Euskararen erabilerak

Irakaslearentzako argibideak

Ikasleei  galdera hau eginen zaie: Zertarako erabil dezakegu euskara?

1. Ikasle bakoitzak, bakarka, bi erabilera pentsatuko ditu.

2. Talde txikitan elkartuko dira (3-4 ikasle). Ikasle bakoitzak dagokion talde txikian bere erabilerak azalduko ditu eta, taldekide guztien artean,  3 erabilera adostu eta hautatuko dituzte. Hautatutako erabilera bakoitza orri handi batean idatziko dute, letra larriz eta tamaina handian.

3. Hortik aurrera, talde handian lan egingo dute. Gelan,  lurrean, zintarekin edo zeloarekin, zirkulu bat egingo dugu. Lurreko zirkuluaren kanpo aldean, talde guztietan adostu diren erabilera guztiak jarriko ditugu. Eta hautatutako erabileren ondoan, 3. zirkulua osatuz, gelako ikasleak  jarriko dira. Marrazki honetan bezala:

Euskararen erabilerak

4. Lehenik, talde txiki bakoitzak proposatu dituen 3 erabilerak azalduko ditu.

5. Gero, talde osoko ariketa hasiko da eta horretarako arau hauek bete behar dituzte:

-Ikasle batek hitz egin nahi duenean zirkuluan sartu behar du.

-Zirkuluaren barnean sartzen den ikasleak gehien gustatzen zaion erabilera defendatuko du.

-Ikasle bakoitza behin bakarrik sar daiteke zirkuluan hautatutako  erabilera defendatzera (aukeratzen duen erabilera bere taldekoa edo beste batena izan daiteke). Iritzia emateko, nahi duenean sar daiteke zirkuluan; noski, hitza eskatu dutenen txanda errespetatuz.

-Beste ikasleek haien iritzia eman ahal dute egin den erabilera horri buruz, beti ere hitz egiteko zirkuluan sartuta.

-Erabilera hori, denen artean eztabaidatu ondoren, erabakiko da zirkuluan sartuko duten ala ez.

-Prozedura hori jarraituko da, osotara, dozena bat erabilera adostuta izan arte.

-Eztabaidan, sartu diren erabilerak atera daitezke, horrela adosten badute.

Gero, guztien artean eztabaidatuko da hamabi horietatik zeintzuk diren garrantzitsuenak (bi edo hiru kategoria egin daitezke). Gogoratu hitza hartzen duenak zirkuluaren barnean sartu behar duela beti. Erabileren garrantzia eztabaidatu ondoren, erabilerak berridatziko dira oraindik neurri handiagoan (edo txikiagoan), beti ere emandako garrantziaren arabera. Bukatzeko, hautatutako erabilerak gelan zintzilikatuko ditugu.

Azkenik, prozesuaren eta emaitzaren hausnarketa egingo da.

* Elhuyar Fundazioaren materialean oinarritutako ariketa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude