Norberaren hizkuntza historia

Irakaslearentzako argibideak

Ikasleek beraiek egin behar dute hausnarketa, irakasleak eskua sartu gabe.

Jardueraren helburuak:

  • Ikasleak ohartzea eta gogoeta egitea egindako galderen inguruan.
  • Besteen egoerak ezagutu eta ulertzeko ahalegina egin.
  • Askotako egoerak daudela jakin.
  • Egoera guzti horiek geureak direla ohartu.

Ariketa honen bidez, hizkuntza egoera ezberdinak partekatzea bultzatuko dugu. Azken eztabaidan, ikasleek 4/5 ideia nagusi atera ditzaten bidea jartzea litzateke irakaslearen lana. Hau da, irakasleak dinamika bideratuko du ikasleek euren hausnarketak eta ondorioak atera ditzaten.

Ikasleentzako argibideak

Hona hemen 4 gaztetxok emandako testigantzak. Irakurri ondoko galderak egin zaizkienean, nola eta zer erantzun duten:

  • Etxean euskaraz hitz egiten zenuen eskolan hasi aurretik edo eskolan ikasi duzu euskara? Eta lagunekin nola egiten duzu?
  • Zein da zure lehenengo oroitzapena hizkuntzarekin/ euskararekin lotua? Kanta bat, ipuin bat edo beste zerbait?
  • Ba al duzu bitxikeriaren bat kontatzeko horren inguruan?

1 testigantza: Iruñekoa (etxetik euskaldun)

Nire lehenengo oroitzapena da nire amak “Isil Isilik dago” kanta abesten zidala. Horrela lasaitzen ninduen negarrez hasten nintzenean.

Haurtzaindegian ez nituen laguntzaileak ulertzen. Euskaraz bakarrik nekiela konturatu ziren arte eta orduan hasi zitzaizkidan aginduak euskaraz ematen.

Ikastolan hasitakoan nire lagun gehienak gaztelaniaz bakarrik hitz egiten zutela konturatu nintzen. Baina, gero euskara ikasi zuten;  batzuetan euskaraz eta beste batzuetan erdaraz egiten genuen gure artean.

Orain etxean eta institutuan egiten dut euskaraz. Eta lagunekin –eta ez dakit zergatik, zer denak euskaldunak gara– eta aitona-amonekin erdaraz aritzen naiz.

Unibertsitatean karrera euskaraz egitea gustatuko litzaidake.

2. testigantza: Arangurengoa (euskara eskolan ikasia)

3 urterekin eskolan hasitakoan klasean sartu eta hor zegoen maistrak oso arraro hitz egiten zuen. Etxera joandakoan amari esan nion maistra horrek ez zekiela hitz egiten. Dena keinuz eta mugimenduekin azaltzen zuela eta ez niola ezer ere ulertzen, eta ez nuela eskolara joan nahi.

Laster konturatu nintzen euskaraz ari zela, eta gero eta gehiago ulertzen niola eta oso ongi pasatzen nuela nire lagunak ere nirekin batera euskara ikasten ari zirelako.

Nire amonak ere hitz egiten zuen eta batzuetan kanturen bat edo hitz goxoren bat ere esaten zidan.

Etxean gaztelaniaz hitz egiten dut, baino Musika Eskolan klaseak euskaraz ematen dizkigute.

Lagunekin erdaraz egiten dut, baina euskara ere gustukoa dut.

3. testigantza: Arizkungoa (euskararekin konplexua)

Nere amatxi ta aitetxin artian eskuaraz aitzen ziren, ta herrien ere, feritan ta hola batzutan eskuaraz aitzen zen.

Etxian ere eskuaraz in izen dugu gehienbat, baina gero karrikarat atra ta erderaz iten ginuen. Pediatrak ere etzekin eskuaraz.

Gurasoek erraten zataten eskuara jakitea ongi zela, baina arras inportantia dela erderaz ongi solastia, ze Iruñerat gatekuan, ongi iten ez bauzu irri iten datzute.

4. testigantza: Arbizukoa (euskararekin eroso)

Gui herriyen, itxen beti euskias hitz ein duu. Itxen euskaldunek gaala aipetzen da ta kalien denok euskias etten duu. Kanpoti etorritakoek, Altsasuti o Iruñeti, hoiek bakarrik etten dubie erdias.

Gu oso pozik gaude laun tartien euskias etten, hitzek sortzen, txistiek ta pasadizoek kontatzen. Ikusten duzubien bezela gui hizkera de bakau. Askotan eztakiu ongi ai gan, ze gurasoek esaten diu hoi ez tela hola esaten ta holako kontubek, beya guk hola ongi pasatzen du.

Kontsignak: Ereduak irakurri dituzue, orain idatzi zuen erantzunak (5-10 bat lerro) hasieran egindako galderei:

    • Etxean euskaraz hitz egiten zenuen eskolan hasi aurretik edo eskolan ikasi duzu euskara? Eta lagunekin nola egiten duzu?
    • Zein da zure lehenengo oroitzapena hizkuntzarekin/euskararekin lotua? Kanta bat, ipuin bat edo beste zerbait?
    • Ba al duzu bitxikeriaren bat kontatzeko horren inguruan?
  1. Idatzitakoan, taldeka (4-5naka) arituko zarete elkarri zuek idatzitakoa kontatzen.
  2. Ikasleek idazten dituzten kontakizunak elkarrekin trukatuko dituzte.
  3. Atera diren 4/5 ideia nagusienak laburtu eta ikastalde guztiei banatu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude