Zure hizkuntza, zure erabakia

Irakaslearentzako argibideak

Joko honen abiapuntua  ezaguna da: nerabeek eta gazteek gauza ugari egiten dituzte taldean onartuak izateko eta ez, zinez, gustukoak dituztelako. Teoria honen arabera taldean erabiltzen den hizkuntza taldeak berak  bultzatzen duela gauza nabaria da. Hortaz, maiz, euskara erabili nahi duten gazteek taldearen arauen traba izaten dute; taldeetan, oro har, ezarritako konbentzioek agintzen baitute. Gainera, batzuetan, taldeak oso gogor jokatzen du bere arauak betetzen ez dituenaren kontra. Joko honen xedea ikasleak horretaz jabetzea da eta euskal hiztunaren erabakitzeko ahalmena sendotzea nahiz bultzatzea.

people 1

Jokoaren azalpena:

1. Irakasleak behean agertzen diren egoeren txartelak eramango ditu gelara (ikasle taldearen arabera,  egokiak iruditzen zaizkion beste batzuk txerta ditzake).

Probak egiteko proposamenak:probak

2. Txapelketa egiteko lau ikasleko taldeak osatuko ditugu. Talde bakoitzari, zoriz, zenbaki bat egokituko zaio  (hori izanen da lehian sartzeko hurrenkera). Lehenengo hiru taldeak hasiko dira jokatzen eta gainerakoak epaileak edo ikusleak izanen dira. Txandaka, talde guztiek parte hartuko dute.

3. Jokoaren hasieran gela osoak 9 puntu besterik ez du izanen, eta hasiko diren lehenengo 3 taldeei 3na puntu emanen zaizkie. Lehiaketaren helburua jokoaren bukaeran gelak puntu gehiago izatea da.

4. Talde bakoitzak 6 proba (6 txartel) egin beharko ditu. Taldekide guztiek gutxienez behin parte hartu beharko dute.

5. Epaileen/ikusleen lana proba ongi egina dagoen ala ez esatea izanen da. Epaileek bozketa bidez erabakiko dute lana nola egin den:

puntuak_cr

6. Talde bakoitzak laguntza eskatzeko bi aukera izanen ditu, baldin eta  probaren bat  egin nahi ez badu. Laguntza beste talde batekoek edo epaileek eman dezakete, edonork. (Laguntza eskatuta, inork lagundu nahi ez badio, taldeak 2 puntu galduko ditu. Norbaitek laguntza ematen badio, eta epaileen ustez proba ongi egin badu, taldeak 2 puntu eskuratuko ditu; gaizki egin badu, ordea, taldeak puntu bat galduko du.)

laguntza

7. Talde bat punturik gabe geratzen bada 6 probak egin baino lehen, lekua hurrengo taldeari utziko dio eta epaile izatera pasatuko da. Lehiaketan sartuko den taldeak hiru puntu izanen ditu.

8. Talde batek dagozkion 6 probak bukatzen dituenean hurrengo taldeari emanen dio txanda. Aurreko taldeak eskuratutako puntuekin hasiko da talde sartu berria.

Oharrak

Lehiaketa bat-batean egin behar da, alegia, prestatzeko denbora tarterik eman gabe. Behar izanez gero, ados jartzeko segundo batzuk eman.

Talde osoaren (gela) eta talde txiki bakoitzaren puntuazioak arbelean apuntatuko dira.

Txapelketa amaitu ondorengo hausnarketarako galderak: nola sentitu diren, zergatik egin duten edo ez duten egin eskatutako proba, zer sentitu duten laguntza jaso dutenean… Hausnarketak balioko du ikusteko egin dituzten zenbait gauza ez dituztela egin haiek nahi zutelako, ikaskideen presioagatik baizik: lotsagatik, beldurrez besteen iritziaren aurrean, gaizki hitz egiteko beldurrez eta abar.

Hausnarketa lasai bideratzea garrantzitsua da ikasleak nahi duen hizkuntza hautatzeko duen aukera urriaz jabetzeko. Beraz, euskararen erabilerari buruz hausnartu eta taldeak norbanakoarengan duen eragina aztertuko dugu.

Beharrezko materiala:

  •  Epaileek bozkatzeko txartelak.

Beste aukera bat. Euskararen erabilerarekin lotutako esaldi bat aukeratu, esaterako:

“Hizkuntza xaboiaren alderantzizkoa da: zenbat eta gehiago erabili xaboia, orduan eta urrituago eta xahutuago; hitzak, ordea, alderantziz, zenbat eta erabiliago orduan eta aberatsago”

Hitz bakoitzarekin txartel bat egin, poltsa batean sartu nahasita. Ikasleek ongi egiten duten proba bakoitzeko bat atera. Bukaeran denon artean ordenatu eta saiatu testua osatzen. Jokoaren helburua  denon artean esaldia osatzea izan daiteke, punturik eman gabe.

Oinarrizko informazioa ondorengo liburutik atera da:

JOAN i MARÍ, Bernat: Hizkuntza jarrerak lantzen, Eusko Jaurlaritza, Euskara Zerbitzua, Vitoria-Gasteiz, 2006 (Ikus Ulibarri Programa, 15. zenbakia)

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude