Eskola lotsarazi duen gona

Mikel Garcia Idiakez / 2020-11-13 / 278 hitz

Mikel gona jantzita joan da eskolara, eta ikastetxeak denontzat espazio seguru eta babesgune direnez, hainbat ikaskideren irainen aurrean irakasleak aprobetxatu du klasea gelditu, Mikelen ausardia txalotu eta generoaz, aniztasunaz, enpatiaz eta askatasunaz eztabaidatzeko. Hori baita hezkuntzaren funtsa… baina ez da hori gertatu.

Bere buruari uko egin ordez, genero rolei uko egitea erabaki zuen Mikelek, nahiz eta jakin ikaskide batzuren trufak jasan beharko zituela. Azken finean, gizartearen isla da eskola hein batean, baina gizartearen arauak eta joerak auzitan jartzen dituen eremua ere behar luke izan, baita norbere identitatea adierazteko espazio eroso bat ere. Maiz, ordea, hurbileko girorik eta konfiantzazko erreferentziarik ezean, bakardadea aurkitzen du eskolan ezberdin sentitzen denak, gizartearen prototipoan kabitzen ez denak, bere lekua topatzeko zailtasunak dituenak. Mikelek bere ikastetxean aurkitu zuena izan zen irakasle bat klasea gelditu zuena 15 urteko bilbotarra eskolako psikologora bidaltzeko –aurretik barre egin zioten ikasleei arrazoia emanez, nolabait–.

Bai, gonak genero oso markatua du

Pandemia garaiak berretsi omen du curriculumari lotutako irakaskuntza baino garrantzitsuagoa dela emozioak, harremanak eta ikasleen beharrak lehen lerroan jartzen dituen eskola, eta hezkuntza emozionalaz eta berdintasun planez betetzen zaigu ahoa, baina errealitatea bestelakoa da sarri. Ziur ezberdin jokatzen duten ikastetxe eta irakasleak badirela, eta egia da Mikelekin elkartasunez gona jantzi dutela ikasleek beste hainbat eskolatan; sekulako aukera dute ikastetxe horietan, ekintza sinbolikotik harago gaia lantzeko. Gazteek aldarrikatu dute gonak ez duela generorik, eta desio ederra da hori, baina errealitatea da gonak genero oso markatua duela eta gona janzten duen mutila neskak bezala janzten ari dela edota maritxua dela gizartearen begietara. Neskak bezala janztea edota maritxua izatea zergatik den gutxiesgarri eta iraingarri, horretaz gogoetatzeko geratu dezatela klasea irakasleek. Hori baita hezkuntzaren funtsa.

Gaiari lotuta:

Aitor kantinera aterako da eskolako Alardean

Creative Commons lizentzia
lan hau Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa lizentzia baten mende dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude