Eulalia Abaitua, Euskal Herriko lehen emakume argazkilaria

Ane Urrutikoetxea / 2019-04-01 / 458 hitz

Historia liburuetan gizonezkoak izan ohi dira nagusi, emakume izate soilagatik askok ez baitute merezitako ospea eskuratu eta euren lan, zein borrokak anonimatu iraingarrian ahaztuak gelditu baitira. Emakume hauei merezi duten lekua eman nahi izan diegu, etorkizunean belaunaldi berrien erreferente izan daitezen.

Nolakoa zen XIX. mende amaiera eta XX. mende hasierako Euskal Herria? Nola janzten ziren garaiko biztanleak, nolakoak ziren kaleak, paisaiak? Orduko gizartearen pista nabarmen bat badugu, Eulalia Abaitua Allende-Salazar (Bilbo, 1853ko urtarrilaren 25a – Bilbo, 1943ko irailaren 16a) argazkilariari esker da. Bera izan zen Euskal Herriko lehen emakume argazkilaria, eta bere artea amateur bezala hartua izan zen arren (garaian ez zegoen emakume argazkilari profesionalik) ateratako argazkiek profesionalen mailako lana erakusten dute. Baina, nor izan zen Eulalia Abaitua?

Maria Elvira Juliana izenarekin bataiatu zuten arren, jaio eta egun gutxira bere ama hil egin zen, eta, hala, amaren izena hartu zuen, Eulalia. Familia aberatseko kide, Katalunian egin zituen ikasketak; dena den, ez dago bere ikasketen inguruko informaziorik.

1872an, Juan Narciso de Olano y Picavea de Lesaca ontzi jabearekin ezkondu zen Abaitua, eta bikoteak lau seme-alaba izan zituen. Abaituak ez zuen argazkilaritza ezagutu Erresuma Batuko Liverpool hirira bizitzera joan ziren arte, Hirugarren Karlistaldia tarteko. Segituan maitemindu zen argazkilaritzaz, eta kamerak erosi zituen, argazkilaritzako teknikak ikasiz.

Familia Euskal Herrira itzuli zen 1878 inguruan, gerraren amaieran. Bilboko Begoña auzoko basilikaren ondoan etxebizitza eraki zuten: Pino jauregia. Abaituak ez zuen argazkilaritza alboratu, alderantziz; etxeko sotoan argazkilaritza laborategia jarri zuen, eta orduan ekin zion argazkilari gisa egindako bide oparoari. 1943an zendu zen, Bilbon.

ARGAZKILARI KOSTUNBRISTA

Abaituaren argazkiek profesionalen maila zuten, teknika ugari erabili zituelako maisuki. Bere lan kutunenak zuri-beltzean eta 44×107 mm-ko kristalezko plaka estereoskopikoekin eginda daude, beste teknikak ere menderatzen zituen arren. Argazkilari kostunbrista moduan deskribatu daiteke bere lana, argazkietako protagonistak pertsona xume eta umilak direlako, gehienetan erabat anonimoak. Argazki gehienak zuri-beltzean atera zituen arren, badira koloretan ateratakoak ere, autokromo izenekoak. 

Baserritarrak, arrantzaleak, etxeko andreak, zaharrak… argazkilariak bere egunerokotasuneko parte zirenak aukeratzen zituen erretratuak lantzeko. Gainera, argazkietako protagonistak gehienetan emakumeak dira. Hori dela eta, bere lanek balio handiko dokumentu historikoa osatzen dute, garai hartako ohitura, jai eta tradizioak ezin hobeki jasotzen dituztelako. 

Zorionez, bere obretako asko ondo gorde dira gaur egun arte, eta Bilboko Euskal Museoaren bilduman daude. Zehazki, 2.500 argazki inguru daude bertan eta horietako 1.369 ikusteko aukera dute bisitariek. 

XX. mende hasierako emakumezko argazkilari amateur baten lana orduko argazkilari garaikideek aipatzea ez zen batere ohikoa; dena den, Aristides de Artiñano eta Zuricaldayargazkilariak Abaituaren hainbat argazki jasotzen ditu Sra. De Olano ezizenarekin sinatuta. 

Abaitua ez zen profesionala izan, baina argazkilaritza erabat libreki landu zuen, nahi zuena eta gustuko zituen teknikak erabiliz, erabateko askatasunean. Ez zuen bezerorik eta ez zuen soldatarik irabazten bere jardunarekin, eta beraz, bere inguruaren memoria bizia gordetzeko lan egiteko aukera izan zuen, iraganeko testigantza zuzen eta gordina gure garaietara ekarriz. 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude