Euskal irainak denon ahotan

Joseba Aurkenerena / 2019-02-24 / 672 hitz

Lagunarteko euskara denon ahotan dagoen gaia da. Euskara batu formala egina dago, bere korpusa aski osatua… baina lagunartean erabiltzen dugun hizkera informalaren aldetik hutsune handia sumatzen da, hiri handi erdaldunduetan, gehienbat.

Aipaturiko guneetan gure gazteek ez dakite eguneroko bizimoduan ikastolan edo eskolan ikasitako euskara batu formaletik ateratzen. Berdin-berdin hitz egiten dute irakasleekin, euren ikaskideekin, haurrekin, jende helduarekin… eta baita zakurrekin ere, hau da, beti erregistro bera erabiltzen dute. Gehienetan oso euskara motela egiten dute, piperrik gabea, gatzik gabea… eta hori dela eta, graziaren bat egin nahi dutenean, askotan, ia beti, esango nuke nik, erdarara jotzen dute, edota bestela, erdaratik zuzen-zuzenean hartutako kalkoak erabiltzen dituzte. Euskara bizi-bizirik dagoen eskualdeetan egoera ez da bera, euskal hiztunek erregistro eta baliabide ugari ezagutzen eta erabiltzen dituztelakoz.

Lagunarteko euskara dela eta, gauza aunitz esan dira eta bide ugari jorratu, askotan itsu-itsuan eta espainola eta frantsesaren eredutik abiatuta. Adibidez, oso zabalduta egon da gure artean, euskarak argot baten gabezia zuela azaltzen zuen topikoa. Eta egia da, euskaldunok lexikoaren arloan, gauzak izendatzean, hutsunea daukagula alde horretatik, baina horrek ez du esan nahi argotik ez daukagunik, gure argota, neurri handi batean, aditzean baitago, hitanozko formetan, hain zuzen ere. Eta beste hizkuntzetan lexikoaren bidez adierazten duten argot hori, euskaldunok hitanoaren bitartez egiten dugu. Gaur, euskara batuak badu bere hitanoa, eta horrez gain, euskalkiek eta herrietako hizkerek ere badute euren hitano berezia. Eta horixe da, nire irudikoz, gazteekin landu beharra daukaguna, argot-hizkera zabaldu beharra daukagula esaten dugunean, bai ahozko erregistroan eta bai gure literatura idatzian ere. Bide emankorra izan daitekeelakoan nago.

Dena den, argotaren barruan, eta hitanoaz gain, baditugu bestelako arloak, eta horietako bat irainenada. Hauek biziki ugariak dira, ederrak, kolore handikoak, eta euskaldunon ahotan gaur egun arte bizirik iraun dutenak. Toki gehiago beharko lukete gure eskoletan eta gure material didaktikoetan, ainitzetan benetako perla ederrak baitira. Hona hemen, artikulutxo honetan, nik zazpi Euskal Herrietan jasotako irain zenbait, baita beraiekin egin dudan hala-moduzko sailkapena ere:

1.- Klasikoak, hau da, betidanik oso entzute handikoak izan direnak eta beste multzoetan sar ez daitezkeenak: babo, alen, ergel, kirten, lerdo, lelo, ziztrin, alproja…

2.- Sexua, soilik, aipatzen dutenak: alu, zakil, potroso, zakilote, buztantxo, zakiltxo, zakilpistola, pittitto, pìtilin, pitilintxo, pito, txilibito, koxkabilo, potto, poto, potxo, pottorro, potxorro, zupo, zupote…

3.- Animaliak eta sexua nahasten dituztenak: potrozorri, zerripotro, zerripotroso, zerribuztan, astobuztan, astazakil, astapotro, astotranka, urdezakilhandi, katabuztan…

4.- Animaliak, soilik, aipatzen dutenak: asto, astama, zerri, zerrama,  urde, urdanga, mando, zakur, putre, bixigu, mozolo, azeri, otso, pizti, zapaburu, azpisuge, sugegorri, sugegaizto, zomorro, zorritxo, oilo, oilaloka, oilobusti, oilar, arrain, , zaldiero, zaldibero, txarrizikin, animaliapuska, aberepuska, aketz, apo, labezomorro, makailu, lapazorri, saguxahar, gautxori…

5.- Animalien gorputz-atal bat aipatzen dutenak: xoxoburu, txoriburu, katabegi, oilarbuztan, oilarmoko, sugemihi, txoribuztan…

6.- Landareen berri ematen digutenak: arbilore, artaburu, azaburu, azaosto, babalore, lilitxo, bidelili, astakardo, mazusta, marrubigazte, pikupatsa, tipulaburu…

7.- Kolorea aipatzen dutenak: zuri, beltz, gorri, gogourdin,  hezurbeltz, mihizuri, sugegorri, atorzuri, txapelzuri, hankagorri, kaxkagorri…

8.- Adjektibo hutsak direnak: zikin, baldar, zarpail, faltsu, trakets, maltzur, gaizto, zital, mozkorti, mozkor, ihar, potolo, gizen, gezurti, zaztar, zatar, motel, hitzontzi, harro, harroputz, geldo, kakati…

9.- Izenak eta adjektiboak lotzen dituztenak: muturzikin, burugor, buruhaundi, kaxkamotz, kaxkazuri, sudurluze, ahobeltz, ahobero, sudurmotz, hankaluze, ipurdibero, mingainluze, lepozabal, jainkottiki, hankaoker, begitrixte…

10.- Aurrean, trinkotasuna emateko, mari- aurrizkia daramatenak: mariapain, marilerdako, maritxoro, maribideetako, maribihurri, marimatraka, maribandera, marisarjento, marimutil, marineska, marigizon, marigaizto, maripuzker, mariputz, marisaltsa, marimaisu, marimaistra, marisukalde, marilapiko, mariergel, marizirika, marilerdo, marikaka, marikontra, marifardel, maritturrutta, marifraxku, marikankailu, marisorgin, marimoñoña, marimarmita, marizakar, maripittitto, marimarkesa, maripottorro, marikalpar, marizomorro…

11.- Aurrean, trinkotasuna azaltzeko, beti- aurrizkia daramatenak: betigaizto, betizital, betini, betikontra, betilerdo, betikaka, betizikin, betizakar, betizarpail, betitxoro…

12.- Aurrean, kategoria ematen ez duela adierazteko, sasi- aurrizkia daramatenak: sasimaistra, sasimaisu, sasigizon, sasiapaiz, sasimutil, sasineska…

13.- Akats fisikoen berri ematen dutenak: besomotz, entzungor, begibakar, antipar, ipurdifrontoi, ipurdipandero, bularmarmita, mingainluze, begihaundi, hortzaundi, hankamehe…

14.- Irain politikoak: frantximant, frantseskume, piperpotero, hedezuri, txapeloker, sardinzahar, mendizorri, eltzetxo, sudurtalo, trenak ekarritako, hezurbeltz…

15.- Bestelakoak, hau da, aurreko multzoetan sartzen ez direnak: segapoto, arrastelu, gizajopastel, kaxkoi, gizontxaperu, txorimalo, putakume, erretxin, kankailu, kaskailu, bilaba, atorrante…


Irain zerrenda hau, Euskal Herriko ikasle guztiei eskaintzen diet, iraindu nahi dutenean, euskaraz egin dezaten, eta ez erdaraz edota erdal kalkoak erabiliz. Euskara ez da beste hizkuntzak baino gehiago, baina ez guttiago ere. Kode osoa denez,
denetik dauka, eta gainera gure-gurea da.


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude