Koronabirusaren aurkako eskularruak eta maskarak zein edukiontzitan doaz?

Jaione Dagdrommer / 2020-05-25 / 309 hitz

Maskararen erabilera nahitaezkoa den honetan Hego Euskal Herrian, duda sortu da. Izan ere, asko behin erabili eta botatzekoak dira, baina nora?

Konfinamendua dela eta, orain arte behintzat, hirietan arnasten den airea garbiagoa da. Bizitza basatia ere berreskuratzen ari garela dirudi eta etxeetan milioika pertsona gelditu izanak badirudi koronabirusaren zabaltzea apur bat geldotu duela. Beharbada ez genuen horrela izaterik nahi, baina jarduera ekonomikoaren gelditzeak arnasgune bat eman dio gure planetari. Denak ez dira berri onak ordea, orain berriz ere kalera ateratzen hasi garen honetan erabili eta botatzeko plastiko gehiago kontsumitzen ari gara, gure burua birusagandik babesteko eskularru eta maskara beharrezkoak baititugu. 

Pandemiaren ikono bilakatu dira, eta erabili eta botatzeko maskaren salmenta izugarri igo da. Erritmo berean hazi da erabilera bakarreko plastikoaren salmenta ere. Gainera orain, Hego Euskal Herrian nahitaezkoa denez leku itxietan maskara erabiltzea, zentzuzkoa da pentsatzea zifra hauek hazten jarraituko dutela. Italiak adibidez, jada kalkulatu du zenbat plastikozko maskara beharko dituen: 90 milioi hilabetero.

Alabaina, ingurumenean adituak direnak ohartarazi dute hau naturarentzat kaltegarria izango dela ez bada modu egokian kudeatzen. Dilema hauxe da: produktu hauek ez dira birziklatzen. Gainera polimero sintetikoa dute, eta gaizki kudeatu ez gero plastiko kutsaduraren arazoa areagotu lezakete. Hain da horrela, ekologistak hasi direla ohartarazten maskarak agertu direla Sokon, Hong Kong-o artxipelagoa. Orduan zer egin erabilitako eskularru eta maskarekin?

Ez utzi kalean, ezta erosketako orgatxoan ere, gutxiago zure herriko kaleetan edo espazio naturaletan. Gizalegearen aurkako jarrera izateaz gain planeta kutsatzen ari zara: gainera zabor potentzialki arriskutsua da eta edozein lekutan uzteak pandemia zabaltzen lagundu lezake. Eta noski, komunetik behera ere ez bota. 

Zein edukiontzitan beraz?
Plastikoz eginak badaude ere ez doa edukiontzi horira. Eskularruak eta maskarak ez dira ontziak, eta beraz ez dira ontzi arinen edukiontzira bota behar, baizik eta edukiontzi orokorrera edo errefusera, birziklatzen ez diren zaborrontzira hain zuzen. Eta kalean bazaude? Ezin baduzu itxoin, bota itzazu zaborrontzi orokorrera, guztiak nahasten direnera. Hala ere, ahal den neurrian gogoratu: eskularruak eta maskarak errefusara. 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.