Sexu heziketa bortxaketak ekiditeko

Ander Otaño / 2019-10-23 / 320 hitz

Aurtengo uda ere ez da oso desberdina izan, nahiz eta mugimendu feministak gogor landu duen autodefentsa feminista: aurtengo udan ere bortxaketak izan dira Euskal Herriko hainbat puntutan.

Gehienak hiri nagusietan gertatu dira, eta oihartzun handiena eduki dutenak Bilboko Manada eta Donostiako edo Baionako festetan gertatu diren bortxaketa eta genero indarkeriak izango lirateke. Horie guztiak gaur egungo gizarte patriarkalean hobetzeke legokeen puntu garrantzitsu bihurtu dira.

Azken urteetan, hau ekiditeko hainbat korronte zabaldu dira, eta erakundeen erantzuna beti berbera izan da: aurre egiteko segurtasun neurriak handitu egin behar direla entzun ohi dugu, kamerak ezarriz, udaltzain gehiago kontratatuz… Horrek kostu ekonomikoa handiagotzen du, eta emaitza berdintsua uzten du.

Bada beste bide bat, oraindik gure lurraldean jorratu ez dena, eta Europan eta AEBetan erantzun txukuna izan duena: 8 urtetatik eskolan sexu hezkuntza erakustea, ez antisorgailuak eta Hiesa ekiditeko neurriak bakarrik erakutsiz, baizik eta eredu parekideago bat sustatuz. Izan ere, gaur egungo haurrek, 8 urtetatik aurrera, internet erabiltzen dute, eta hori gurasoen errua da.

Haurrek apustu etxeen eta kontsumismo basatiaren iragarkiak irensten dituzte eta, gainera, heldu izatearekin amesten dutenez, sozializaziorako pausoa emateko eta jarduera sexualaz gehiago jakiteko, pornoa hartzen dute eredu, bertako jokamoldeak imitatuz eta emakumea objektu eta tresna dela pentsatuz. Bertako irudiek emakumea gutxietsi eta esklabo bihurtzea helburu dute.

Estatistikek oso garbi uzten dute non dagoen arazoa, izan ere, 14-18 urte bitarteko gazteen %33k internet bidez jasotzen dute sexu heziketa; horietatik %9,2k pornografia dute irakasle.

Hainbat adituren ustez, komunikatzeko eta harremantzeko zailtasun handiagoa dugu gizakiok, eta, askotan, informazio zuzenik gabe jokatzen dugu. Haurrek, txikitatik ikasi behar dute parekidetasuna, ahalduntzea, aniztasuna eta errespetua zer diren, eta ez esaten eta ez entzuten ere bai.

Norbere gorputza onartzen eta gorputz guztiak desberdinak izan daitezkeela ikusten ikasi behar dute. Lanketa hori ez da egun edo tailer batean egitekoa eta, gainera, hezkuntzan toki finko bat eduki beharko luke, 8 urtetik 18 urtera bitarte iraun behar duen prozesua baita. Neskaren eta mutilaren arteko sailkapena hausteak ekar lezake, denok pertsona parekide eta libre bezala heztea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.