‘Hondar ahoak’: honelako telesail baten zain zeuden ikusleak

Gorka Bereziartua Mitxelena / 2020-11-05 / 397 hitz

Buelta askorik eman gabe esango dut: bart gauean Hondar ahoak-ek inflexio-puntu bat markatu zuen euskarazko telesailen historian. 

Koldo Almandozek zuzendutako serie berriaren lehen kapitulua ikusi ondoren, ikusle askok izan dute sentsazioa, eta hala adierazi dute sare sozialetan, aspaldidanik honelako zerbaiten premia sumatzen zutela, baina orain arte egindako saiakerek, ahalegin txalogarriak izan arren, ez zutela lortu. Iraganeko kontuak: azaroaren 4ko 22:30ean beste aro bat hasi da ETBn ikusi dugun fikzioan.

Telesailaren introa bera da beste zerbait: off-eko ahots batek lehen pertsonan hitz egiten du, off-eko ahotsarekin hasten diren gauzen kontra, hil aurretik ikusiko eta usainduko dituen azken gauzez kexatuz eta abar. Ironia horretan errekreatzeko denbora askorik ez dauka ikusleak, azkar pasatzen baita irudi-sorta bat, pixkanaka ezagutuko ditugun paraje eta pertsonaiekin. Eta telesailaren hasierako kredituak agertzen direnerako, badakizu zerbait berezia ikusten ari zarela.

Josu izeneko tipo baten desagerketarekin hasten den serie honetako lehen kapituluan oso modu eraginkorrean eraikitako pertsonaiak ikusi ditugu: psikologoarenean terapia egiten ari den Ertzaintzako detektibea (Nagore Aranburu); desagerketa gertatu den herrikoa den polizia gaztea (Eneko Sagardoy); hasieratik zerbait ezkutatzen duela dirudien arrantzalea (Iñaki Beraetxe)…

Detaileak inportanteak dira pertsonaia horiei dentsitatea emateko: Aranbururen pertsonaiak bakarrik dagoen bakoitzean ateratzen duen zigarro elektronikoa edo kapitulu osoan kamisetan daukan orbana; desagertuari buruzko informazioa jaso bitartean herriko taberna batean bazkaltzen duten arrain mardula; pertsonaiek darabilten hizkera (batuan poliziek, bizkaieraz herriko jendeak); denek ere ikusten ari garenaren errealismoan laguntzen dute.

Thriller poliziako on baterako osagaiak dagoeneko hor daude, alegia, ETB1en ia inoiz ikusi ez dugun zerbait mamitzeko. Baina kontua da, Hondar ahoak harago doala, autore-lan baten printzak erakutsiz: badago urdin berdekara bat, nik dagoeneko “Almandoz kolorea” deitzen dudana eta serie honetako argazkia ezaugarritzen duena.

Zuzendariaren filmografia pixka bat ezagutzen duenak erraz ikusiko ditu beste elementu almandoztar batzuk ere: itsasoko eta ibaiko ura filmatuta dagoen moduak, aireko plano ikusgarriekin, Oreina eta Sipo phantasma ekartzen dituzte gogora; animalia disekatuak ere hor daude, zuzendariaren azken film luzean bezala; eta lehenagoko laburretan nabarmenagoak ziren keinu meta-zinematografiko batzuk ere ikusi ditugu, zuzendariaren kameo bat edo auto-erreferentzialak diren dialogoak, adibidez (detektibea susmagarrien argazkiekin kasuaren mapa egiten hasten da eta beste ertzain batek diotsa: “Nik uste nuen hau telesailetan bakarrik gertatzen zela”).

Iturri guztiz fidagarrietatik jakin ahal izan dudanez, mugarri bat jarriko duen ekoizpen hau pantailara eraman ahal izateko, Hondar ahoak-en lan taldeak nahiko presaka aritu behar izan du lanean, baldintza ez oso egokietan. Zer ez ote zuten egingo, ETBk tontakerietan gastatzen dituen baliabideetako batzuk eskura izan balituzte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.