Irakaslearentzako argibideak
Ikasleak martetarrak izanen dira eta ikasle bakoitzak bere zenbakia izanen du: 1, 2, 3, 4, 5, 6, 7 eta 8. Zenbakiak ez dira errepikatuko. Zenbakia orri batean idatziko dute eta lepotik zintzilikatuko dute.
Gehienez 8 ikasleko biribil bat eginen dugu. Gelan ikasle asko izanez gero, jarduera txandaka egin beharko dute.
Hasteko, taldekide bakoitzak euskararen inguruko bizpahiru lelo luze idatzi beharko ditu papertxo batean. Leloak positiboak izan daitezen eskatuko diegu.
Ariketari hasiera emateko, 8 martetarrak biribilean jarriko dira, eskuetako bi hatz lodiak belarrietan eta eskuak zabalik dituztela, antenak bailiran, horrela:
Jarduerarekin nor hasiko den zozketaz aukeratuko dugu. Berak erabakiko du nori bidaliko dion mezua. Eman dezagun 2. martetarrari dagokiola hastea. Bada, hautatzen duen martekideari horrelako zerbait esanen dio: “Hemen 2. martetarra, 2. martetarra 5. martetarrari deika, deika, deika: ni euskalduna naiz eta euskaraz ari naizenean, ongi sentitzen naiz; txanda eta kitto”.
Ondoren, 5. martetarrak beste kide bati euskararen inguruko mezu hori bidaliko dio, baina aurrekoak baino azkarrago esan beharko du. Horrela, leloa batetik bestera pasatzerakoan abiadura handitzen joanen dira, 8 martetarrak lelo bera errepikatu arte.
Norbaitek motelago egiten badu, esaldia esatean huts egiten badu edo deitutakoan berehala erantzuten ez badu, leloaren transmisioa eten eginen da. Ondoren, berriro zozketa egin beharko da eta beste lelo bati ekinen zaio.
Ausazko zozketa horietan aurretik bere leloa eman duen martetarrari hastea egokitzen baldin bazaio, ezin izango du lehenago erabilitako leloa berriz ere erabili, alegia, beste norbaitek proposatutako lelo bat helarazi beharko zaio.
Bitartean, irakasleak erabili diren leloak arbelean idatziko ditu eta, aldi berean, talde bakoitzean transmititu diren leloak (8 martetarrek ongi transmititzea lortu dituztenak) kontatuko ditu.
Amaitzeko, arbelean idatzitako esaldiak aztertu eta hausnarketa egingo da. Aukera batzuk egin daitezke: politena, biziena, esanguratsuena, sakonena, luzeena, adierazkorrena…
Material osagarriak
Lepotik zintzilikatzeko orria zenbakiarekin eta soka, pintza edo orria eskegitzeko zerbait .
* Elhuyar Fundazioaren materialean oinarritutako ariketa.