Etxeko flana

Iker Markinez / 2018-05-05 / 139 hitz

Osagaiak:

4 LAGUNENTZAT

5 arrautza oso.
3 gorringo.
Litro bat behi esne.
200 gramo azukre.
200 gramo azukre, karamelurako.
Banilla makilatxo bat.

Nola egin:

1

Esneki klasikoetan klasikoena aukeratu dugu gaurko errezeta honetarako. Lehenik, esnea eta azukrea lapiko batean irakiten jarri, banilla makilatxoarekin batera. Irakiten hastean, itzali, eta sutik kendu.

2

Ondoren, karamelurako azukrea zartagin batean ipini, eta sutan berotu, karamelua lortu arte. Flanerako moldean jarri, eta hozten utzi.

3

Ontzi batean, arrautza osoak eta gorringoak ongi irabiatu, eta esne beroa gehitu. Ongi nahastu, eta flanerako moldera gehitu.

4

Labea 160 graduan berotzen jarri. Flanaren ontzia labean sartu, 40 bat minutuz, marian berotzeko. Flanerako molde txikia erabiliz gero, denbora gutxiago beharko dugu: 30 minutu, gutxi gorabehera.

5

Labetik atera, eta flana hozten utzi, bost bat orduz, kanpoan. Ondoren, hotza dagoenean, moldetik atera daiteke; kontu handiz, noski.

6

Hozkailuan gorde daiteke, baina mahaira atera baino pare bat ordu lehenago ateratzea komeni da, tenperatura egokian jan ahal izateko.

Txekor masailak onddoekin eta arrozarekin

Iker Markinez / 2016-03-19 /209 hitz

OSAGAIAK

4 LAGUNENTZAT

Kilo bat txekor masail.
Porru bat.
Bi tipula.
Bi azenario.
Lau baratxuri ale.
200 gramo onddo.
100 gramo arroz.
Piper beltz ale batzuk.
3/4 litro ardo beltz.
Porto basokada bat.
Oliba olioa.
Gatza.

1

Lapiko handi bat su bizian berotzen jarri. Txekor masailak bertan jarri, eta oliba olio zorrotada bat bota, baita gatz pitin bat ere.

2

Su bizian mantendu lau minutuz alde batetik, eta, gorritzean, beste aldetik beste lau minutuz.

3

Bitartean, porru, tipula, azenarioa, eta baratxuri aleak, garbitu, zuritu eta pusketatan moztu. Masailak ondo gorrituta dauzkagunean, barazki guztiak lapikora gehitu, sua moteldu, eta hamabost minutuz erregosi.

4

Porto basokada bat gehitu, eta ardo beltza ere bai. Horrekin batera, piper beltz aleak gehitu eta sua bizitu. Ardoak duen alkohol soberakina guztiz lurrintzeko, gutxi gorabehera hogei bat minutuz irakiten mantendu, lapikoko salda kantitatea erdira murriztu arte.

5

Ura gehitu lapikora, masailak estali arte. Ordubete inguru irakiten eduki masailaren samurtasunaren arabera.

6

Masailak lapikotik erretilu batera atera. Lapikoan duguna txinotik pasatu, eta gatzez nola dagoen dastatu.

7

Onddoak xaflatan moztu, eta lapiko batean oliba olio zorrotada batekin bost bat minutuz erregosi.

8

Arroza gehitu, eta urez estali. Gatza bota. Hamabost bat minutuz egosi. Masailak eta saltsa bertara gehitu. Bost bat minutuz irakin ondoren, prest izango dugu jaki goxo eta osoa, plater nagusi zein bigarren platera delako.