatsago dira. Aldiz, %11 pobretu dira munduko biztanleen erdiak, txiroenen artean dauden 3.800 milioi pertsonak.

Aberatsen kopuruak gora egiten jarraitzen du munduan. Bi egunetik behin, mila milioi dolarren jabe bilakatzen da pertsona bat; hori gertatu da 2018an, eta berdin gertatu zen 2017an ere. Horiek horrela, krisi ekonomiko sakona tartean izan den azken hamarkadan bikoiztu egin da aberats horien kopurua.

Batzuek gehiago eta besteek gutxiago, bada desberdintasunaren areagotzearen erakusle beste datu bat: murriztu egin da munduko biztanleen erdiek bezainbesteko jabetza duten aberatsen kopurua. Gaur egun, 26 pertsonak biltzen dute 3.800 milioi txiroenek bezainbeste ondasun —43 pertsona ziren 2017an, eta 61 2016an—.

Desberdintasuna gora

Desberdintasuna arazo larria da Oxfamentzat, Matthew Spencer kanpaina arduradunak esan duenez: «Joan den mendeko azken laurdeneko lorpen handienetakoa izan zen muturreko pobrezian bizi zirenen kopuruaren murrizketa masiboa, baina hazten ari den desberdintasunak arriskuan jartzen du aurrerabide hori».

Txostenean ikusten denez, munduko eremu guztietan egin du gora desberdintasunak. Gutxien Mendebaldeko Europan handitu da, nahiz eta oraindik diru sarreren %37 bereganatu duten biztanleen %10ek. Sarrera desberdintasunaren hazkunde bizkorrena Ipar Amerikak, Txinak, Indiak eta Errusiak izan dute. Iaz, biztanleen %10ek herrialdeko sarreren %41 hartu zuten Txinan, %47 AEBetan eta Kanadan, eta %61 Ekialde Hurbilean.

Gainera, gobernuak desberdintasun hori larriagotzen ari dira. Ez dituzte hezkuntza, osasuna eta beste zerbitzu publikoak behar beste finantzatzen, enpresa handiei eta aberatsei zerga hobariak ematen dizkiete, eta ez dute zerga iruzurraren aurka nahikoa borrokatzen. Herrialde aberatsetan errenta zerga tasa marjinala 1970eko %62tik %38ra jaitsi da 2013an. Oxfamen arabera, munduko biztanleen %1 aberatsenek zergetan %0,5 gehiago ordainduko balute, gaur egun eskolara joateko baliabiderik ez duten 262 milioi haurrek hezkuntza jaso ahal izango lukete, eta 3,3 milioi heriotza eragozteko beste diru bilduko litzateke.

Zer egin

Hain zuzen, zerga progresiboak dira, Oxfam Internationalen aburuz, desberdintasunei aurre egiteko modu eraginkor bat. Era berean, finantza ondasunen jabetza erregistro global bat ere proposatzen du, zerga ihesa eragozteko. Gero, hezkuntzarako berdintasunezko sarbidea bermatzea da biztanleriaren erdi horren diru sarrerak hobetzeko beste modu bat. Eta horrekin batera, ondo ordaindutako lanpostuetarako berdintasunezko sarbidea ere, besteak beste bidezko gutxieneko soldaten bidez.

Oxfamen ustez, desberdintasuna murriztu nahi badute, gobernuek askoz gehiago inbertitu behar dute hezkuntzan, osasunean eta ingurumenaren babesean. Hori bai, txostenak erakusten duenez, lehen baino mugatuago daude horretarako. Azken hamarkadetan herrialdeak aberatsago bihurtu diren arren, pribatizazioen ondorioz arlo publikoak, oro har, pobretu egin dira, arlo pribatuen mesedetan eta zenbait herrialderen aberastasun publiko garbia —ondasun publikoak minus zor publikoa— negatiboa da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.