Edurne Pasaban, alpinista: «Askatasuna eman dit niri mendiak; nik hari, historia apur bat, agian»

Unai Ugartemendia / 2020-04-21 / 1270 hitz

Maiatzaren 17an beteko dira hamar urte Pasabanek hamalau zortzimilakoak osatu zituenetik. Lehen emakumea izan zen hori lortzen. Hamarkada bat behar izan zuen horretarako. Balentria lortzen une politak eta garratzak bizi izan zituen.

Berrogeialdiak bere egunerokoan ere «geldialdia» ekarri duela aitortu du Edurne Pasaban alpinistak (Tolosa, Gipuzkoa, 1973), elkarrizketa hasi orduko. Baina hitz egiteko gogoz dago. «Lasai, kafe bat prestatzen ari naiz, eta ez dut presarik!» Komunikatzaile ona da.

Non harrapatu zaitu berrogeialdiak?

Vielhan [Aran bailara, Herrialde Katalanak] harrapatu gintuen, eta hemen gelditu behar izan dugu.

Zer moduz daramazu?

Ez naiz kexatzen. Aste batzuk besteak baino hobeto igaro ditut, baina aldaketa handirik gabe nabil. Idazteko, umearekin jolasteko eta entrenatzeko baliatzen ari naiz. Besterik ezin da egin. Txikiak ematen dit pena gehien. Esna dagoenean, egun guztia berarekin egotea nahi du. Eskerrak etxean patio txiki bat dugun, bera bizikletarekin ibiltzeko!

Datorren hilean beteko dira hamar urte hamalau zortzimilakoak osatu zenituenetik. Zer duzu gogoan aurrenekoaz?

1997an, Oargi mendi taldean nengoenean, hasi ginen lehenbizikoz Himalaiarekin pentsatzen. Zortzimilako batera joan behar genuela pentsatu genuen, baina ez genekien nora. Pili Ganuza eta Gregorio Ariz ezagutzeko aukera izan genuen orduan. Haiek izan ziren zortzimilako batera joan ziren lehen euskal herritarrak, Dahulagirira [Nepal, 8.167 metro] 1979an. Haiek emandako informazioarekin abiatu ginen gu ere 1998an. Latza izan zen! Espediziorako dirua biltzeko, inauterietan taberna bat muntatu genuen Tolosan, baina, ilegala zela eta, ostegun gizenean alkateak itxi egin zigun. Arratsaldean, manifestazio bat egin genuen haren etxeko atean. Hurrengo egunean, berriro ere taberna irekitzeko baimena eman ziguten. Espedizio hartarako behar genuen diru guztia bildu genuen.

Hurrengo urtean berriro itzuli zinen Himalaiara.

Bai. Nire mendi taldekoek joateari utzi egin zioten arren, ni joan egin nintzen. 1998ko Dhaulagiriko espedizioan, oinarrizko kanpalekuan Silvio Mondinelli italiarra ezagutzeko aukera izan nuen.Harekin harreman bat hasi nuen, eta 1999an, Everesteko iparrera joateko aukera eman zidan. 2000. urtean berriro itzuli ginen, baina azkenean 2001ean izan zen Everesteko bide arruntetik igo nuenean. Nire lehen zortzimilakoa izan zen.

Lehen zortzimilakoa igo eta gutxira, espediziokide bat galdu zenuen Dahulagirin, Pepe Garces. Zer izan zen zuretzat hura galtzea?

Bost kide ginen espedizio hartan: Silvio Mondinelli, Mario Merelli, Carlos Soria, Pepe Garces eta ni. Dahulagirin saiakera bat egin eta gero, jaitsieran erori egin zen. Espedizio batean galdu nuen lehen kidea izan zen. Bere denda nirearen ondoan zegoen, eta beheko kanpalekura jaitsi eta hura bildu beharra oso gogorra izan zen.

Amesgaiztoa ez zen hor amaitu. Bertan zeundela, euskal mendizaletasunaren historiako inoizko istripurik handiena gertutik bizitu zenuen: Pumorikoa.

Katmandun, Pepe Garcesen paperak egiten ari ginela, Pumoriko istripua izan zela deitu zidaten. Ni nintzen inguruan zegoen euskal mendizale bakarra. Euskal Herritik deitu ziguten, eta Benantxio Iruretarekin harremanetan jarri ginen. Bertara inguratu ginen ea zerbait ikusten genuen, baina han gelditu ziren haiek ere. Hura ere oso gogorra izan zen

Horrelakoetan, zer pasatzen da burutik?

Denetik. Baina lehenengo pentsamendua zera da: «Niri ezin zait horrelakorik gertatu». Baina gertukoren bati pasatzean, pentsamolde hori asko aldatzen da. Edozeini gerta dakiokeela konturatzen zara. Gero, denborarekin, azala egiten da, esperientzia gehiago hartzen da. Helduago egiten zara… 28 urte nituen, eta gertakari hark gogortu egin ninduen.

2003 urtea bikaina izan zen zuretzat; Lhotse (Nepal, 8.516 metro), Gasherbrum I (Nepal, 8.035 metro) eta Gasherbrum II (Nepal, 8.068 metro) igo zenituen bi hilabeteren buruan. Nola duzu gogoan?

Oso urte ona izan zen hura. Udaberrian, Ibarrako Jon Goikoetxea Boli-rekin Lhotsera joan nintzen. Bikain pasatu genuen! Gailurrera iristea ere ederra izan zen. Denak Everesten zeudenez, gu bake-bakean ibili ginen Lhotsen. Ondoren, udan, Pakistanera joan nintzen, Al filo de lo imposible programarekin. Lehen aldia izan zen haiekin, eta aldaketa handia nabaritu nuen; profesionalagoa zen dena. Konturatu nintzen zein ondo nengoen haiekin espedizio batean! Orduan, Kirolgik diru laguntza bat ematen zidan, 6.000 eurokoa. Baina urtean bi espedizio egiteko ez zen nahikoa izaten. Lanera joan behar nuen, elastiko eta txartel mordoa saldu, aitari dirua eskatu, anaiari ere bai… Banekien, aukera ondo aprobetxatuz gero, etorkizunean espedizio gehiagora joan ahalko nintzela.

2004an K2 (Pakistan, 8.611 metro) igo zenuen. Zure ibilbideko lehen mugarria izan al zen?

Beste jauzi bat izan zen hura. K2ra nindoan lehen aldia zen, eta igotzen amaitu nuen. Estatistikoki ia ezinezkoa den gauza bat da hori. Izugarrizko taldearekin joan nintzen: Ferran Latorre, Mikel Zabalza, Juan Vallejo, Juanito Oiarzabal… Gogoan daukat: hara joateko gonbita egin zidatenean, beldurtu egin nintzen. Pentsatzen nuen: «Baina zer egiten dut nik hauekin?». Ikaragarri ikasi nuen. K2 eta gero, beste ondoren bat egon zen nire bizitzan.

Beste mugarria Kangchenjunga (Nepal, 8.598 metro) igo eta gero izan zen. Orduan erabaki zenuen hamalau zortzimilakoak osatzea?

Baietz esango nuke. Nire hamabigarren zortzimilakoa zen, eta hura erronka handia izan zen. Handienetako bat zen Kangchenjunga. Jauzi handia dago 8.000 pasatxako eta 8.500 metroko mendien artean. Oxigenorik gabe gindoazen, gainera. Dena ondo zihoan, baina jaitsieran gauzak asko okertu ziren. Izoztuekin itzuli ginen Alex Txikon eta biok. Orduan konturatu nintzen zein garrantzitsua zen lagun talde on bat izatea alboan. Argi daukat haiek gabe orain ez nintzela hemen egongo.

Azken gailurra Shisha Pangma (Tibet, 8.027 metro) izan zen. Bosgarrenean lortu zenuten gailurra. Zer dela eta?

Bai. Dahulagiri hirugarrengoan igo nuen, eta Shisha Pagma, bosgarrenean. Uste dut inoiz ez geniola eman inolako garrantzirik mendi horri. Denetan baxuena da, eta beti besteen azpian uzten genuen. Pastelari ginga jartzea bezalakoa izan zen. Horregatik izan zen azkena.

Hamar urte horietan unerik politena zein izan zen?

Agian, K2 mendia igo eta ondorengo jaitsiera. Oso gogorra izan zen, eta berandutu egin zitzaigun, baina jaitsieran eguzkia nola sartzen zen ikustea izugarria izan zen. Baita Baltoro glaziarraren irudia ere.

Eta txarrena?

Asko izan dira! Baina agian, aipatu bezala, soka lagunen bat galdu dudanean. Izugarriak izan ziren Pepe Garcesen heriotza, edo Taillonen [Pirinioak, 3144 metro] galdu nituen Luis Mari Pikabearen, Xabier Zubietaren eta Xabier Saralegiren galerak. Bigarrengo hori kolpe oso gogorra izan zen niretzat! Oraindik ere askotan negar malkotan hasten naiz hura gogoratzean. Benetako lagunak ziren, eta edozein asteburutan orduak partekatzen genituen.

Espedizio bat osatzeko bost kide aukeratu behar izanez gero, zeintzuk izango ziren?

Uf, oso-oso zaila da bost aukeratzea. Agian orain gurekin ez dauden batzuk aukeratu nituzke. Hala ere, oraindik bizirik daudenetatik, eta gehiago izango direla kontutan hartuta, Asier Izagirre lehengusua, Juan Vallejo, Ferran Latorre, Mikel Zabalza eta Alex Txikon aukeratuko nituzke.

Zer eman dizu mendiak?

Askatasuna! Nik aukeratutako gauza bat izan zen, eta niri gustatzen zitzaidana egiteko modua izan nuen urte askotan. Ez da erraza nahi edo gustuko duzunaz bizitzea. Are eta gutxiago mendian!

Eta zer eman dio Edurne Pasabanek mendiari?

Oso zaila da hori nik erantzutea! Agian, historia pixka bat. Lehen emakumea izan nintzen hamalau zortzimilakoak osatzen, une hura bizitzea tokatu zitzaidan. Ni baino emakume askoz indartsuagoak zeudela badakit, eta hobeak ere bai, baina niri tokatu zitzaidan hura bizitzea. Beste belaunaldi batekoa izan banintz, ez nuen aukerarik izango, ziur.

Ama izan zarenetik ezberdin ikusten al duzu goi mendia?

Beti izan nuen argi ama izan nahi nuela, baina orain badakit nire ibilbideko hamar urte horien barruan ama izan banintz ez nituela hamalauak bukatuko. Askoz gehiago kostatzen da arriskua duten gauzak egitea, eta ia ezinezkoa da bi hilabete kanpoan pasatzea.

Nola ikusten duzu alpinismoa?

Ezberdin. Badago jendea gauza ezberdinak egiten ari dena: Txikon, esaterako. Bide berriak egiten ari direnak ere badaude. Himalaia oso handia da, eta oraindik ere betiko zortzimilakoetan pilatzen da jendea. Hala ere, iruditzen zait oraindik ere zortzimilako bat egiten ez baduzu ez duzula esker onik izaten. Lehen, mendizaleek ibilbide logiko bat egiten zuten. Orain, berriz, azkar batean Himalaiako beheko kanpalekuan egon nahi dute.

Ez al zaizu iruditzen emakumeen alpinismoak etenaldi luze bat izan duela?

Agian bai. Nire garaian batzuk baginen Himalaian ibiltzen ginenak: esaterako, Nieves Meroi, Gerlinde Kaltenbrunner, Go Mi-Sun, Oh Eun-Sun… Geroztik ez da jarraipenik izan zortzimilakoetan. Guretzat hamalauak lortzea garrantzitsua zen, laguntzak lortzeko.

Gaur egun zertan zabiltza?

Umea zaintzeaz gain, hitzaldiak ematen ditut enpresetan. Motibaziorako eta lidergorako hitzaldiak dira. Madrilgo unibertsitatean ere klaseak ematen ditut. Astean hiru egun Madrilen pasatzen ditut. Asko bidaiatzen dut.

Creative Commons lizentzia
lan hau Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa lizentzia baten mende dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.