Corpore sano, bai. Baina mens sana?

Leire Narbaiza / 2019-04-04 / 440 hitz

Ez dakit aspaldian mediku azterketarik egin ote duzuen, baina jakingo duzue galdera pila bat egiten dutela. Niri duela gutxi tokatu zitzaidan lanekoa egitea, eta galdeketa sakona da batez ere kirolaren gainekoa: Kirolik egiten duzu? Zein? Zenbat denboraz? Zenbat bider astean? 

Xehetasun guztiak eman behar txintxo portatu garela adierazteko, gorputz osasuna zaintzen dugula esateko. Gainera, normala iruditzen zaigu hala izatea. Amaitutakoan, ostera, buru eta adimen osasunaz ezertxo ere ez zidatela galdetu ohartu nintzen. Ez zidaten itaundu ea zenbat liburu irakurtzen ditudan hilean, eta zein motatakoak. Ezta noiz izan zen kontzertu batera joandako azken aldia ere, edo antzerkira, edo museo batera… Mens sana in corpore sanoaldarrikatzen dute, baina ez dakit, bada. Corpore sano bultzatzen da, baina mens sana?

Kultura kontsumitzea (ai, zein gutxi gustatzen zaidan berba hori!) adimenerako erregaia da, menshorrendako. Eta kontsumitu jarri dudan lekuan gozatu eta disfrutatu jarri behar nuen. Halere, esango nuke, gure gizartean ez dela horrela ikusten, eta entretenimendutzat hartzen duela gure herrikideen zati handi batek. Bestela ez da ulertzen lokal txikiei urtean hamabi ekitaldiko muga jartzea. Arteak Irekik egindako lanaren ondorioz, erretiratu dute proposamen hori, eskerrak! Izan ere, formatu txikiko emanaldi horiek ezinbestekoak dira oinarrizko kulturarentzat, hasiberriek esperientzia hartzeko, publikoak proposamen berriak ezagutzeko… Era berean, jendeak ikuskizunekin topo egitean, ohitura sortzen da, eta bizitzaren parte bihurtu. Zelako gozatua den taberna batera joatea eta antzerkitxoa edota zuzeneko musika izatea! Ez da nahikoa Bruce Springsteen entzutera joatea, edo Berri Txarrak-en azken kontzerturako sarrera lortzea, edo La Pollak bi egunetan BEC betetzea; baina ikuskizun txikiekin zer gertatzen da?

Debako Arte Eskola ere itxi dute. Oteizak sortu zuen 70eko hamarkada hasieran, eta eskulangintzako ofizioen transmisioaz arduratu da azken urteotan. ‘Eskulana ez da artea’ esango didazue, ‘ez da kultura’. Baina profesional barik nola egin ezer?

Kontua da inori ez diotela ardura musikak, antzerkiak, dantzak, literaturak, arte plastikoek… Edergarritzat dauzkate gizarteko arlo askotakoek. Gainera, Euskal Herrian lan produktiboa, esfortzua baino ez da preziatzen, langilea izatea. Musika eta beste arteak, ostera, distrakzioak dira, egonean dagoen jendearen kontuak.

Gurea ez da herri kultua, edo kultuarekiko atxikimendu berezia duena. Sufritzea baloratzen da gurean, kirol balentriak egitea, lanaren ideiarekin lotuta doalako. Kultura behar izanez gero, nahikoa dugu tabernen kulturarekin: jan eta edan.

Euskal burgesia ere ez da izan oso letrazalea, edo mezenasa beste kultura batzuetan bezala. Are gutxiago euskaraz.

Hemen estudiatzen dugu, bai. Oso barneratua dugu formakuntza ona behar dugula, baina betiere lan hobea izateko, titulua edukitzeko. ‘Ikasi euskara’, ‘ikasi ingelesa’ esaten digute, baina beti papera lortzeko, ez beste ezertarako. Inoiz ez digute aholkatu hizkuntzak ikasteko beste bizimodu bat, beste kultura bat ezagutzeko, beti esfortzua diruarekin lotuta.

Irauli beharko dugu panorama, ezta? Hartu liburu bat, joan antzerkira, entzun musika, bisitatu erakusketa bat… Osasunak eskertuko dizu!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.