Inguruko hizkuntza jarrerak

 

Irakaslearentzako argibideak:

Aurkezpena

Helburua hauxe da: gure inguruko jendeak euskararekin duen jarrera aztertzea.

Horretarako,Thurstone-ren eskala erabiliko dugu.

Louis Leon Thurstone estatubatuarrak (ingeniaria, psikologoa eta psikometrian aditua) asmatu zuen jarrera-eskala jendearen iritzia inkesten bitartez jasotzeko. Inkesta horiek prestatzeko, hainbat esaldi edo esakune osatzen ziren iritziekin; eta, gero, horiek jendeari nahasita ematen zitzaizkion, nork nahi zuena aukeratzeko. Eskala horrek propagandan eta iragarkien munduan eragina izan zuen.

Oinak

Ariketa

Ariketa honetan, eskala bat sortuko dugu, eskala erraza, jakina, eta ikasleak ikerlari bihurtuko ditugu, modu xumean.

-Horretarako, ikasleek 6 esaldi edo esakune asmatu beharko dituzte, guk emandako oinarrizko eskala (irizpideak) kontuan hartuta. Irizpide bakoitzarekin esaldia asmatu, eztabaidatu eta ongi adierazi beharko dute. Esakune horiek edozein gai aztertzeko erabil daitezke. Gure kasuan, euskararekiko jarrerak aztertzeko erabiliko ditugu. Euskararen egoerara moldatu beharko da abiapuntutzat hartu dugun eskala (Eivissako eredua).

-Esaldiak edo esakuneak asmatu eta eztabaidatu ondoren, nahasi egingo ditugu.

-Gero, ikasleak eskala eskuan dutela, kalera joango dira  jendartearen iritzia jasotzera.

-Azkenik, jasotako iritziekin ondorioak aterako ditugu. Bildutako iritziek hausnarketarako parada emango digute (dinamikan (esteka) azaltzen den moduan).

Eskala bera egitea eta eztabaidatzea aberatsa izan daiteke ikasleek inkesten teknika ikas dezaten; eta, aldi berean, jarreretan, sakon-sakonean, dauden pentsakerak zein sinesmenak azter ditzaten.

Irakasleak, berriz, ariketa gidatu egin behar du, beti ere ikasleen lana nahiz hausnarketa errespetatuta. Eta ikasleek laguntza eskatuko balute edo bidetik urrunduko balira, orduan lagundu. Irakasleak eskala prestatzen lagun diezaieke, zailegia suertatzen zaiela ikusiz gero.

Ondoan duzue ikasleek Eivissan egindako lana (euskararen egoerara egokitua), eredutzat hartzeko.

Eivissako_eredua

Dinamika

Lana osorik eginez gero, denbora behar da, hau da, saio batzuk beharko dira.

INKESTA PRESTATU

-Ikasleei helburua eta lan dinamika azalduko diegu, eta hori egindakoan, taldeak egingo ditugu (5-6 ikasle, taldeko). Gero, talde bakoitzak sei esaldiak idatzi eta eztabaidatu egingo ditu, eskala egiteko emanen dizkiegun oinarriak (irizpideak) kontuan hartuta. Irakaslea taldez talde joanen da laguntzera.

-Talde bakoitzak arbelean idatziko ditu bere sei esaldiak; gero, ikasle guztien artean, eztabaidatu ondoren, eman zitzaien eskalari (irizpideei) gehien egokitzen zaizkien sei esaldiak aukeratuko dituzte. Hautatutakoekin inkesta egingo da, baina sei esakune horien hurrenkera nahastuta aurkeztuko da, modu honetan: 5., 2., 3., 6., 1., 4.

adibidea

KALERA JOAN, INKESTA EGITERA

Kalera atera aurretik, gaztelaniara itzuliko dugu, bi hizkuntzetan izateko.

Hurrengo saiorako, ikasle bakoitzak, kalean, inkesta kopuru bat ( gelan erabakitzen den kopurua) egin beharko du: 5 inkesta, 8 inkesta edo… egokia iruditzen zaiguna, alegia. Nahi izanez gero, binaka edo hirunaka egin dezakete, baina, noski, orduan, gutxieneko kopurua handitu behar da (adb:15-20 inkesta taldeko).

Inkestatuari sei esaldiak irakurri eta erakutsiko zaizkio eta inkestatuak berak ordenatuko ditu seiak, bere iritziaren arabera: egokienetik (1) desegokienera (6), seiak sailkatu arte.

EGINDAKO INKESTAK AZTERTU

Kalean bildutako inkestak talde txikian aztertu. Errazte aldera, ebaluatzeko eskala erraztu egingo dugu. Inkestatu bakoitzari, eman dituen lehenengo hiru puntuazioak kontuan hartuta, puntuazio orokorra emango diogu. Adibidez, pertsona batek 3. esaldia aukeratu du lehenengo tokian (3 puntu), 4. esaldia bigarrenean (4 puntu) eta 1. esaldia hirugarrenean (puntu bat). Osotara 8 puntu ditu. Batez bestekoa: 8/3=2,66 balorea. Horrek esan nahi du 2. eta 3. esaldien artean dagoela bere iritzia.

Kontuan hartu batez besteko puntuazioa 2 eta 5 artekoa izango dela. Inkesta guztien batez bestekoa egin daiteke eta esaldi bakoitzean zenbat lagun dauden ere bai, inpresio orokorra izateko.

Beste aukera bat, erraz neurtzekoa, honakoa izan daiteke: esaldi bakoitza zenbatek hartu duten 1. postuan esatea.

ONDORIOAK ATERA

Ikasleei esan behar zaie emaitza horiek tentuz hartu behar direla, izan ere, inguruko jendearen benetako jarreraren adierazle izateko inkesta fidagarriagoak eta sistematikoagoak egin beharko genituzke, lagin handiagoa hartu eta beste baldintza batzuk bete.

Talde handian aztertuko dira inkestaren bidez jasotako jarrerak, sumatutako pentsaerak, sinesmenak, aurreiritziak, sentipenak…; horien zergatiak eztabaidatu; zer esan nahi duten erantzunen emaitzek; aldekoen eta ez hain aldekoen arteko aldea; muturreko jarrerarik ote dagoen; eta abar. Adibidez, gerta daiteke oso erantzun kaxkarrak biltzea eta ikasleak frustratzea, inpresio txarra jasotzea edo ezkor gelditzea. Kasu honetan, irakasleak alderdi positiboak bilatu beharko ditu eta diskurtsoa gidatu, ondorio baikorrak sustatzeko.

Ariketa DBHko 2. mailarako prestatu da. Hala ere, dinamika egokitu ahal da beste ikasmaila baxuagotan erabiltzeko. Adibidez, eredu moduan proposatzen den Eivissako eskala zuzenean hartu, eta eskalaren ebaluazioa aplikatu beharrean, esaldi bakoitzeko lehenengo aukera zenbatek hautatu duten aztertu.

Ikasleentzako argibideak:

Eskala egiteko oinarriak (irizpideak):

1. esakunea. Oso aldeko iritzia (sutsua). Gaiarekiko gogo bizia eta erabateko konpromisoa azaldu behar du.

2. esakunea. Aldeko garbia. Oso aldeko joera erakutsi behar du, baina gogo eta konpromiso gutxiagokoa.

3. esakunea. Aldekoa baina konnotaziorik gabea (aseptikoa). Ez du ez gogo ez konpromisorik azalduko. Esaten duena esango du, beste ezer gehitu gabe.

4. esakunea. Kontrako jarrera biguna (paternalista). Kontrakoen artean aldekoa nolabait; eskuarki, hori modu paternalistaren bidez azaltzen da. Hau hautatzen dutenak ez dira jabetzen kontrako jarrera dutenik.

5. esakunea. Kontrako garbia. Garbi adierazten du bere kontrako ikuspuntua, nahiz eta ez duen zertan zakarra izan behar.

6. esakunea. Erabat kontrakoa eta karga emozionala du. Ezer ezkutatu gabe bere erabateko kontrako jarrera adierazten du.

 (Oinarrizko informazioa Bernat Joan i Maríren “Hizkuntza jarrerak lantzen” liburutik atera da. Ulibarri Programa, 15. zenbakia. Euskara Zerbitzua. Eusko Jaurlaritza.)

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude