Ibaiaren teknika

Hasmentako oharra

IbaiaJarduera honen helburua bakoitzak norbere hausnarketa egitea da eta hizkuntzaren hari afektiboa ernatzea eta bestea hobeki ulertzea. Jarduera sakona da, ikasleek beraiek egin behar dute hausnarketa, ahal dela irakasleak eskua sartu gabe.

Ibaian jasotzen dena, ahal den neurrian behintzat, bizipen pertsonalak izan daitezela, eta ez hainbeste testuinguru edo gertaera sozialak.

Irakasleak berak aurretik ariketa hau egitea gomendatzen dugu.

Irakaslearentzako argibideak

Irakasleak Ni eta Euskara testua irakurriko du, edota grabazio bat egin eta hura jarriko du.

Ikasleek begiak itxita dituztela, euskarak gure bizitzan egin duen ibilbidea ikusarazten lagunduko digun testua (NI ETA EUSKARA) irakurriko diegu. Poliki eta isilune asko eginez irakurri behar da, isilune horietan pentsatzeko aukera emanez. Nahi izanez gero, musika jarriko dugu.

NI ETA EUSKARA testua

Euskara eta ni, ni eta euskara,

Noiztik elkarrekin? Betidanik?

Betidanik lagun min? Ala betidanik ezagun?

Estua izan al da zuen harremana?

Estua al da orain zuen harremana?

Izan al da harremana sendotu duen gertakizunik?

Izan al da harremana ahuldu duen gertaerarik?

Euskarak emango zizkizun une gozoak?

Eta zuk euskarari?

Euskara dela-eta izango zenituen une lantzak? Eta zuregatik euskarak?

Beti biak ala izan al da hirugarrenik?

Zer eragin du inguruak harremanean? Eta ingurukoek?

Nola zaudete euskara eta zu orain?

Ibaia Ibaia Ibaia

Testua irakurri ondoren, memorian zehar egindako bidaian ikusi dutenaren inguruan hausnartzeko eskatuko diegu; haien memorian mugi daitezela eskatuko diegu, gaurko egunera iritsi arte.

Ondoren, begiak irekitzeko eskatuko diegu, eta NI ETA EUSKARA ibaia marraztuko dugula azalduko dugu. Bakoitzak nahi duen edo eroso sentitzen den tokia aukeratuko du, eta papelografo (paper txuri handi bat) txuri batean “Ni eta euskara: ibilbide historikoa” marraztuko du. Ibaiaren irudia erabiliko dugu marrazkia egiteko, eta norberaren bizitzan euskararekin izan dugun harremana, bizipenak, sentimenduak… islatuko ditugu bertan. Arestian egindako memoria-ariketan ikusi eta sentitu dituzten une eta gauza guztiak jasotzeko eskatuko diegu, eta denak ibaiaren irudian jartzeko.

Ibaia egiteko behar adina margo, errotulagailu, koloretako paper, guraize… izango dute lurrean.

Ibaiaren marrazkia bukatu ondoren, nork bere ibaia aurkeztuko du taldekideen aurrean. Taldea handiegia ez bada, talde osoaren aurrean egingo da aurkezpena. Handiegia izanez gero, talde txikitan banatuta egingo da sozializazioa. Sozializazioak eta norberaren ibaiaren azalpenak, bestalde, behar adinako sakontasuna izan behar du, oso azaleko azalpen arinak saihestuz. Horretarako, lagungarri gerta liteke lehendabiziko azalpena dinamizatzaileak berak edo ariketaren nondik norakoaz jabetuta dagoen pertsona batek egitea. Ibaiak sozializatu direnean, entzundakoaren inguruko ondorioak aterako dituzte, behar izanez gero zenbait galdera planteatuta: berdintasunak eta ezberdintasunak, zenbateraino eragiten digu jatorriak eta inguruak…

Ibaia ariketa luzea eta sakona da, eta aurrera begirako datu eta elementu asko ematen ditu. Horrela azalduko zaio taldeko kide guztiei.

* Elhuyar Fundazioaren materialean oinarritutako ariketa.

1 thought on “Ibaiaren teknika

  1. Pingbacka: Ibaiaren teknika: balorazioa | MSB

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude