Belarritakoek markatzen gaituzte

Leire Narbaiza / 2019-12-06 / 410 hitz

Gure belaunaldiko emakumeoi, jaio bezain laster, oraindik amategian geundela, gauza bi egiten zizkiguten: bataiatu eta belarrietan zuloak, belarritakoak janzteko. Orduan bataioa derrigorrezkoa zen, eta Euskal Herria katolikoegia sakramentu garrantzitsuenari uko egiteko. Ahalik eta lasterren kristau bihurtu, hiltzeko arriskua bizia zelako. 

Zeremoniara ama ezin zen joan, batetik klinikan zegoelako, eta bestetik elizan sartzeko ezpurua zelako, berrogei egunez lohia Elizaren begietan. Aurreragoko emakumeek etxetik ere ezin zuten irten koarentena bitartean, andrazkoa izatea beti izan delako kontu zikina gizarte atzerakoiarendako; hain zikina, non Ama Birjinaren tituluetako bat “sortzez garbia” den, bekaturik gabekoa, alegia. Garbia. Hara hor gakoa, araztasuna. Detergente merke baten iragarki iruzurtia dirudi guztiak.

Ez dakit zein ordenatan izaten zen belarriak zulatu eta bataiatzearena, baina markatuta irteten ginen sortu ginen ospitaletik. Izan ere, bataioa eta belarritakoak markak dira. Bata, erlijio marka, sekula ez digutena kenduko, inoiz ez gaituztelako euren erregistroetatik ezabatuko, apostasiak apostasia. Bestea, emakume marka.

Janzteko osagarriak oso gustuko ditut, eta, zelan ez, belarritakoak. Ez dakit zenbat pare ditudan, azken boladan 3-4 baino erabiltzen ez ditudan arren. Urteekin metatu ditudanak, batzuk, bakarka, galdu eta apurtu bazaizkit ere. Askotan oparitu didaten apaingarria, esker oneko erregalua.

Ahaztu ez bazaizkit, behintzat, ez naiz inoiz kalera arrakada barik irteten; ispiluan begiratu eta zerbait falta zaidala begitantzen zait, biluzik moduan sentitzen naiz. Ezinbesteko txinparta belarrietan, nire parte bat, finean.

Halako komentario batengatik emakume bati irakurri nion txio bat. Asaldatuta zegoen, eta zioen ikaragarria iruditzen zitzaiola biluzik sentitzearena, gizarteak emakume garela identifikatzeko tresna gure partetzat hartzen genuelako.

Zapalkuntzaren biribiltze perfektua.

Mindu egin nintzen hasieran, baina, pixka batean hausnartu ostean, arrazoia zuela pentsatu nuen. Zeren, zertarako egiten zizkiguten belarrietako zuloak —zuloak ez ezik, belarritakoak jantzi ere bai— hain goiz, guri galdetu gabe? Markatzeko, ganadua markatzen den moduan. “Zein neska polita” esan ziezaguten kalera ateratzen gintuztenean, denek jakin zezaten emakumeak ginela. Betiko.

Behin zartziloak jantzita, ez genituen eranzten. Urteetan egon gintezkeen belarritakoak kendu barik, ezta lotarako ere. Nola ez ziren, bada, gure autoirudiaren zati izango, beti hor egonda? Ezinbestean, gure aurpegiaren parte bihurtu genituen.

Zorionez, gaur egun neskatoak ez dira ospitaletik zuloak eginda irteten. Beharbada, denbora gutxira egingo dizkiete, baina berariaz eroan beharko dituzte neskatilak mutilatu eta markatzera. Bidean galduko da baten bat, nagusiagoa denean erabakiko duena zer egin bere belarrietako gingilekin. Era berean, mutilek ere zulatzen dituzte belarriak; ez da emakumeen kontua soilik. Beraz, orain ez dira hain markagarriakarrakadak. Baina, lasai, gizarteak segitzen du-eta emakumeak egiten, ez garelako emakume jaiotzen, Simone de Beauvoirren arabera. Hori, ordea, Irene Arraratsek euskaratutako Bigarren sexua irakurtzean kontatuko dizuet, argitaratu berri dago-eta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude