Zergatik gustatzen zaigu abesti jakin bat horrenbeste?

Jaione Dragdrommer / 2019-11-13 / 226 hitz

Gelditu momentu batez eta pentsatu zure abesti gustukoenetako batean. Ahal baduzu sakatu play eta irakurri artikulu hau abestia jarrita duzun bitartean. Ba al dakizu zergatik gustatzen zaizun? Letragatik? Melodia? Zergatik sortzen dizun horrenbesterainoko plazera?

Alemaniako Max Planck institutuko ikertzaile talde batek eduki dezake erantzuna. 80 mila akorde progresio eta 1958-1991 urteetan zehar Billboard zerrendan azaldutako 700 abesti aztertu ostean ondorioztatu zuten plazer musikala ziurgabetasuna eta ezustearen arteko nahasketa batek sortzen duela.

Ikerketak frogatu zuenez entzulea ondoren etorriko den akordeaz ia seguru dagoenean, ezustekoa sentitzeak plazera sortzen du, espero ez den zerbait deskubritzeagatik. Bestalde, entzulea ziur ez dagoenean zer etorri daitekeen ondoren, atseginagoa zaio ondoren datorrena ez bada horren harrigarria.

Vincent Cheung ikertzailearen arabera ziurgabetasuna eta ezustekoaren artean oreka egokia lortzen duten abestiak ditugu atsegin. Abesti arrakastatsuek dirudienez oreka hori egoki mantentzen dute.

Ikertzaileek garuna ere aztertu zuten eta aurkitu plazer musikalaren esperientzia garuneko hiru gunetan aurkitzen dela: amigdala, hipokanpoa eta entzumenezko kortexean. Hiru gune hauek rol garrantzitsua betetzen duten emozioetan, ikaskuntzan, plazerean, oroimenean eta soinuen prozesamenduan.

Bestalde, garuneko accumbens nukleoan ere jarduera behatu zen, eta hain justu gune honek lotzen ditu plazer musikala, espektatibak eta ezustea. Laburbilduz, gure aurreikusteko gaitasuna oso garrantzitsua da soinu sekuentziek esanahi afektibo bat sortzeko.

Horretaz gain, abesti batzuk zergatik gustatzen zaizkigun ikertzeaz gain, aurkikuntza honek musika artifizialaren algoritmoak hobeto ditzake, konposatzaileei lagundu edo joerak aurreikusi ditzake. Artea, dantza edo zineman ere aplikagarria izan liteke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude