Erruleta

Hasmentako oharra

Hizkuntzen eta euskararen inguruan ere, topiko eta aurreiritzi asko ditugu. Ariketa honekin ikasleei informazioa zabaldu nahi diegu gizartean dabiltzan hainbat uste erdi ustel argitzeko asmotan.

Atal bakoitzak bere azalpena du, irakasle bakoitzak egokitu beharko du azalpena unearen, ikastaldearen eta egoeraren arabera.

Ariketa taldeka egin ondoren, erantzunei buruz solastea gomendatzen dugu. Une honetan irakasleak lan aktiboa beteko du.

Ikasleentzako argibideak:

Euskara hizkuntza txikia da:

  1. Bai, eta etxerako eta lagunarterako besterik ez du balio.
  2. Ez, eta gainera munduan gehien erabiltzen den hizkuntzetariko bat da.
  3. Hiztun kopuru handiagoa edo txikiagoa duten hizkuntzak badira, baina ez dago berez “txikia” edo “handia” den hizkuntzarik..

Euskara hizkuntza zaharra da

  1. Euskara Europako hizkuntzarik zaharrena da, eta gure inguruko hizkuntza guztiak baino askoz ere lehenago sortu zen.
  2. Ez dago hizkuntzen adina zehazteko modurik. Esan liteke, ordea, euskara dela Mendebaldeko Europan antzinatasun handiena duena, eta hemen denbora gehien egin duena.
  3. Euskara munduko 10 hizkuntzarik zaharrenen artean sailkatuta dago.

Euskara hizkuntza garbia da

  1. Euskara biraorik gabeko hizkuntza da.
  2. Euskarazko birao guztiak beste hizkuntza batzuetatik hartutakoak dira.
  3. Euskarak ere baditu, gainerako hizkuntzek bezala, bere baitatik sortutako biraoak.

Euskara hizkuntza zaila da

  1. Ez dago, berez, zailagoa edo errazagoa den hizkuntzarik. Ikasteko zailtasuna edo erraztasuna, ikasle horrek lehendik dakien hizkuntzaren araberakoa da, besteak beste.
  2. Euskara, berez, hizkuntza konplexua eta zaila da, eta horregatik kostatzen zaio hainbeste erdaldunari hura ikastea.
  3. Euskara hizkuntza zaila da, baina badira munduan gurea baino zailagoak diren hizkuntza gutxi batzuk, Asian eta Afrikako hegoaldean.

Euskara hizkuntza berezia da

  1. Euskararen gramatika oso berezia da, eta oso gutxi dira munduan antzeko ezaugarriak dituzten hizkuntzak.
  2. Munduko hizkuntzen aniztasuna oso handia da, eta munduko hizkuntzen panoraman euskara ez da bereziki nabarmentzen.
  3. Euskara Europako hizkuntzarik bereziena eta harrigarriena da, bere aditzari eta deklinabideari esker…

Euskara baserriko hizkuntza da

  1. Mendeetan zehar gehienbat baserrian erabili denez, euskara baserriko hizkuntza dela esan daiteke.
  2. Euskara baserriko hizkuntza da, baina baita merkataritzako, eskolako, administrazioko, zientziako, kaleko… hizkuntza ere. Denetarako erabil liteke.
  3. Garai batean euskara zen baserriko hizkuntza, baina gaur egun espazio hori ere gaztelaniak eta frantsesak kendu diote, eta baserri gehienetan gaztelaniaz edo frantsesez egiten da.

Euskara hizkuntza pobrea da

  1. Ez dago hizkuntza pobrerik edo aberatsik. Munduko hizkuntza guztiek balio dezakete dagokien hiztun esan behar edo esan nahi duten guzia esateko, garapen egokia izanez gero.
  2. Munduko hizkuntza zaharrenak -euskara tartean- pobreak dira, ez direlako modernizatu.
  3. Euskara, gaztelaniarekin eta frantsesarekin alderatuta, hizkuntza sinplea da, eta ez du balio edozein gauza adierazteko.

Euskara oso hizkuntza kutsatua da

  1. Euskarak oso hizkuntza indartsuak izan ditu beti ondoan, eta horren ondorioz bere hiztegia eta gramatika oso kutsatuta daude.
  2. Euskara berez hizkuntza ahula denez, gauza askotarako beste hizkuntza batzuen beharra izan du, eta emaitza gaur egun dugun hizkuntza kutsatua da.
  3. Hizkuntzen arteko harremana ezin da “kutsatu” hitzaren bitartez deskribatu. Euskararen eta beste hizkuntza batzuen arteko harremana oso handia izan da, askotan ez-orekatua, mailegu ugari jaso ditugu, baina horrek ez du euskara hizkuntza kutsatu bihurtzen.

Irakaslearentzako argibideak

Irakasleak erantzun zuzenen zerrenda izanen du. Ikasleek ariketa osatu ondoren, norberak erantzundakoa erantzun zuzenekin kontrastatzeko eskatuko zaio ikasleei, eta ondoren horren gaineko hausnarketa eginen da. Honakoak izan litezke, besteak beste, hausnarketa laguntzeko galderak edo eztabaidagaiak: topiko eta aurreiritzi horiek ezagutzen ote zituzten; erantzunetan asmatu duten; bat datozen guk emandako erantzun zuzenekin; aurreiritzi horiek oso zabalduta ote dauden; zerk eragiten duen gisako ideiak hedatzea; zer egin daiteke okerreko aurreiritzien aurka lan egiteko…

Euskara hizkuntza txikia da

“Hizkuntza txikia” horrekin zer esan nahi dugun argitu beharko genuke deus baino lehen. Hiztun kopuruaz ari baldin bagara, orduan agian bai, agian hitz egin dezakegu hizkuntza txikiez eta handiez. Baina garbi izanda kantitate hutsaz ari garela, hiztunen kopuruaz. Kontua da askotan beste zerbait ulertzen dela “hizkuntza txikia” esaten denean, eta normalean usain edo konnotazio txarra izaten duela horrek. Alegia, “hizkuntza txikia” entzuten dugunean, askotan bizitasun gutxiko hizkuntza ulertzen da, edo hizkuntza pobrea, edo garatu gabekoa, edo balio gutxikoa, edo… Eta alde horretatik, gure ustez behintzat, ez dago hizkuntza txikirik eta handirik. Munduan diren hizkuntza natural guztiek balio handia dute, edozein gauza eta behar dugun guztia adierazteko balio dute, konplexutasun ikaragarrikoak eta oso aberatsak dira… Hizkuntzak ezin ditugu, beraz, balio dutenaren araberako hierarkia batean jarri. Egia da, nolanahi ere, txikitasunak ez duela nahitaez konnotazio txarrik izan behar, eta gerok ere, euskaldunok, askotan balio on gisa erabiltzen dugula, gure txikitasunaz harro. Txikiak gara eta harro gaude. Baina txikitasun hori ongi azaldu eta zehaztu beharra dago, zertan garen txiki ongi azalduz. Alegia, beste hizkuntza batzuk baino hiztun gutxiago dauzkagu, eta hori ez da arazoa guretzat; baina gure hizkuntza, eta munduko hizkuntza “txiki” guztiak, ez dira hizkuntza “handiak” baino sinpleagoak, edo pobreagoak edo balio gutxiagokoak. Eta bestalde, zenbakiei begiratuta ere, txikitasun hori ere oso erlatiboa da. Jakina, gure ondoko hizkuntza “boteretsuekin” alderatuz gero, euskara txikia da: espainolak, frantsesak, ingelesak… hiztun asko dituzte, haien hiztunak milioitan zenbatzen dira. Baina munduko hizkuntza guztiak kontuan hartuz gero, gurea ez dago hiztun gutxien dituzten hizkuntzen taldean.

Euskarak 800.000 hiztun inguru dauzka. Munduan bizirik dauden 7.000 hizkuntzetatik % 80 inguruk 100.000 hiztun baino gutxiago ditu. Hau da, munduko hizkuntza gehienek gureak baino dezente hiztun gutxiago dituzte. Horrela begiratuz gero, ez da gurea, bada, “hizkuntza txiki” horietakoa. Baina horrek, esan bezala, ez du gurea beste horiena baino hobea edo ederragoa bihurtzen.

Euskara hizkuntza zaharra da

Oso topiko zabaldua da, eta, itxuraz behintzat, oso gure gustukoa. Eta txikitasunaren kasuan bezala, hori ere zehaztu eta argitu behar da. Hasteko, esan beharko genuke ez dagoela hizkuntza zaharragorik edo berriagorik. Munduko edozein hizkuntza hartuta, eta bere bilakaeran atzera eginez gero, hizkuntzak sortu ziren unera iritsiko ginateke. Ez dugu aurkituko historiaren edo historiaurrearen une jakin batean artifizialki sortutako hizkuntza naturalik. Hartu euskara, edo gaztelania, edo kitxuera, edo arabiera… atzera joan, eta hizkuntzaren edo hizkuntzen sorrera momentura iritsiko gara kasu guztietan. Ezagutzen edo kontrolatzen ez dugun une batera, betiere. Hizkuntzei izena aldatu zaie, eta orain gaztelania dena lehen latina zen, eta aurrerago indoeuroparra-edo, baina ez dago hausturarik, dena kate bat da, denboran atzera etenik gabe jarraitzen duena. Eta hori hala da munduko hizkuntza natural guztietan. Munduko hizkuntza guztiak, beraz, zentzu horretan behintzat, zaharrak dira. Ezin esan, horrela ikusita, bat bestea baino zaharragoa denik, noizkoak diren ere ez dakigu-eta! Beste kontu bat da, eta ezberdina da, hizkuntza batek toki jakin batean duen antzinatasuna. Alegia, noiztik dagoen hizkuntza bat toki jakin batean kokatuta. Eta horretan badaude aldeak. Esate baterako, euskara gaztelania baino askozaz lehenagotik dago Europako txoko honetan kokatuta, bizirik. Hori badakigu, eta gauza ziurra da. Euskara, beraz, hemen, Euskal Herrian zehazki, gaztelania baino zaharragoa da, eta baita Europako mendebaldean dauden beste gainerako hizkuntza guztiak baino zaharragoa ere. Euskara da mendebaldeko Europa zaharretik iraun duen hizkuntza bakarra. Baina beste hizkuntza horiek, aspaldiko garai haietan ere existitzen ziren: beste forma batekin eta beste toki batean, baina izan baziren. Ezinen diegu hori ukatu! Hori guztia esanda, ez diogu baliorik kenduko euskarak bertan duen antzinatasunari, eta horrek ematen dion berezitasunari. Garai bateko Europa zaharraren aztarna bat da, linguistikoki bakarra eta berezia agian, eta horrek besteak baino hobea bihurtzen ez badu ere, gauza interesgarria eta baloratzekoa badela esan genezake.

Euskara hizkuntza garbia da

Hori ere nahikoa barneratua daukagu. Agian gaur egun gure birao edo juramentu gehienak, gazteek batez ere, gaztelaniatik hartzen ditugulako. Ez da, hala ere, topiko berria, aspalditik esaten baita euskarak ez duela biraorik eta hitz zikinik.
Ziur asko hori esaten duenak ez zuen ikusi nahiko inguruan zer zuen, edo nolabaiteko puritanismoak bultzatuta esanen zuen. Euskarak baditu, jakina, beste hizkuntzen morrontzarik gabe jendea iraintzeko, biraoak botatzeko edo gauzak zakar adierazteko baliabideak. Propioak, bere baitatik sortuak, edo baita inguruko erdaretatik hartuak eta geurera moldatuak ere. Itxura, forma eta esanahi gordineko hitzak, esamoldeak eta esaldiak ere erabili ditu euskaldunak bere hizkuntzan, gainerako hizkuntzetako hiztunek beren hizkuntzetan egin duten bezalaxe. Gaur egun askoz errazago eta maizago erabiltzen ditugu erdaratik zuzen zuzenean hartu eta egokitu gabekoak, esate baterako, baina hori ez da beti horrela izan. Eta horren froga dugu azken urteotan argitaratu diren euskarazko biraoen bildumak eta zerrendak. Esate baterako, Juan Jose Zubirik eta Patxi Salaberrik argitaratutako Biraoak.
Nafarroan bilduak 342 orrialdeko liburua, edota Bittorio Lizarragak Leitzako hitz, forma eta esamoldeekin osatutako lana, Fontes Linguae Vasconum aldizkarian argitaratua: Leitzako hizkera adierazkorra: biraoak. Fontes Linguae Vasconum. 103. 2006.

Euskara hizkuntza zaila da

Hori ere makina bat aldiz entzun dugu. Ez dugu esanen hizkuntza bat ikastea oso gauza erraza denik, eta ahaleginik eskatzen ez duenik. Hizkuntzaren bat ikastea zer den probatu duenak badaki saiatu beharra dagoela. Eta euskararen kasuan ere hala da. Kontua da euskararen kasuan askotan esaten dela bereziki zaila dela, eta munduko hizkuntzarik zailenen artean dagoela ere entzun izan dugu.Hizkuntzalariek badakite, ordea, berez ez dagoela hizkuntza zailagorik edo errazagorik. Hizkuntzen artean badira aldeak, eta batzuetan gramatikaren atal jakin batzuk sinpleagoak dira, eta beste batzuetan konplexuagoak. Baina hizkuntzen artean badago nolabaiteko oreka, eta konplexutasunean eta zailtasunean denak antzekoak edo berdintsuak dira. Zergatik? Beharbada hizkuntzak gure burmuinarekin oso lotuta daudelako, eta haren ezaugarrien ondorioa direlako. Pertsonen artean eta herrien artean badaude aldeak, bistan da, baina munduko gizaki guztiok oso antzekoak gara, eta oso antzekoak dira gure burmuinak. Sor genitzakeen hizkuntza guztiek, beraz, antzekoak izan beharko lukete. Bestalde, herri batek oso hizkuntza konplexua eratuko eta erabiliko balu, ikasteko edo eskuratzeko oso zaila dena, ziur asko ez lioke asko iraunen, beste hizkuntza batzuen ondoan ez litzatekeelako oso praktikoa izanen eta, eraginkortasunak bultzatuta, alde batera utzi beharko lukeelako. Azkenik, beste balizko azalpen bat ere eman dezakegu: munduko hizkuntza guztiak, beren oinarrian eta egituran, berdinak dira. Ikusten, sumatzen eta gozatzen edo sufritzen dugun aniztasuna eta ezberdintasuna, azken batean, azaleko kontu bat besterik ez da. Baina egia da, ezin ukatu, guri errazagoa egiten zaigula hizkuntza bat ikastea beste bat ikastea baino. Adibidez, errazago ikasiko genuke katalana nepalera baino. Hori ez da, ordea, katalana berez errazagoa delako nepalera baino. Indiako herritar batek ziur asko nepalera errazago ikasiko luke katalana baino. Errazago edo zailago bihurtzen duena abiapuntua da. Guretzat katalana erraz samarra izan liteke gaztelaniaz badakigulako eta hizkuntza horiek elkarren hurbilekoak eta antzekoak direlako. Indiakoarentzat, berriz, katalana oso arrotza izanen da, eta oso zaila gertatuko zaio. Euskara, beraz, ez da berez beste hizkuntzak baino zailagoa, baina zaila egiten zaio gure inguruko erdaldunei beren abiapuntuko hizkuntzak, normalean gaztelania edo frantsesa, oso ezberdinak direlako. Nolanahi ere, eta atal honekin bukatzeko: euskara ikasteak ahalegina eskatzen duela bistakoa izan arren, garbi dago behar adinako motibazioarekin eta gogoarekin ikas daitekeela, ongi gainera, gure inguruan ditugun euskaldun berri askok ederki asko erakutsi diguten moduan.

Euskara hizkuntza berezia da

Euskara berezia baldin bada, aurreko punturen batean aipatu ditugun arrazoiengatik izanen da akaso. Testuinguru jakin batean, Europako mendebaldean, hizkuntzen mapa zaharrenetik iraun duen bakarra da, eta hizkuntzari eusteko grinaren, erabakiaren, edo dena delakoaren erakusgarri berezia da, agian ez oso ohikoa. Egonen dira egoera hori azalduko duten arrazoiak eta faktoreak, baina egia da gutxienez deigarria dela. Baina askotan euskararen berezitasuna euskararen barruko ezaugarriei lotu diogu. Gure ondo-ondoko hizkuntzen aldean nahikoa desberdina denez gramatikan eta beste zenbait ezaugarritan, oso hizkuntza berezia dela pentsatzea erraza da. Gure inguruko hizkuntzak, gaztelania, frantsesa, katalana, galiziera… erromanikoak dira, familia bereko senide hurbilak denak, eta elkarren artean antzekoak, antzeko ezaugarriak dituztenak. Eta gurea, horien ondoan, desberdina. Baina munduan hizkuntza asko dago, eta gure euskarak dituen ezaugarri berezi horiek han edo hemen ere aurki ditzakegu. Bereziak gara hemen, Europako txoko honetan, baina ez hainbeste mundu osoko hizkuntza aniztasuna kontuan hartzen baldin badugu. Adibide bat: gure ondokoei berezia irudituko zaie agian gure esaldien subjektuetan NI eta NIK bereiztea. NI etorri naiz, eta NIK esan dut. Gaztelaniaz YO he venido eta YO he dicho esaten dute, bi kasuetan berdin. Guk ez. Hizkuntza ergatiboa da gurea, ondokoak ez bezala. Baina berezitasuna ematen duen ezaugarri hori gertaera arrunta da munduan barna, eta asko dira hizkuntza ergatiboak. Ez denak modu berean, baina hizkuntza ergatibo asko dago. Eta berdin euskararen beste ezaugarri batzuekin. Bereziak dira gure testuinguru geografikoan, baina ez hainbeste mundu osoko hizkuntzak kontuan hartuz gero.

Euskara baserriko hizkuntza da

Euskarak historian zehar nozitu duen atzerakada sozial eta geografikoan, landa ingurua eta baserria izan da sarritan haren gotorlekua, euskarari hobekien eutsi dion gunea, eta horrek euskararen eta baserriaren arteko identifikazioa sortu du. Herritik eta kaletik desagertu den hainbat kasutan, baserriak eutsi dio. Baina ideia horri ñabardurak egin behar zaizkio. Euskara, historian zehar, idatziz ez bada ere, herri eta hiri txiki nahiz handietako herritarren hizkuntza izan da. Herritar xeheena, baina baita agintari eta “goi-mailako” pertsonen ahozko hizkuntza ere. Iruñeko hizkuntza ere izan da, historian zehar. Gaur egun ere, euskara hizkuntza nagusi den hainbat herri dugu Euskal Herrian, eta horietako asko herri txikiak, landa girokoak eta baserri ugarikoak diren arren, 5.000 eta 15.000 biztanle bitarteko herri oso euskaldunak ere baditugu, aski industrializatuak eta baserri giro murritzekoak. Bestalde, euskarak aspaldi frogatua dauka zernahitarako hizkuntza dela, mendeetako ibilbide literarioa duelako, unibertsitatean erabiltzen delako, hedabide propioak dituelako, euskaraz ere zientzia egiten delako, lan-munduan erabiltzen delako, rokanrola euskaraz entzun dezakegulako, baditugulako euskarazko programa informatikoak… eta edozein behar asetzeko balio digula aspalditxo ikusi genuelako. Baserriko hizkuntza izateak ez du inolako irakurketa negatiborik izan behar. On da hala izatea, horretaz gainera merkataritzako, eskolako, administrazioko, zientziako, kaleko… hizkuntza ere baldin bada. Eta hala da, espazio horietan guztietan euskararen erabilera guk nahi bestekoa ez den arren.

Euskara hizkuntza pobrea eta sinplea da

Batzuek uste dute, baita esan ere, hizkuntza batzuk primitiboagoak eta sinpleagoak direla. Jakina, gogoan dituztenak Afrikako, Amazonaseko edo Australiako tribuen hizkuntzak dira. Uste dute ez direla hain hizkuntza eboluzionatuak, sinpleagoak direla, ez hain zehatzak… Hori guztia aurreiritzien eta ezjakintasunaren ondorioa da.

Hizkuntza horiek aztertu eta ezagutu dituzten hizkuntzalariek garbi esan eta erakutsi dute hizkuntza horien egitura gainerakoena bezain aberatsa eta konplexua dela. Ustezko hizkuntza primitibo horien zenbait ataletan (aditza eta morfologia, esaterako), batzuetan sistema oso konplexuak agertzen dira, eta guk adierazi ezin ditugun gauzak adieraz ditzakete. Adibidez: hizkuntza batzuetan, marka morfologiko baten bitartez (aditzaren barruan dagoen soinu jakin bat), adieraz daiteke esandako hori entzundakoa den, ikusitakoa den, norbaitek kontatua den, ustea besterik ez den… Oso ñabardura zehatzak egiteko balio duen sistema da, gure inguruko hizkuntza “modernoek”, esaterako, ez dutena. Edozein hizkuntza, baita tribu galduenaren hizkuntza ere, gizakiaren eboluzioaren eta sormenaren produktu zoragarria da, izugarrizko konplexutasuna duena. Kasu guztietan, hizkuntzak herri edo kultura horri balio dio bere bizitza egiteko. Eta bizimodua aldatzen bada, hizkuntza bera ere egokituko da, baduelako horretarako malgutasuna eta potentziala. Hizkuntza guztiek dute gaitasuna eta behar adina baliabide edozein gauza adierazteko, abstraktua nahiz zehatza izan, kulturala, metafisikoa edo teknologikoa.

Euskara oso hizkuntza kutsatua da

Kutsadura ez da hizkuntzen arteko harremana adierazteko termino egokia, besteak beste, oso konnotazio txarra duelako, eta zenbaitetan oso normalak, ohikoak eta ezinbestekoak diren fenomenoak azaltzen ditugulako hitz horrekin. Hizkuntzen artean hitzak trukatzea eta mailegatzea gertaera guztiz arrunta da, saihestezina, eta ohikoa. Munduko hizkuntza guztiek, batzuek gehiago eta beste batzuek gutxiago, beste hizkuntza batzuetatik hartutako hitzak dituzte. Nazioarteko hizkuntzarik zabalduenak ere (ingelesa, frantsesa, gaztelania…), elkarri hartutako hitzez josita daude. Eta askotan, hiztunak berak ez daki “bere” hitz hori auzo-hizkuntzari hartu zaionik. Hizkuntzen artean hitzak mailegatzea ez da, berez, gauza “txarra” edo saihestu beharrekoa, konplexua edo lotsa eragin behar diguna, eta beste hizkuntza batzuetatik hartutako terminoak erabiltzeak ez du esan nahi hizkuntza kutsatua dagoenik, termino horiek asko izan arren.Bestelako kontua da ikustea elkarri maileguak egiteko joera horretan ematea eta hartzea ez dela modu orekatuan gertatzen. Bistakoa da, hiztun komunitateen arteko botere harremanen ondorioz, ingelesa dela gaur egun gainerakoei hitz gehien ematen dien hizkuntza. Euskarak ere, bere historian zehar, eman baino gehiago hartu egin du. Mailegu hartze hori modu “jasangarrian” gertatzen den bitartean, ez dugu hizkuntza kutsatua dugunik pentsatu behar. Neurrikoa den bitartean, hizkuntza ez zaigu beste baten baitan “diluituko”. Arazoa gerta liteke maileguek neurria gainditzen dutenean, masiboki modu traketsean jasotzen direnean, edota hiztegiaz gainera gramatikako eta sintaxiko bestelako ataletan ere neurri gabe gertatzen direnean. Ez da hori, oraingoz bederen, gure kasua. Bestalde, sarritan, “kutsatuaren” irudia eman dezakeena ez da euskara bera, euskaldun partikularren hizkuntza jarduna baizik, zenbait arrazoi direla-eta euskarak eskaintzen dizkigun baliabideei muzin egin diogulako: erabateko utzikeriaz edo alferkeriaz jokatzen dugulako; baliabide horien jabe ez garelako; komunikaziorako erregistro “nahasi” bat nahita hautatu dugulako… Arrazoi horiek edo beste batzuk direla medio, erdaratik hurbil samar dagoen hizketa moldea erabiltzen dugu, eta hizketa kutsatuaren sentsazioa handitzen da. Horrek, nolanahi ere, badu irtenbidea, neurri batean hizkuntza komunitateari baina beste zati batean hiztunari berari dagokiona.

4 erantzun “Erruleta” bidalketan

  1. Ariketa hau gustatu zait, ez dakit nola eramango dudan aurrera gelan, baina interesgarria iruditzen zait erruleta moduan lantzekoa, gaia euskara izanik, gure hizkuntzaz hitz egiteko.

  2. Pingback: Erruleta 1: euskara hizkuntza txikia da - Garaigoikoa

  3. Pingback: MOTIBAZIOA SUSTATZEKO BALIABIDEAK, BLOG ERABILGARRIA | Maxixatzen

  4. Pingback: Erruleta: aurreiritzien kontrako argudioak - Garaigoikoa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude