Asterix umezurtz gelditu da

Mikel Lizarralde / 2020-03-25 / 624 hitz

Albert Uderzo hil da, mende erdiz komikiko pertsonaia ezagunaren marrazkilaria izan zena. Rene Goscinnyrekin batera sortu zuen Erromatar Inperioari aurre egiten dion galiarraren figura.

Kristo aurreko 50. urtea. Erromatar legioek galiarrak garaitu dituzte, eta azken horien buruzagiak, Verzingetorixek, armak utzi ditu Julio Zesarren oinetan. Porrot horren ondoren, Galia osoa okupatu dute erromatarrek. Osoa? Ez! Bada oraindik konkistatzaileei aurre egiten dien herrixka bat… Orain dela 60 urte pasa lehen agerpen publikoa egin zuenetik, 30 album baino gehiagoren protagonista izan da Asterix, eta milioika aldiz irakurri dituzte mundu osoko haur eta helduek erromatarrei edabe magiko baten laguntzarekin kontra egiten dien herrixka horren abenturak. 1959an sortu zuten Asterix Rene Goscinnyk eta Albert Uderzok. Gidoigilea lehena, marrazkilaria bigarrena. Goscinny 1977an hil zen, Uderzo umezurtz utzita; eta atzo ilustratzaileak jarraitu zion. 92 urte zituen, eta azken urteetan pertsonaiak ilustratzaile eta idazle gazteagoen esku utzita bazituen ere, segitzen zuen izaten Asterix eta Obelixen aita.

Albert Uderzo (Fismes, Frantzia, 1927) Bigarren Mundu Gerra amaitu berritan hasi zen bidea egiten ilustratzaile gisa, eta, berehala, Parisko marrazkilari ezagunenetakoa bilakatu zen Flamberge, Clopinard eta haren eskuetatik ateratako beste pertsonaia batzuei esker. 1951n Goscinny ezagutu zuen, eta, elkarrekin hainbat lan egin ostean, 1959an Pilote aldizkariaren gidaritza hartu zuten. Agerkari haren lehen zenbakian azaldu zen lehendabiziko aldiz Asterix. Handik bi urtera, baina, eta aldizkarian lortu zuen oihartzunari erantzunez, Asterixen lehenengo albuma argitaratu zuten: Asterix galiarra (1961). Hor zeuden aurkeztuak oinarrizko abiapuntua, eta baita pertsonaia nagusiak ere: Asterix heroi txiki eta borrokalaria; haren lagun banaezina, Obelix, txikitan edabe magikoaren eltzera erori ostean indar ikaragarria duen gizonkote xalo eta maitagarria; Panoramix druida zaharra; Asuranzeturix, inor gutxik jasan dezakeen bardoa; Abrarakurzix, zerua egunen batean burura erortzea beldur bakartzat duen tribuko buruzagia…

«Galiarren gaia aukeratu genuen frantziarren historia delako», azaldu zuen Uderzok orain hamar urte, Asterixek mende erdia bete berri zuenean: «Aurkitu genuen modu egoki bat galiarrak eta erromatarrak aurrez aurre jartzeko. Azken batean, David eta Goliaten arteko borroka da hori, borroka desorekatu bat». Biek, Goscinnyk eta Uderzok, garbi zuten ez zutela ohiko superheroi bat eraiki nahi. «Garai hartan, Supermanen ildoko heroiz inguratuta geunden: itxura onekoak, indartsuak, gihartsuak…».

Komikiak berehala lortu zuen arrakasta, eta bikoteak jarraian idatzi, marraztu eta argitaratu zituen beste hainbat lan, herrixkaren bizimoduan eta pertsonaien nortasunean sakonduko zutenak: Urrezko igitaia (1962), Asterix eta godoak (1963), Asterix gladiadorea (1964), Asterix Galiako itzulian (1965), Asterix eta Kleopatra (1965)… Album horietan nahiz aurrerago egingo zituztenetan, Goscinnyk eta Uderzok Frantziaren nahiz beste herrialdeen gaineko topikoen inguruko umorea izan zuten bidelagun nagusia. «Asterix parodia bat da», aitortu zuen gidoilariak: «Esango nuke, hain zuzen ere, frantziarren chauvinismoaren parodia dela […], eta herrialde bakoitza ezaugarritzeko topikoetara jo behar dut; topikoez barre egin behar dut herrialde bakoitza ezaugarritzeko».

1977ra bitartean, 24 album egin zituzten elkarrekin, baina urte hartan gidoigilea hil egin zen ezustean. «Goscinny hil ostean, bi urte egin nituen zer egin ez nekiela», esan zuen gerora marrazkilariak: «Irakurleek gutunak idatzi zizkidaten, eta gehienen mezua garbi jaso nuen: ‘Ulertzen dugu lur jota egotea, baina ulertu behar duzu pertsonaia hau dagoeneko ez dela zurea, baizik eta irakurleena. Eta, beraz, segitu behar duzu Asterixen abenturak kontatzen’». Hasieran ez zen «eroso» sentitu idazten. «Hori ez zen nire esparrua, baizik eta Goscinnyrena. 26 urtez egin genuen lan elkarrekin, eta oso ondo nekien nola heltzen zien gai guztiei umorez». Heldu zion idazketari, baina, eta erritmo patxadatsuago batekin bada ere, berak idatzi eta marraztutako Asterixen hainbat lan argitaratu zituen hurrengo urteetan: Zanga handia (1980), Asterixen semea (1983), Asterix Indian (1987)… harik eta 2011n pertsonaiaren abentura berriak asmatzeko ardura komikigile gazteagoei utzi zien arte.

Utzia zuen Asterix, baina Asterixek berekin segitzen zuen, munduko milioika haur eta heldurekin segitzen duen moduan. Ez baita nolanahikoa Asterixek lortu duena. 111 hizkuntzatara itzuli dute —euskaraz ere, bi salbu, album guztiak daude argitaratuak—, eta 2017an 356 milioi album zeuden salduta mundu osoan. «Bere independentzia ez galtzeko borrokatzen den pertsonaia txiki hau edozein herrialdetan bihurtzen da gertuko. Edozeinek irakur dezake Asterix egunen batean Asterix izango den itxaropenarekin».

Creative Commons lizentzia

lan hau Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa lizentzia baten mende dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.