Koronabirusa eta kirolarien elkartasun-keinuak: Guztiak “heroi” zakuan?

Jon Torner Zabala / 2020-03-31 / 716 hitz

Makina bat dira, koronabirusaren aurkako borrokan laguntzea xede, diru ekarpenak egiten ari diren kirolariak. Pau Gasol saskibaloi jokalariak eta Rafa Nadal tenislariak, adibidez, Gurutze Gorriarekin elkarlanean, 11 milioi euro biltzeko kanpaina abiatu dute. Hainbat kirolarik heldu diote jada erronkari.

Ez da gure asmoa gisa horretako keinuak epaitzea. Ez gaurkoan behintzat. Aurrerago hitz egingo dugu “elkartasun” mota horri buruz, zergak atzerrian ordaintzen dituzten kirolarien esku-zabaltasunaz tartean, edota osasun-zerbitzu publikoetan murrizketak aplikatu dituzten politikariak babestu izanaz… Gaur, El Mundo egunkariak plazaratutako artikulu hau ekarri nahi nuen azalera, eragin didan ondoezagatik: Esconder judíos, salvar inmigrantes o cantar en ‘topless’ contra el cáncer: otros gestos solidarios antes de Nadal y Gasol (Judutarrak ezkutatzea, immigranteak salbatzea edo minbiziaren aurka ‘topless’-ean abestea: Gasol eta Nadal baino lehenagoko beste elkartasun-keinu batzuk).

Nola demontre ausartu da Orfeo Suárez kazetaria keinu horiek guztiak zaku berean sartzen?!

“[Nadalek eta Gasolek] ulertu dute gizarteari itzuli behar diotela hark eman dien guztia”, dio. “Beste askok halaxe egin zuten, jazartuen alde, diktaduren aurka, immigranteen edota eskolarik gabeko umeengatik, pertsona desgaituen edo sexu askapenaren alde. Heroiak dira, pandemia bat noiz heldu zain egon ez zirenak, zeinak gure buruen aurrean paratzen gaituen guztiok, eta pentsarazi zenbat jarri behar dugun bakoitzak, guztion etsaia dena garaitzeko”. Gerra-hiztegia.

Gehien dutenen artean kirolari batzuk daudela dio kazetariak, baina ez zutela eurek erabaki erreferente izatea. “Hala da”, berretsi du José Luis Pérez Triviñok, Pompeu Fabra Unibertsitateko zuzenbide-filosofia irakasleak. “Baina haien aberastasuna, gurea bezalako gizarte aberats batean jaiotzearen edota kirol-ibilbidea gurean garatzearen fruitu da. Herrialde txiro batean jaio izan balira, direnak izatera heltzeko aukerak askoz ere murritzagoak lirateke. Beraz, profesionalki garatzen lagundu dien gizartearekiko justizia arrazoi batengatik, badirudi jada egiten dutena baino gehiago lagundu beharko luketela. Bereziki ekarpen horrek ez baldin badie termino absolutuetan sakrifizio handirik eskatzen. Ez diote aberatsak izateari utziko, eta ez dute hilabete bukaerara heltzeko zailtasunik izango”. Tira, izan liteke, baina jarrai dezagun aurrera…

Filosofia irakaslearen hitzetan, gizarte bat hobeagoa izaten laguntzeko modu asko dago, ez derrigor diru ekarpenarekin loturik. “Kirolaren historian adibide mordoa dago”, dio El Mundo-ko kazetariak, eta banan-banan aipatzen ditu:

Gino Bartali, II. Mundu Gerran ehundaka judutar salbatu zituen ziklista italiarra. 2003an, bera hil eta hiru urtera, jakin genuen balentria horren berri.

Max Schmeling boxeolaria. 1938ko azaroan, judutarren aurkako progrom (Kristal hautsien gaua) erasoa hastean, Berlingo hotel batean bi gazte judutar ezkutatu eta AEBetara ihes egiten lagundu zien. Ez ziren bakarrak izan.

Jackie Robinson beisbol jokalari estatubatuarra. Beisbol Liga Handietan aritu zen lehenbiziko jokalari beltza. Arrazakeriaren aurka eta beltz komunitatearen eskubideen alde borroka egin zuen.

Sócrates futbolari brasildarra. Demokraziaren aldeko eta Joao Figueiredoren diktaduraren aurkako ekintzailea. Langileen Alderdian militatu eta 1980ko hamarkada hasieran “Corinthiar Demokrazia” sortu zuen, bere klubeko beste zenbait futbolarirekin.

Marc Gasol saskibaloi jokalaria. Besteak beste, Open Arms erakundearen salbamendu-operazio batean parte hartu zuen 2018an. Emakume kamerundar baten erreskate-lanetan lagundu zuen.

LeBron James saskibaloi jokalari estatubatuarra. Baliabiderik ez duten umeei ikasketekin laguntzeko beketara 40 milioi euro bideratu ditu, eta I promise proiektua abiatu du, 1.200 umerentzako ikastetxea sortzeko.

Serena Williams tenislaria. I touch mayself kanpainarekin bat eginez, bideoa grabatu zuen topless-ean, bularreko minbizia prebenitzeko beharraz kontzientziatzeko. Halaber, erditzeko unean emakume orok laguntza izan beharko lukeela aldarrikatu du hainbatetan, eta helburu hori duten ekimenak lagundu ditu.

Juan Mata futbolaria. Common Goal proiektua abiatu zuen. Helburua da futbolari eta entrenatzaileen artean Hirugarren Munduan lanean ari diren erakundeentzat dirua biltzea, bakoitzak bere soldataren %1 horretara bideratuz.

Vicente del Bosque futbol entrenatzaileak Síndrome de Down Madrid fundazioarentzat dirua biltzeko kanpainetan parte hartzen du. UNICEF edota ACNUR bezalako erakundeen ekimen batzuetan ere parte hartu du.

Megan Rapinoe futbol jokalari estatubatuarra, LGTBI kolektiboaren eskubideen aldeko ekintzailea. 2016az geroztik, beste zenbait kirolarik egin duen bezala, partida baten atarian bozgorailuetatik AEBetako ereserkia jarri dutenean, belauniko jarri da, Colin Kaepernick futbol amerikarreko jokalariarekin elkartasunez. ‘Quaterback’-ak gisa horretan salatu zuen beltzen aurkako polizia-indarkeria.

Eta, zer nahi duzue esatea, ikustea kazetariak nola lotzen dituen Gasol eta Nadal, Bartali edota Sócratesekin… Bai, tira, egia da diru ekarpenaz gain kirolariek laguntzen dutela injustiziak azaleratzen, kausa zehatzak ikusgarriago egiten eta jende bat erakartzen, baina hortik diktaduren aurka borroka egin zuten kirolariekin lotzea, kontuan izanik zer jartzen duten jokoan batzuk eta zer besteek…

Eta, ojo, ez nago kirolarien elkartasun-keinuak epaitzen. Ongietorriak izan daitezela, esaterako, Osasuna eta Eibar futbol taldeen moduko ekimenak (koronabirus-testak herritarren esku uztea), baina ez ditzagun guztiak zaku berean sartu, “heroi” etiketapean gainera.

Creative Commons lizentzia
lan hau Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa lizentzia baten mende dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.