Egonezinaren lurraldeetan

Mikel Lizarralde / 2020-02-04 / 645 hitz

Gaur 25 urte hil zen Patricia Highsmith, XX. mendeko literaturak eman duen idazle aztoragarrienetako bat. Genero kriminala landu zuen batik bat, eta pertsonaia anbiguoek bete zituzten haren lanetako orrialdeak. Haren lan ezagunetako bat euskaratu berri dute: ‘Lardaska’.

The Observer igandekariak esan zuen Patricia Highsmithek gizakien inguruan idazten zuela armiarma batek eulien gainean idatziko lukeen jakinduriarekin. Analogia horrekin jarraituta, esan liteke idazle estatubatuarrak gizon-emakume arruntak korapilatzen zituela bere sareetan, giro itogarri batean murgilarazi, eta arrunkeriatik ateratzen zituela modu horretan. Patricia Highsmith gaurko egunez hil zen (AEB, 1921-Suitza, 1995), orain dela 25 urte, eta albiste iturri da oraindik ere, Txalaparta argitaletxeak Lardaska kaleratu berri baitu, Josu Barambonesek itzulia. Euskal Herrian literatura beltza sustatzeko (H)ilbeltza beka irabazi zuen Barambonesek proiektu horrekin.

Literatura beltzaren zaku erraldoian sartu izan badute ere, genero bat baino gehiago landu zituen Highsmithek. Haren lanetan, bazterrekoak dira polizia ikerketak, eta apenas azaltzen den detektiberik, baina hilketek protagonismo ia lazgarria dute istorioetan, eta hiltzaileek erakarmen handia dute. «Gehien interesatzen zaidana erruaren ondorioak dira», esan zuen behin.

Hiltzaile bat da, hain zuzen ere, Highsmithen pertsonaiarik ezagunena: Tom Ripley. Ripley trebea-rekin —1955ean argitaratu zuen, eta Igelak kaleratu zuen 1999an euskaraz, Asun Garikanok itzulita— abiatutako tetralogiako protagonista moral handirik gabeko pertsona da, bere interesak defenditzeko norbait hil behar badu hiltzen duena: irakurleari atsegin egiten zaion hiltzaile bat. «Egunkaria irakurtzen aurkitzen ditugun hiltzaileen erdiak adimen urrikoak eta sentikortasunik gabekoak izaten dira. Ripley nahiko adimentsua da, eta izaera amorala du. Moral estereotipatuarekin, zeina askotan hipokrita eta faltsua den, kontraste interesgarria aurkitzen dut hor». Horrela arrazoitu zuen Highsmithek Ripleyren sorrera eta garapena. Eta gaineratu zuen, ohi bezain zorrotz: «Tentelekin ezinezkoa da istorio interesgarriak egitea». Ripley ez da psikopata liluragarri bat, baizik eta bere zalantza eta kontraesanekin bizitzera kondenatutako pertsona bat, eta, askotan, beste erremediorik ez duelako hiltzen du azkenean.

Ripley haren pertsonaiarik ezagunena badu ere, haren eleberririk aipatuenetako bat Strangers on a Train da (1950), Highsmithek argitaratu zuen lehena, eta jende askok Alfred Hitchcockek egindako egokitzapenaren bitartez ezagutzen duena, nahiz eta Raymond Chandler gidoilariak askatasunez moldatu zuen. «Hitchcockek aldatu egin zuen nire eleberria, baina beti egongo naiz harekin eskertuta, hari esker jarraitu ahal izan nuelako idazten eta idaztetik bizitzen». Baietzaren aurretik, bost ezezko jaso zituen eleberria bidali zien beste horrenbeste editorerengandik.

Strangers on a Train argitaratu eta bi urtera, The Price of Salt kaleratu zuen, Claire Morgan ezizenarekin. Highsmith lesbiana zen, eta bi emakumeren arteko maitasun harremana kontatu zuen nobela horretan. Urteetan, ordea, bizkarra eman zion lan horri, lotsa ematen ziolako maitasun istorio bat kontatu izanak: «Kiratsa dario nobela horri», esan zuen behin baino gehiagotan, urteekin hobeto baloratzera iritsi bazen ere.

Hilketa bikoitza

Lardaska-k —jatorrian, The Blunderer, 1954— hilketa batekin amets egiten duen protagonista bat du. Berez, Walter Stackhouse abokatu gazteak bizimodu ederra du. Maite du Clara emaztea, nahiz eta hari egozten dion gero eta lagun gutxiago izatea eta bera baino gehiago maitatzea Jeff txakurra. Egun batean, Helen Kimmelen hilketaren albistea irakurriko du egunkarian, eta ideia bat hasiko zaio bueltaka buruan: eta Clara desagertzen bada? Hipotesi hori, baina, egia bihurtuko da, eta Clararen gorpua bide bazter batean aurkituko dute. Kimmel anderea aurkitu zuten bezalaxe.

Highsmithen nobeletan ohi denez, Lardaska-n egonezina hedatzen da istorioak aurrera egin ahala. Pertsonaia nagusiak ez ezik, irakurlea ere harrapatzen du egonezin horrek. Eta idazlearen lan gehienetan bezala, liburuak pertsonaien psikologian arakatzen du, pentsatzen dutena eta egiten dutena zenbaitetan ez baitatoz bat.

Izan ere, Highsmithen literatura genero bat da bere horretan, nahiz eta asko diren haren itzalari segitu nahi izan dioten idazleak, edo haren eragina aitortu dutenak. Ingrid Noll alemaniarrak, esaterako, Highsmithek nobeletan sortutako giro itogarriak jaso izan ditu bere liburuetan—umoreari bizkarra eman gabe—, eta domestic noir izendatu den generoko idazle ezagun eta arrakastatsuek (Gillian Flynn, Paula Hawkins) zor bat baino gehiago daukate harekin.

1995ean hil arte, hogei eleberri baino gehiago eta hamar ipuin liburu argitaratu zituen Highsmithek, eta horietako lau daude euskarara ekarriak: Ripley trebea-z eta Lardaska-z gainera, Poliki, poliki haizetan (Elkar, 1988) eta Ripleyren jokoa(Igela, 1995).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.