Ekintzaile gazteen ikur

Iñaki Petxarroman / 2019-03-16/ 367 hitz

Hamabost urte zituela, iaz, Stockholmen inoiz izandako udarik beroenaren erdian, zerbaitek egin zion krak Greta Thunbergi (Stockholm, Suedia, 2003) barruan. Abuztuaren 20a zen, eta Suediako Parlamentuaren atarian esertzea erabaki zuen «Eskola greba klimaren alde» zioen karteltxo batekin. 

Haren gurasoek, Svante Thunberg aktoreak eta Malena Ernman opera abeslariak, uste zuten egun hartako kontua izango zela. Etxera itzuli eta horretan geratuko zela. Baina ez zen halakorik gertatu. Greta nerabeak egunero jarraitu zuen parlamentuko atean esertzen, irailean bozak egin ziren arte. Klima aldaketaren aurkako ekintzaile gazteen ikur bilakatu da.

Protestan hastea ez zen bat-bateko erabaki bat izan. Klima aldaketari buruzko informazioek eragin handia izan dute Thunbergen bizitzan. 11 urterekin depresio luze batean amildu zen, eskolan ikusitako bideo batzuen eraginarengatik. Irakasleek itsasoan pilatutako plastikoen eta izotz galeraren ondorioz gosez ziren hartz zurien joan-etorri desesperatuen bideoak erakutsi zizkieten… Ingurumena nola hondatzen ari zen jakiteak shock egoeran utzi zuen Thunberg. Irudiak baino gehiago, ezin zuen ulertu bere ikaskideek erakutsitako axolagabekeria. Izan ere, klase barruan arreta handiz ikusten zituzten irudiak, baina, patiora irteterako, ahaztuak zituzten, eta solasaldietatik urrunduak. Thunbergek ezin zituen irudiok ahaztu.

Urte batzuk aurretik diagnostikatu zioten Aspergerren sindromea. Hain zuzen ere, gizarte harremanei eragiten dien autismo mota bat da hori, eta nabarmen moldatu du Thunbergen izaera ere, bakartzeko joera baitu.

Urteak pasatzen zirenez eta agintariek klima aldaketaren arazoari adarretatik heltzen ez ziotenez, Thunbergek planto egitea erabaki zuen. Geroztik, hainbat forotatik gonbidatu dute, eta #OstiralakEtorkizunarentzat (#FridaysForFuture) mugimendua eratuz joan da. Haren ekintzek eragin handia izan dute mugimendu horren jatorrian, baina baita haren gurasoen bizimoduan ere. Izan ere, aita begano egin da, hark eskatuta; eta amak hegazkinak hartzeari utzi dio, bere abeslari karrera inguruko agertokietara mugatuta. Ondokoak konbentzitzeko gaitasun handia dauka, gertukoek diotenez.

Zuzen eta ahoan bilorik gabe mintzo da. Hala hitz egin zien, esaterako, iaz, Davosko foroan bildutako agintariei. «Diozuenez, zuen seme-alabak maite dituzue, baina haien etorkizuna lapurtzen ari zarete haien begien aurrean. Erregai fosilek lur barruan geratu behar dute, eta berdintasunaren alde lan egin behar da. Eta irtenbideak ezin badira aurkitu sistemaren barruan, agian sistema aldatu beharko genuke». Antzera hitz egin du gonbidatu duten toki guztietan. Haren hitzek eragin handia izan dute, eta aste honetan eskuinak zapuztu egin du Europako Parlamentuan ematekoa zen konferentzia. Haren hitzak eta itzala munduko sei kontinentetara iritsi dira, ordea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude