Euskal Gaizkileak: Belateko lapurrak

Beñat Hach Embarek / 2020-02-04 / 482 hitz

Euskal Herrian bidelapurren inguruan kontatzen den istorio basati eta gordinenetakoa da Belateko lapurrena. Mugimendu handia zegoen portu hartan, Iruñera iristeko edo Iruñetik kostalderantza. 1809 eta 1817 urte artean aritu ziren Belateko lapurrak lanean, mugimendu horretatik probetxua atera nahian, eta hamaika krimen burutu zituzten. Nafarroa mailan bide garrantzitsua zenez, bidaiariak babesteko talde bat sortu zen: Lantzeko Guardianoak. Zenoz anaiak, Juan Martin, Pedro Martin eta Pedro Esteban, eta laugarrena Juan Bautista Lantz, Zenoz anaien koinatua.

Eta hortxe dago istorio honen mamia… Lantzeko guardianoak eurak zirelako Belateko lapurrak.

Lehenik, guardiano gisa, bidaiariak eskoltatzen zituzten, eta kaminoan beraien poltsaren pisua neurtzen zuten galderak eginaz. Txanpon hotsak merezi zuela ondorioztatuz gero, bideko tokiren batean agurtu eta handik kilometro batzuetara erasotzen zituzten bidaiariak, mozorrotuta.

Lapurretak egiteaz gain, batzu-batzuk ere hil omen zituzten lapurrek, eta gorpuak Almandozeko leize batera botatzen zituzten. Leize honen kokalekua jakina da: Almandozeko herrian, Belateko portuaren 35. eta 36. kilometroen artean, eskuinerantz irteten den kaminotxo bat hartu behar da, San Blaseko bentatik Almandozeko usategietara doana. Bertan, Barazelaiko ordokian, bada leize zulo bat dolina baten aldamenean. Sei bat metroko arrapala dauka, eta jarraian 35 metroko zulo bertikala. Horra botatzen zituzten eurekin gurutzatzeko zorigaitza izan zuten gizagaixoak.

Belateko lapurren istorioa detaile handiz kontatu zuen Jose Maria Iribarrenek “El moro corellano y los bandidos de Lanz” liburuan. Iribarrenek istorioaren berri izan zuenean Lantzeko apaizarekin jarri zen kontaktuan, eta bere kasa bildutako informazioa eta abadeak eman ziona elkartuta idatzi zuen liburua.

Lapurrak ikazkinak ziren. Behin baino gehiagotan jendea eurak egindako lapurreten salaketa jartzera joan, eta lapurren bila abiatzen zirela irudikatzen zuten. Hasieran jendea engainatuta zeukaten, baina denborak aurrera egin ahala geroz eta gehiagok zekiten egia, baina sekretua ez zen asko zabaldu, ikaragarrizko beldurra baitzien jendeak guardianoei.

Anozibar herriko Salbatorena etxeko nagusiak aurre egin zien, baina heriotzarekin ordaindu zuen bere ausardia.

Azkenean harrapatu zituzten. Diotenez, euretako batek salatuta, behin ez zutelako berekin partekatu lapurreta bateko altxorra. Batek daki. Guk podcasterako beste bertsio bat aukeratu genuen…

Joxe Migel Gorraiz izeneko seminarista batek idatzi utzi zituen bere koadernoan Lantzekoen exekuzioaren nondik-norakoak: lau gizon hil zituztela zintzilikatuta, denak Lantzekoak, eta bosgarren bat ez zutela hil 18 urte zeuzkalako, baina exekuzioak ikustera behartu zutela soka bat lepoan jarrita.

Bidelapurren gorpuak zatikatu egin zituzten eta hainbat krimenen eszenatokietan jarri: baten burua Anozibarreko Angiliturrin, beste batena Lantzeko Ganbo iturrian, beste batena oraindik “Aurpegi” deitzen zaion Ultzamako paraje batean, Almandozeko leize inguruan ere jarri zuten gorputz atalen bat…

Exekutatu zituzten egunean bertsolari bat zegoen publikoan, eta ez kanpotik joana, baizik eta bera ere presoa zelako. “Gauza bat deklaratzen” izeneko bertso sorta idatzi zuen, Oskorrik musikatu zuena. Oskorrik zuzenean jo zuteneko bertsio bat argitaratu zuen “Pub Ibiltaria” diskan, baina Nacho de Felipek argitaratu gabe zegoen bertsio bat utzi du gure eskutan, estudioan grabatua.

Euskal gaizkileak seriea:

Euskal gaizkileak: Goizuetako Joxe Etxegarai
Euskal gaizkileak: Estudiante bizkaitarra
Euskal gaizkileak: Aiako Jose Frantzizko Tejeria
Euskal gaizkileak: Mendaroko Jose Larrañaga
Euskal gaizkileak: Luis Beaumont, Leringo Kontea
Euskal gaizkileak: Berueteko Goñi anaiak
Euskal gaizkileak: Martin Larralde
Euskal gaizkileak: Itziarko Luxiano, “Mekatxis”

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude