Eta haurrek zer diote?

Mikel Garcia Idiakez / 2020-03-29 / 766 hitz

Dagoeneko, etxe askotan dagoen tentsioa xurgatu dute txikienek, eskolako lanek –eta gero eta handiagoa den arrakalak– gainditu ditu bat baino gehiago, eta berrogeialdia hasi zenetik kalea apenas zapaldu duten gehiengoek. Ze beldur, ze kezka eta ze behar dituzte haurrek krisi garaiotan? Zeinek galdetu die?

Hain justu, konfinamenduaren lehenengo bi aste hauetan haurren kezka, ezinegon eta premiei modu instituzionalean erantzunik ez zaiola eman kritikatu dute hainbat psikologo, irakasle eta gurasok, ikuspegi oso helduzentrikotik ari direla agintariak krisia jorratzen, eta umeak aintzat hartuko dituen begirada bat ere izan beharko luketela krisi honen kudeaketan. Haurrez ari garela, adar ugariri heldu beharko liokete agintariek:

Haurren kezka nagusia: “Zer egin dezakegu krisi honetan laguntzeko?”
Norvegian, bertako lehen ministroak, Hezkuntza ministroak eta Haurtzaro eta Familia ministroak prentsaurreko bateratua eman zuten, haurrei zuzendua. Umeek galderak bidali zituzten eta agintariek erantzun. “Beldur pixka bat izatea normala da –esan zien lehen ministroak–, baina zuetako gehienontzat birus hau ez da arriskutsua”. Azpimarratu zien, ordea, beraiek etxean geratzea oso lagungarria dela arrisku handiagoa duen jendea ez kutsatzeko eta modu horretan protagonista bihurtu zituzten txikienak, euren berrogeialdiari zentzua emanez.

Galdera ugari bidali zituzten haur norvegiarrek: “Udako oporrik gabe geratuko gara? Animaliak kutsatzen dira? Lagun gutxirekin bada ospatu dezaket nire urtebetetzea?…”. Baina esanguratsua da zein izan zen galdera ohikoena: “Zertan lagundu dezaket krisi honetan?”. Lehen ministroak erantzun zien bakarrik sentitzen diren haiei deitzeko eta elkarrekin jarduteko, “bakardade hori gainditzen laguntzeko”.

Gurean, etxe bakoitzak bilatzen ditu erantzunak, seme-alaben galderen aurrean. Galdera erantzutea bezain inportantea edo inportanteagoa da, halere, etxean sortzen dugun giroa, Maite Elizondo psikologoak kontatu digunez: “Zer esan garrantzitsua da, baina haurrek bereziki barneratzen dutena da nola esaten diegun; eduki bera urduri edo lasai esan, gauza bat edo alderantzizkoa transmitituko diegu. Eta berdin haiekin ez gaudenean: helduon artean hitz egiten duguna, telefonoz besteren batekin komentatzen duguna… ere barneratzen ari dira umeak, beraiekin zuzenean aritu ez arren; etxeko giroa berehala xurgatzen dute”.

Eskola etxean. Egoera anormalean ezin da normaltasunez funtzionatu
Haurren ikasketa prozesuan ere mugarria ezarri du krisiak eta Hezkuntza sailetatik ez da neurri eraginkorrik hartu, hau guztia behar bezala bideratzeko. Alegia, pentsatu behar dugu normaltasunez jarraitu behar dutela irakasle eta ikasleek curriculum (amaigabe)ak lantzen? Nola da posible panorama normal batean ezartzen den erritmoa mantentzen segitzea egoera honetan? Nola da posible hainbat ikasleri entzutea azterketa klasiko bat egin behar izan dutela etxean, egoera berrian eskema zaharrei eutsiz? Bestelako norabidean ari diren irakasleak ere ez dira gutxi izango, baina borondatez ari dira, ez dago plangintza orokorrik.

Erritmoa frenetikoa suertatzen zaie ikasle batzuei, eta beste batzuk zuzenean erori egin dira bidean. Ikasleen arteko arrakala gero eta handiagoa dela ohartarazten ari diren ahotsak ugarituz doaz: haur eta gazte guztiek ez daukate ordenagailua etxean, edo ez daukate ordenagailu on bat, ez daukate wifia, ez dute lagunduko dituen gurasoa ondoan –arrazoiak arrazoi–, ez dute aukera jendeak Internetera igotzen duen proposamen andana gauzatzeko.

“Etxean egon daitezkeen hutsuneak orekatzen lagundu ohi du kastetxeak, baina egoera berri honetan hutsuneak areagotu egin daitezke eta horri soluzioa emateak du lehentasuna”, adierazi digu Iñigo Beristain irakasleak. “Curriculumean zer den inportantea bereizten hasi behar dugu. Eskolak beste erritmo bat behar du”.

Eusko Jaurlaritzak eta ETBk hezkuntza saioa hasiko dute telebista publikoan, haurrei ikaskuntza-prozesuan laguntzeko, eta ez da neurri txarra, baina ez da inondik inora nahikoa, gainezka egin duten familien eta atzean geratu diren ikasleen kopurua handitzerik nahi ez badugu.

Balkoirik gabeko etxeetan ere behar dute aire librea arnastu
Frantziako Estatuan, egunean ordubetez atera daitezke haurrak etxe ingurura; Espainiakoan, hasieran ezin zuten atera eta gero onartu da erosketak egitera doan gurasoa lagundu dezaketela. Baina sen ona erabiliz, etxe inguruko patiora edo zelaira, ongi antolatuta eta beharrezkoak diren distantziak mantenduz, ezin al ditugu haurrak eraman, apur batez arnasa hartu eta aire librean mugitu daitezen? Hori da guraso bati baino gehiagori entzundako kexa. Kaltetuenak, ez lorategirik, ez terrazarik, ez balkoirik ez duten etxe txikietan bizi direnak, espazio itxi eta itogarrian.

“Haurren osasuna, garapena eta ongizatea” helburu, umeei modu arautu eta ordenatuan kalera atera ahal izateko aukera eskaintzea eskatu du Heike Freire psikologo ezagunak: “Ezinbestekoa da haiek eta haien familiak haizea hartzera eta tentsioak askatzera atera ahal izatea, gertuko espazioetara”. Berrogeialdiak luze hartuko duela aurreikusten den honetan, birpentsatu beharko da umeak hogeita lau orduz etxean sartuta egoteko araua.

Herria ari da erantzuten
Krisi garaiotan, instituzioak ez dira ari haurrak aintzat hartzen, hori hainbaten salaketa. Herritarrak, baina, ari dira erantzuten. Zaintza sareak ikusi ditugu, besteak beste ordu jakinetan seme-alabez arduratu ezin daitezkeen gurasoei laguntzeko; etxean internetik ez daukaten haurrei konexioa eskaintzen hasi da Izarkom operadore kooperatiboa; txikiek sormenaren bidez kontatu nahi dutena zabaltzeko Leihoa Zabalik ekimena jarri du martxan Oarsoaldeak… Modu kolektiboan jardutea eta haurrei entzutea baita bidea, krisi hau ez dadin izan helduen kontua bakarrik.

Creative Commons lizentzia
lan hau Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa lizentzia baten mende dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.