Jaione Romero, euskaldun bat NASAn

Beñat Hach Embarek Irizar / 2019-05-23 /603 hitz

Jaione Romero (1987) Sartagudakoa da (Nafarroa), eta ilargira eta buelta adina kilometro egin zituen haurtzaroan euskaraz ikasi ahal izateko, Lizarrako ikastolan. Unibertsitatera Iruñera joan eta bi lizentziaturekin atera zen, bat biologian eta bestea biokimikan. Unibertsitatea amaitzean batxilergoko azken urtea egin zuen ingurura itzuli nahi izan zuen, eta horrela amaitu zuen Estatu Batuetan lehenik, eta NASAn ondoren. 

Noiz erabaki zenuen biologia ikastea?

Normalean, batxilergoa hasi aurretik aukeratu behar duzu, “zientziak edo letrak”. Ikastolan oso irakasle onak izan nituen, eta bik asko motibatu ninduten zientziak ikasteko (Maite eta Izaskun). Batxilergoko bigarren urtean unibertsitatea ikustera eraman ninduten nire gelakoekin. Medikuntzarekin erlazionatutako gaiak gustatu zitzaizkidan, baina ez nuen medikuntza praktikatu nahi; ikerketa interesgarriagoa iruditu zitzaidan, eta biologia aukeratu nuen.

Biologia sanitarioan espezializatu zinen lehenik, eta biokimikan ondoren. Nolakoa izan zen ikasketa prozesua?

Orokorrean ona, gure herrialdean hezkuntza oso ona dela uste dut eta jendea unibertsitatetik nahiko prestatuta irtetzen da jakintzari dagokionez.

NASAn, AEBtako espazio agentzian, egiten duzu lan. Nola amaitu zenuen bertan?

Unibertsitatea amaitu baino lehen Estatu Batuetan praktikak bilatzen hasi nintzen ea erabakiren bat hartzen nuen: master edo doktoratua ikasten jarraitu, edo lanean hasi. Uda batean, graduatu aurretik, Kaliforniara joan nintzen lagun batzuk ikustera, eta aukera asko zeudela ikusi nuen. Orduan seriotasun handiagorekin hasi nintzen aukera bila, nire lagunen laguntzarekin. NASAko zentru batean praktikak egiteko aukera eman zitzaidan, eta hautaketa prozesua pasa nuen; karrera amaitu eta hilabete batera bertan praktikak egiten hasi nintzen. Hasieran hiru hilabeteko praktikak egiteko aukera eman zidaten, gero urte batera luzatu, eta ondoren lan kontratu bat eskaini zidaten. NASAk hamar zentro dauzka Estatu Batuetan, horietako bat (NASA Ames Research Center) Kaliforniako iparraldean,  San Francisco ondoan. Silicon Valleyn bizi izan nintzen 6 urte eta erdiz, NASA Ames Research Centerrean lan egiten. Duela bost hilabetetik hona Houstonen bizi naiz. Hemen beste NASAren zentro bat dago, handienetakoa: NASA Johnson Space Center.

Zeintzuk dira, bereziki, bertan dauzkazun zereginak?

NASAn hasi nintzenean nanoteknologia departamentuan nengoen, NASAk eta Mayo klinikak elkarrekin zuten proiektu batean. Proiektuaren helburua bisentsore bat sortzea zen, garuneko estimulazio sakona egiteko,  sistema motorearekin arazoak zeuzkaten gaixoentzat. Nire zeregina biokonpatibilitate ikasketa zen, hau da, egiaztatu edo ebaluatu sentsorearen materialek ez zutela toxikotasunik sortzen. Gero, bioingenieriako departamentura pasa nintzen, eta espaziorako ura birziklatzen hasi, bereziki osmosi zuzeneko mintzak, gernua ur edangarri bihurtzeko. Horretaz gain, oso sartuta ibili naiz NASAko beste proiektu batean: gizakiaren hesteen antza daukan ur birziklatze sistema bat sortu nahian gabiltza, genetikoki eraldatutako bakterioek osmosi sistema baten bidez birsortua.

Sortutako teknologia ura espazioan birziklatzeko da, baina egokitu daiteke lurrean birziklatzeko ere. Izan ere, NASA Ames zentruan badago eraikin bat, “jasangarria” deitzen duguna, eta bertan eskuak garbitzeko ura komunerako birtziklatzen da.

Trump presidentea denetik ze aldaketa jasan ditu NASAk?

Nik esango nuke, orokorrean, NASA agentzia bipartidista dela, hau da, berdin dagoela alderdi demokratikoarekin edo errepublikarrarekin. Trumpek ekarri duen aldaketa handiena da urtero agentziari bideratzen zaion aurrekontua igo egin dela, eta hori lagungarria izango da hainbat ikerketa proiektu aurrera atera daitezen.

Egun existitzen al da, zinez, “lasterketa espaziala” deritzona? Inork egiten al dio itzalik gai honetan Estatu Batuei?

Agentzia espazial ezberdinak egon arren, badago proiektu bat elkarlanean parte hartzen dutena: nazioarteko estazio espaziala. Bertan daude NASA (AEB), Roscosmos (Rusia), ESA (European Space Agency), JAXA (Japon) eta CSA (Kanada).

Inoiz espaziora igotzeko aukerarik izango duzu? Nahi al duzu?

Egia esan ez dago nire lehentasunetan, kar kar kar! Zoriontsuagoa naiz astronautak laguntzen, nazioarteko espazio estazioan egon daitezen; edo lurrean haiei laguntza eskaintzen, esperimentuak egiten eta ikertzen. Azkar esaten astronauta izan nahiarena, baina zinez, sekulako meritua daukate, izugarri prestatutako pertsonak dira eta entrenamendu ordu asko dauzkate. Horretaz gain, ez gara pentsatzen jartzen zeinen arriskatua den, eta zenbait sufritzen duen gorputzak grabitaterik ezaren ondorioz (hezur-masaren galera, erritmo circadianoen alterazioa, erradiazioari esposaketa…).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.