Internet erabiltzearen aztarna ekologikoa

Manex Garaio Mendizabal / 2020-12-24 / 938 hitz

Ingurugiroarekiko kezka gero eta zabalduago dago jendartean, bizi dugun klima aldaketaren larritasuna areagotuz doan heinean. Tamalez, ohikoa denez, berandu erreakzionatzen ari gara eta gainera adostutako aldaketen eragina txikia da. Kutsadura jarduerak zerrendatzean ohikoa da gasolina bidezko garraioa (izan autoak, hegazkinak zein beste edozein) edota industria aipatzea baina, zein da Internet erabiltzean uzten dugun aztarna?

Gaiaren inguruan egindako ikerketek bi alderdi hartzen dituzte kontuan kalkulua egiteko. Batetik, atzitu nahi dugun webgune/bideo/mezu hori guregana iristeak sortzen duen aztarna ekologikoa. Kategoria honetan sartuko litzateke azpiegitura martxan mantentzeko beharrezkoa den energia, beharrezkoak diren zerbitzarien energia hornidura edota zerbitzari horien hozteak eskatzen duen energia. 

Azken aukera hau ez da hutsala, une oro martxan dauden zerbitzari horiek giro hotz/epel batean mantentzea beharrezkoa delako azpiegituraren errendimendua bermatzeko. Zerbitzari askori buruz ari garenean horrek aire girotu sistema boteretsu bat eskatzen du (horrek dakarren energia kontsumoarekin) edo beste alternatibaren bat bilatzea, esate baterako, zerbitzariak itsasoan edukitzea, ur azpian. Horrek ere badu bere arriskua, urpean dagoen zerbitzari kopuruaren arabera itsasoaren tenperaturan eragin dezakeelako.

Aztarna ekologikoaren beste alderdia eduki horiek atzitzeko erabiltzen dugun gailuaren energia kontsumoa izango da, luze baino lehen bateria kargatzera eramango gaituena. 

Energia behar hori asetzeko erabiltzen den energia iturriaren (berriztagarria edo ez-berriztagarria) arabera aztarna ekologikoaren tamaina handiagoa izango da. Enpresa batzuk hasi dira beraien zerbitzuak energia berriztagarriekin hornitzen, edo carbon offset deritzonaren bidez bere kutsadura konpentsatzen. Karbono aztarnaren konpentsazioa egindako kutsaduraren ordainetan kutsadura hori orekatuko duen beste proiektu bati (zuhaitzak landatzea, energia berriztagarriak finantzatu, etab.) ekarpen ekonomikoa egitean datza. Hala ere, arreta handiz aztertu beharreko zerbait da konpentsazio hori eraginkorra izan dadin, eta ez greenwashing soil bat.

Gaira bueltatuz, zein da Internet erabiltzean uzten dugun aztarna? Aurreko bi alderdiak kontutan hartzen dituzten ikerketak laburtu dituzte BBC katearen artikulu honetan. Jarraian, Internetaren erabilera ohikoenen aztarna.

Emaila eta mezularitza

Bidaltzen dugun email motaren arabera asko aldatuko da utzitako aztarna. Spam email batek, adibidez, 0,3 g CO2 isurtzen du, email arrunt batek 4 g  CO2 eta irudi bat erantsita daraman email batek, berriz, 50 g CO2 isuriko ditu atmosferara. Noski, gero eta mezu luzeagoa edota eranskin pisutsuagoa, orduan eta isurketa handiagoa gertutako litzateke.

Mezularitzari dagokionean, aukera garbiena SMSa bidaltzea da, 0,014 g CO2  isurtzen dituelako. WhatsApp/Telegram eta antzerako aplikazioetan mezu bat bidaltzearen aztarna email bat bidaltzearen paretsua litzateke. Mezu hori gif, emoji ala irudi batekin batera bidali bada, aztarna handiagoa.

Aztarna murrizteko bide batzuk gure mezuen hartzaile kopurua txikitzea (hartzaile anitzeko mezu kopurua gutxituz), behar ez ditugun posta zerrendetara dugun harpidetza kentzea eta “eskerrik asko” soilik esaten duten mezu/emailak bidaltzeari uztea da. Aipaturiko artikuluaren arabera, Erresuma Batuko heldu bakoitzak egunero “Eskerrik asko” mezu bat gutxiago bidaltzeak errepidetik 3,33 diesel auto kentzearen pareko eragina izango luke.

Bilaketak

Interneten egiten dugun bilaketa bakoitzak 0,2 g CO2  isurtzen ditu atmosferara, Google-en ikerketa baten arabera. Emailarekin gertatu bezala, unitate bakar bezala hartzen badugu ez da asko, baina hori munduan dauden Internet erabiltzaileengatik biderkatzen badugu, eta hori egunero batezbeste egiten ditugun bilaketa kopuruarekin, kopuru hori nabarmenki hazten da.

Bideoak

Bideoak ikustea da munduan Interneten erabileraren % 60a, izan Netflix/Filmin/Youtube edo beste edozein plataformatan (pornografia barne), urtero 300 milioi tona CO2 sortzen dituelarik, munduan egiten diren emisioen % 1a.

Adibide gisa, 2017an ezagun egin zen Despacito kantak Youtuben eduki zituen entzunaldiekin Chad, Guinea-Bissau, Somalia, Sierra Leona eta Afrika Erdiko Errepublika herrialdeen urteko argindar kontsumoaren adina argindar kontsumitu zen, 250000 tona CO2 orotara. 

Egiten diren bideo erreprodukzioetako asko nahi gabe egiten dira, bideoa amaitu ostean automatikoki hurrengoa hasi eta ez gelditzeagatik, edo kapitulo bat ikustean lokartu izanagatik. 

Bideoak ikusteko moduaz ari garela, mugikorreko datuekin bideo bat ikusteak wi-fi bidez ikustearen energia bikoitza behar du, beraz, etxean gaudenean wi-fi sarea erabiltzea litzateke onena.

Musika eta bideojokuak

Bi kategori hauetan produktua lortzeko bi aukera nagusi daude, fisikoki jokua/diska erostea edo online plataforma baten bidez eskuratzea. Musikaren kasuan, diska bat 27 aldi baino gutxiagotan entzun behar baduzu, hobe internet bidez entzutea, diska hori sortzeak eragindako kutsadura ere kontutan hartu behar da eta.

Bideojokoen kasuan, hobea omen da bideojokua fisikoki erostea, online eskuratzea baino. Streaming bidezko jokuek (Google Stadia kasu) nabarmen igotzen dute kontsumoa baina, bestalde, lagunekin online jolasteak ez hainbeste. Joko guztien kasuan, fisiko zein online eskuratutakoak, eguneraketak deskargatzea da ekidin ezin daitekeen kutsadura iturri nagusia, gaur egungo jokoetan tamaina handikoak izan ohi dira eta.

Blockchain eta kriptotxanponak

Kriptotxanponen funtzionamenduaren parte den eragiketen balidazio algoritmoak konputazio ahalmen handia eskatzen du, baita txanponen meatzeak ere. Ikerketa baten arabera, Bitcoin-ek bakarrik urtean 22 milioi CO2  isurtzen ditu.

Gailuak

Internet eta teknologiaz egiten dugun erabileraz gain erabiltzen ditugun gailuen fabrikazioa, mantenua eta baztertzea (eta horiek birziklatzearen erronka) ekuazioan sartu beharrekoak dira. Kalkuluan gehitu beharko genituzke hortaz gailua fabrikatzeko beharrezkoak diren materialen erauztea, fabrikazioa bera eta distribuzioa. Gailuen deusezteak sortzen duen kutsadura kontutan hartu gabe, gailu horien fabrikazio eta mantenuaren kutsadurak pertsonako urtean 400 g CO2 sortzea eragiten du. Kopuru horren globala egingo bagenu (munduko biztanle kopuruagatik biderkatuta) munduko CO2  isurketen % 3,7a litzateke.

Noski, gero eta denbora luzeagoan erabili gailu bat, hobe, berri bat sortzeak dakarren kutsadura eta zaharra deusezteak duen eragina ekidingo dugulako.

—-

Artikuluan aipatzen diren kutsadura kopuruak txikiak dira, biztanlekako datuak diren heinean. Horiek munduan bizi den (eta teknologia darabilen) pertsona kopuruagatik bidertuta eragina nabarmenagoa da, are gehiago horietako batzuk egunean zehar hainbatetan errepikatzen ditugun ekintzak direla aintzat hartuta. Guztiok horiek murriztuko bagenitu eragin esanguratsuagoa bat lortu genezake, baina horretarako denek jarri behar dugu gure alea, birzklapena, garraio publikoaren erabileraren lehenespena eta beste hainbat gairekin egitea beharrezkoa den bezala.

—-

Aparteko puntu bezala, teknologia ere erabili daiteke kutsadura murrizteko, sentsoreak erabilita gure etxeko tenperatura kudeatzen duten IoT gailuekin bezala. Monitorizazio horrek eskuzko kontrolak lor ez dezakeen eraginkortasuna energetikoa lor dezake. Horretarako, noski, gailu horiek ondo konfiguratuta egon behar dira. Etxean eragina izateaz gain beste hainbat esparrutan izan dezake: ureztatzeen optimizazioa, garraiorako bide optimoaren aukeraketa, etab.

Creative Commons lizentzia
lan hau Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa lizentzia baten mende dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude