Epidemia, ghettoan

Juan Ignacio Perez Iglesias / 2020-10-13 / 429 hitz

Urrian laurogei urte betetzen dira okupatzaile alemaniarrek Varsoviako ghettoa sortu zutenetik. Ghettoaren barruan, Poloniako hiriburuko juduez gain, gainontzeko hirietako eta beste herrialde batzuetako juduak elkartu zituzten. Ghetto horretatik Treblinkako deuseztatze-esparrura eta beste batzuetara eramaten zituzten. Laurehun milatik gora pertsona sartu zituzten ghettoan, ia Varsoviako populazioaren herena, 3,4 km2-ko eremu batean, hiriburuko azalera osoaren % 2,4an.

1939aren bukaeran, hirian lehenengo tifus kasuak agertu ziren. Lehenengo olatu horrek 1940ko apirilean jo zuen goia; udarako desagertuta zegoen. Zorriek transmititzen duten rickettsia prowazekii bakterioak sortzen du tifusa; 14 eguneko inkubazio aldia du, sukar altua, buruko eta giharretako mina, goragalea, hotzikarak eta legen zabala eragiten ditu. Areagotzen den heinean, ahultasuna handitzen da, delirioak sortzen dira eta, kasu batzuetan, konortea galtzen da. Kasu okerrenetan heriotza eragiten du.

Ghettoa sortu ondoren, agintari alemaniarrek elikagaien hornidura eragotzi zieten bertan zeudenei eta Kontseilu Juduak erostea lortzen zuen apurrarekin konformatu behar izan zuten. Gosea kalte egiten hasi zen, eta heriotza asko eragin zituen. Nahiz eta aurrerago, 1942ko maiatzean, blokeoa bertan behera utzi, alemaniarrek hornitutako janaria ez zen nahikoa bizirauteko. Ondorengo hilabeteetan, urte hartako uztailera arte, erregistratutako heriotza kopurua lau mila eta bost mila artekoa izan zen hilabeteko, baina benetako kopura gutxienez bikoitza izan zen.

Ghettoa sortu eta berehala, Varsovian tifusa berragertu zen. Bigarren olatua okerragoa izan zen. Jendearen osasuna nabarmen kaltetua zegoen, ezarritako leku, xaboi eta janari murrizketa zorrotzen ondorioz. Ofizialki tifusa hogei mila lagunek izan zuten arren, benetako kopurua ehun mila ingurukoa izango zen, ghettoko populazio osoaren laurdena, garai hartako hainbat txostenetan islatzen denaren arabera. Gaixotasunak zuzenean hogeita bost mila heriotza inguru eragin zituen, baina zeharka askoz ere gehiago.

1941ean, tifusa gero eta gehiago zabaldu zen, udazkenera arte; sasoi horretan, murrizten hasi zen. Hurrengo uda iristerako, desagertuta zegoen. Ez zen logikoa udazkenaren hasieran epidemiaren hedapena murriztea; zabaltzen jarraitzea eta 1942ko neguaren bukaeran goren mailara iristea zen espero izatekoa. Nazioarteko ikertzaile talde batek tifusaren epidemiaren dinamika simulatzeko zenbait eredu epidemiologiko erabili ditu. Eredu horietatik abiatuz ondorioztatu dutenez, 1941eko maiatzean patogenoaren oinarrizko ugaltze indizea, R0(t), 2,5ko goren mailara iritsi eta, ordutik aurrera, jaisten hasi zen. Hala, 1942ko urtarrilean 1ekoa zen eta urte bereko uztailean 0,5ekoa (balioa 1 baino handiagoa bada, epidemia zabaldu egiten da; txikiagoa bada, murriztu).

Ikertzaileen arabera, ghettoko juduek hartutako neurriek desagerrarazi zuten epidemia, horietako asko ezartzerik izan ez zuten arren. Neurri nagusiak populazioari higienearen eta osasunaren inguruko prestakuntza ematearekin lotuta zeuden; hau da, gelak garbi edukitzea, elkarrengandik urruntzea eta gaixoak bakartzea. Horrela, dozenaka mila bizitza salbatu zituzten, agian gosearen eta gaixotasunaren eraginez galdutakoak bezainbeste. Ghettotik bizirik atera ziren gehienak, berrehun eta hirurogei milatik gora lagun, Treblinkara deportatu eta han hil egin zituzten. Ezin izan zuten sarraskitik salbatu.

Erreferentzia bibliografikoa:

Stone, Lewi; He, Daihai; Lehnstaedt, Stephan eta Artzy-Randrup, Yael (2020). Extraordinary curtailment of massive typhus epidemic in the Warsaw Ghetto. Science Advances, 6 (30), eabc0927. DOI: 10.1126/sciadv.abc0927


Egileaz:

Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

Creative Commons lizentzia
lan hau Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa lizentzia baten mende dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.