Txinako gobernuak mutil gazteak “femeninoegiak” izatea eragotzi nahi du

Jaione Dagdrommer / 2021-02-19 / 348 hitz

Txinako gobernuarentzat “maskulinitate krisi bat existitzen da” zeinak herrialdearen etorkizuna arriskuan jartzen duen. Hori dela eta mutil gazteen artean dagoen feminizazioa ekiditeko plan bat proposatu du.

Dirudienez Txinako gobernuarentzat gizonezko “femeninoegiak” izatea arrisku bat da. Hori dela eta, hezkuntza ministerioak plan bat proposatu du “ezaugarri maskulinoak ereiteko” eskolako ikasleen artean. 

Ministerioak zabaldutako komunikatu ofizial baten bitartez jakin da proposamen honen berri. Neurriak eztabaida sortu du eta pertsona askok sexistatzat jo dute sare sozialetan zabaldu dituzten mezuen bitartez. Gainera, adierazi dute “feminizazio honen” errua gobernuak K-pop-eko famatuei egozten diela. Gobernuaren ustez, hauek dira “haurrek armadako heroiak izan nahi ez” izatearen errudunak. 

Testuinguru honetan Txinak Gizon gazteen feminizazioa prebenitzeko proposamena aurkeztu du. Orain, eskolek erreforma bat burutu beharko dute eta hezkuntza fisikoan duten eskaintza zabaldu. Horretaz gaindi, gizonezko irakasleen kontratazioa indartu beharko dute emakumeen aurrean. 

Erreakzioa berehalakoa izan da biztanleen artean, horietako asko eta asko proposamen honen aurka azaldu direlarik. Honela, bertako sare sozialik ospetsuenean, Sina Weibo deitutakoan, erabiltzaileek euren haserrea adierazi zuten. 

Kritika horien artean aipatuena ezbaian jartzea “feminizazioa” zerbait txarra dela. Alta, sare sozial horretan bertan proiektuaren aldeko iritziak ere azaldu dira pop kultura oro har, eta TF Boys talde musikala zehazki, kritikatuz, batez ere Lu Han bertako abeslaria. 

Ministerioaren proposamena Si Zefu, gobernuko delegatuetako bati erantzuna emateko sortu da. Pasa den maiatzean esan zuen “irakasleen gehiengoa emakumezkoa izatea eta pop kulturaren eraginak gazte ahul eta lotsatiak” sortzen dituela.

Zer gertatuko da proposamena martxan jartzen bada?

Hasteko, honek aurrera egiten badu, eskolek euren ikasketa plana goitik behera aldatu beharko dute. Lehenik eta behin, hezkuntza fisikoa erakusteko modua aldatu beharko dute. Gizonezkoen akademia militarren antzeko eredua jarraitu beharko dute. Ondoren, lehentasuna emango zaie gizonezko irakasleen kontratazioari emakumezkoen aurrean. 

Alabaina, aldaketa kurrikularrik ez du kontuan hartzen proposamen honek. Testuak atleta erretiratuak eta kirol esperientzia duten pertsonak kontratatzea aholkatzen du eskoletan lan egin dezaten eta horrela mutil gazteak ez daitezen horren “femeninoak” izan. Bestealde, futbola bezalako kirolak garatzea ere aipatzen da, honela ikasleen “maskulinitatea erein” dadin. 

Azkenik, Txinako komunikabideetarako kanpaina bat sortu nahi da gazteak “oso femenino” bihurtu ez daitezen. Honela, neurri hauekin komunikabideek famatu “ukitugabeak” eta “sozialki arduratsuak” azalduko dituzte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude