Sexua, geneak eta osasun-arreta

Koldo Garcia / 2019-02-21 / x hitz

Agerikoa da emakumeek eta gizonek hainbat ezaugarri ezberdin dituztela. Osasunari dagozkien batzuk ere bai. Adibidez, sexua kontuan ez hartzeak osasun-arretan eragina dumiokardio-infartua ezberdin pairatzen delako bi sexuetan, edota heste minberaren sindromean oinarri genetiko ezberdina dagoelako sexuaren arabera.

Hortaz, badirudi sexuak eragina duela ezaugarri batzuen eta gaixotasun batzuen gene-oinarrian. Nolakoa da sexuaren eta geneen arteko elkarrekintza hori? Gaiari buruz ezaguna dena bildu dute berriki argitaratutako artikulu batean.

Sexua ezaugarri biologiko garrantzitsu bat bada ere, ez da guztiz ezaguna bere eragina gaixotasunak pairatzeko arriskuan, pronostikoan edota tratamenduen eraginkortasunean. Honek emakumeen osasun-arreta kaxkarragoa izatea eragin du. Ezaugarri eta gaixotasun batzuetan sexua faktore garrantzitsua da baina gaixotasun horien gene-oinarria ikertzerakoan, sexua lan gutxitan hartu izan da kontuan.

Izan ere, alde batetik sexu-kromosomak (X eta Y bezala izendatzen direnak) aztertzeko metodologia-eragozpenak daude; eta beste batetik estatistika-mugak daude. Muga hauek gainditzeko teknologiak eta teknikak egokitzen ari dira sexu-kromosomak dituzten berezitasunak kontuan hartzeko; eta biobankuen hazkundeari esker estatistika-mugak gainditzea espero da.

Hiru eredu proposatu dira ezaugarrien eta gaixotasunen gene-oinarrian sexuak duen eragina azaltzeko. Kontuan izan behar da eredu hauek ez direla bateraezinak, hau da, ereduek batera eragingo dutela hein ezberdinean, ezaugarriaren edo gaixotasunaren arabera.

Lehen eredua Carterren efektuan datza da. 1960.eko hamarkadan Cedric Carterrek ikusi zuen emakumeek gutxiagotan pairatzen zutela estenosi pilorikoa delako gaixotasuna, baina gaixotasuna pairatzen zuten emakumeen ondorengoak gaixotasuna izateko probabilitate handiagoa zuela, gaitza zuten gizonen ondorengoak baino.

Hortaz, Carterrek proposatu zuen arriskua sortzen duten gene-aldaera gehiago behar zituztela emakumeek gaixotasuna garatzeko. Horrek eragiten zuen haien semeek gaixotasuna errazago garatzea, gaixotasuna garatzeko arriskua sortzen duten gene-aldaera gutxiago behar baitira gizonetan. Hortaz, eredu honetan, sexuaren arabera gaixotasuna garatzeko arrisku-ataria ezberdina da, gene-zamak modu ezberdinean eragiten baitu. Hau da, gaixotasun batzuetan, gaitza garatzeko sexu batean bestean baino mutazio gehiago behar direla.

Bigarren eredua sexu-kromosomek eragiten dute. Gonaden garapena eta sexu-hormonen adierazpena dira sexu-kromosomen eraginik nabarmenenak. Era berean, X eta Y kromosomak parekatzen ez diren eremuetan, emakumeetan X kromosomak hainbat gene-prozesu jasotzen ditu, bertan dauden geneen funtzionamendua erregulatzeko. Honek guztiak gene mailako ezberdintasunak eragiten ditu emakumeetan eta gizonetan. Gainera, sexu-kromosomak genoma-osoko asoziazio-analisietatik kanpo geratu ohi dira eta, hortaz, oso gutxi aztertu da ezaugarrietan eta gaixotasunetan izan dezaketen eragina.

Azken ereduan geneen eta ingurugiroaren arteko elkarrekintza gertatzen da. Sexua faktore biologiko bezala ez ezik ingurugiroa baldintzatzen duen faktore bat bezala ere ulertu behar da. Kanpoko faktoreak, sexuaren eta generoaren arabera ezberdinak izan daitezke, osasunean eragina duten heinean. Horrela, kontua garrantzitsua da antisorgailuen erabileran, lanarekin lotutako arriskuetan edota estresean. Gainera, hormonek bizitza osoan zehar eragiten dute eta sexuaren arabera hormonen maila eta zikloak ezberdinak dira. Izan ere, jakina da gaixotasun batzuen arriskurako inflexio-puntuak gertatzen direla hormona mailen aldaketak gertatzen diren garaietan (pubertaroan, haurdunaldian, erdiondoan edota menopausian). Esate baterako, gizonek probabilitate handiagoa dute pubertaroan asma garatzeko eta emakumeek pubertaroaren ostean.

Eredu hauek molekula mailan gertatzen diren mekanismoak islatzen dituzte. Mekanismo hauek erabilgarriak zain daitezke sexua eta genetika nola lotzen diren ulertzeko.

Batetik, genomaren funtzioan sexu-ezberdintasunak ditugu. Ezaguna da geneen adierazpen kualitatibo eta kuantitatibo desberdinak gertatzen direla sexuaren arabera hainbat espezietan. Sexuaren araberako gene-funtzionamendu hori ehun, zelula eta gaixotasunetan ikusi da, sexu-kromosometan edo gainontzeko kromosometan kokatuta dauden geneetan. Ezberdintasun hori txikia bada ere, ikusi da emakumeetan eta gizonetan ezberdinak diren ezaugarriekin lotutako geneetan ere gertatzen dela.

Bestetik, gene-erregulazioan sexu-ezberdintasunak ditugu. Jakina da geneetatik gertu dauden gene-aldaerek eragina dutela genefuntzionamenduan eta egituran. Eragin hori populazio, ehun, zelula mota eta zelularen egoeraren araberakoa izateaz gain, kasu batzuetan sexuaren araberakoa ere bada. Era berean, antzeko emaitzak lortu dira epigenetikoak diren erregulazio-mekanismoetan: DNAren metilazioaren patroian eta kromatinaren eskuragarritasunean ere sexuen arteko ezberdintasunak ikusi dira eta, horrek, geneen funtzionamenduan eragin dezake.

Azkenik, badugu hormonen eragina geneen funtzionamenduan. Zelulek inguruan dituzten hormonen arabera, mintzean dituzten hartzaile izeneko sentsoreei esker, geneen funtzionamendua doitzen eta moldatzen dute. Lehenago esan denez, hainbat genek sexuaren arabera adierazpena ezberdina dute: gene horietatik heren bat inguru hormonen eraginpean egon daitezke.

Oro har aipatutako ezberdintasunak txikiak edo sotilak badira ere, guztiak batzerakoan eragin argiak izan daitezke. Eragin horien artean nabarmenena osasun-arreta da. Sexuaren arabera gene-mekanismoak ezberdinak badira, itu terapeutikoak ezberdinak izango dira. Gainera, botiken garapenak ez ditu sexuaren araberako ezberdintasunak kontuan hartzen eta horrek eragin du emakumeetan botika batzuen eraginkortasuna mugatua izatea edota ondorio kaltegarri gehiago izatea. Botikei ematen zaion erantzunak gene-oinarria izan dezakeen heinean, beharrezkoa izango da botiken garapenean sexua kontuan hartzea. Gauza bera gertatzen da tratamenduak sexuaren arabera doitzeko edota osasuntsua dena definitzeko.

Laburbilduz, sexuak ezaugarri eta gaixotasun batzuen gene-oinarrian eragina duenez, ezaugarri horiek ikertzerakoan, gero eta ohikoagoa izango da sexua faktore gisa hartzea. Horri esker, etorkizunean, gene-mekanismoen ezagumenduan sakonduko da eta osasun-arretan hobekuntzak egongo dira, tratamenduak hobeto doituko baitira.

Erreferentzia bibliografia:

Khramtsova et al. (2018). The role of sex in the genomics of human complex traits. Nature Review Genetics 20, 173-190. DOI: https://doi.org/10.1038/s41576-018-0083-1

—————————————————–
Egileaz: Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude