Inoiz baino biki gehiago jaiotzen dira

Gazteberri / 2021-03-22 /243 hitz

Erditze anizkoitzen hazkundearen bi arrazoi nagusiak lagundutako ugalketa eta amatasunaren atzerapena dira.

Gaur egun, inoiz baino biki gehiago jaiotzen dira. Human Reproduction aldizkarian argitaratu berri den azterlan baten arabera, pasa den mendeko 80ko hamarkadatik, bikien jaiotza-tasa 1.000 erditzetik 9 izatetik 12 izatera igaro da. Datu hori aintzat hartuta, munduan jaiotako 42 haurretatik bat biki bat da.

Oxford Unibertsitateko (Erresuma Batua) Christiaan MondenParisko Historia Naturalaren Museoko (Frantzia) Gilles Pison eta Radboud Unibertsitateko (Herbehereak) Jeroen Smits izan dira aipatu azterlanaren egileak eta bertan lortutako emaitzek adierazten dutenez, bikien tasak maximora iritsi direla diote. Azterlan hori egiteko, 2010 eta 2015 artean bildutako 165 herrialdetako datu demografikoak aztertu dira.

Azterlanean, bikien tasan izandako aldaketak aztertzeaz gain, horiek emateko arrazoiak ere aztertu dira. Ikerketan bikien tasan izandako hazkundea azaltzeko bi arrazoi nagusi aipatzen dira. Alde batetik, lagundutako ugalketaren hazkundea legoke eta, bestetik, azken hamarkadetan hainbat herrialdetan eman den amatasun-adinaren atzerapena.

Azterlanean agerian geratzen denez, bikien jaiotzak, batez beste, % 30 hazi dira. Oro har, XX. mendearen erdialdetik erregistratutako urte guztietan baino erditze anizkoitz gehiago ematen ari dira. Hazkunderik handienak EuropanIparraldeko Amerikan eta ekialdeko Asian eman dira. Herrialdeka, GreziaDanimarka edo Hego Korea dira hazkunderik handienak izan dituztenak. Hazkunde nabarmena izan ez duen arren, Afrikak jarraitzen du bikien tasarik handiena duen kontinentea izaten. Horrela, Asiarekin batera, bi kontinente horiek munduko erditze bikoitz guztien % 80 inguru hartzen dute gaur egun.

Azterlanean ikus daitekeenez, azken urteetan bikien jaiotzatan izan diren hazkunderik handienak eskualde garatuenetan eman dira, nagusiki, ugalketako eta ugalkortasuneko esku-hartze medikoak ugaritu egin direlako eta aurreko tasak txikiak zirelako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.