Bai, auto garestien gidariek okerrago gidatzen dute

Edu Lartzanguren / 2020-02-03 / 424 hitz

Finlandiako ikertzaile batek gidarien soslai psikologiko bat egin du, eta baieztatu du aurreiritzia: «gizon ezatseginek» luxuzko ibilgailuak aukeratzeko joera dute.

BMW, Mercedes, eta Audi moduko autoen gidari askok trafiko arauekiko errespetu gutxiago dutela oso zabalduriko ustea da. Bekaizkeriak eraginda, agian? Finlandiako psikologo batek gai hori ikertu du, eta baieztatu egin du aurreiritzia: «Gizon desatseginek, eta jende zorrotza orokorrean, joera handiagoa dute luxuzko autoak gidatzeko».

Jan-Erik Lonnqvist psikologia sozialeko irakaslea da Helsinkiko Zientzia Sozialetako Eskola Suediarrean. Nortasun azterketa bat egin die Finlandiako 1.892 auto jaberi. Horretarako, azterketa estandar batez baliatu da; bertan, neurtzen da pertsona bat noraino den irekia, zorrotza, neurotikoa, kanporakoia eta atsegina. Horrez gain, diru sarrerei, bizimoduari eta kontsumo ohiturei buruzko galderak egin dizkie; besteak beste, zer auto mota duten. «Konturatu nintzen semaforoak gorrian pasatzen dituztenek, oinezkoei bidea ematen ez dietenek eta azkarregi eta modu arriskutsuan gidatzen dutenek askotan Alemaniako auto azkarrak dituztela», esan du irakasleak, Helsinkiko Unibertsitateak prentsa ohar batean argitaratu duenez.

Eta erantzunek argi erakutsi dute aurreiritzia zuzena dela. «Gizon nartzisista, gatazkatsu, setatsu, desatsegin eta enpatia gutxikoek askoz joera handiagoa dute luxuzko auto bat gidatzeko, Audiak, BMWak edo Mercedesak, kasurako». Ez da, gainera, joera baieztatzen duen lehenengo ikerketa. Kaliforniako Unibertsitateko (AEB) Paul K. Piff irakasleak 2013an plazaraturiko ikerketa batek ondorioztatu zuen klase altuagoko jendeak joera handiagoa duela etikaren aurkako portaerak edukitzeko.

Lonnqvistek, ordea, beste ikuspegi batetik heldu dio gaiari: haren arabera, luxuzko autoak gidatzea lotuta dago aberastasunarekin, noski, aberatsek beti edukiko dute errazago luxuzko gauzak erostea. Baina arazoaren muina «ez da aberastasunak jendea usteltzen duela, askotan esaten den bezala», adierazi du irakasleak. «Haatik, nortasun joera batzuk, jatortasunik eza, esaterako, biekin lotuta daude: etikaren kontra gidatzearekin eta luxuzko auto bat edukitzearekin, alegia». Hau da, aberats ez diren soziopatek ere halako autoak erosteko joera dutela, ibilgailu horietan proiektatzen dutelako zer izan nahi luketen. «Askotan, euren burua besteen gainetik ikusten dutenak dira, eta hori besteei erakutsi nahi diote».

Jende zorrotza ere bai

Psikologoak izenburu probokatzailea jarri dio ikerketari: Ez dira bakarrik txotxoloak Mercedesak gidatzen dituztenak. Izan ere, azterketaren bidez ondorioztatu duenez, beste ezaugarri psikologiko bat duen pertsona batzuek ere joera dute auto garestiak aukeratzeko: jende zorrotzak. Fidagarriak direnak, asmo handikoak, ongi antolatutakoak, eta lanean finak direnak sartzen dira multzo horretan: «Lotura dago, ziurrenera, pertsona horiek garrantzi handia ematen diotelako kalitateari». Luxuzko autoak gidatuta, eurak ere «fidagarriak» direla erakutsi nahi dute, irakasleak azaldu duenez.

Gizonez mintzo da ikerketa. Izan ere, nortasun desatseginaren eta luxuzko autoen inguruko lotura bakarrik gizonezkoen artean topatu du ikertzaileak, ez emakumezkoen artean. Zergatiaz erantzun argirik ez duela esan du. Beharbada hala gertatzen da emakumeek ez dituztelako autoak aukeratzen estatusa erakusteko ikur gisa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.