Lehenengo esaldia beti euskaraz

Nor daIrakaslearentzako argibideak

Ikasleei beheko testua emanen zaie irakurtzeko, eta gero, horren gainean eztabaidatuko da: ados dauden ala ez, zer gehitu nahi duten, esaten dena betetzen ote duten, zergatik…

Lehen hitza edo lehen esaldia beti euskaraz egiteak sorpresa on asko emanen dizkigu; izan ere, uste ez genuen tokietan ere euskaraz eginen digute maiz.

Hori dela eta, 24 orduz (edo hainbat orduz)  dendan, liburutegian, tabernan, kaleko norbaiti… lehen esaldia (agurrak soilik ez du balio) euskaraz egitea proposatuko diegu eta jasotako bizipenak gelaratu eginen ditugu.

Saiakera egin aurretik, lehen hitza euskaraz egiten dugunean, gerta daitezkeen egoeren azalpenak emanen ditugu. Irakasleak hainbat jarraibide, argudio eta arrazoi eman ditzake ikasleek ezezagun bati lehen hitza euskaraz egiten diotenerako:

A- Euskaldunok euskaraz egitea normala da, beraz, lehenengo esaldia euskaraz egitea izan beharko litzateke gure jarrera ohikoena. Lehenengo esaldia euskaraz egiten ez badugu ez dugu jakiterik gure solaskidea euskalduna den ala ez. Are gehiago, euskaldunari euskaraz aritzeko aukera kentzen diogu.

B- Euskaraz egiteagatik modu traketsean erantzuten badigute, ez gara eztabaidan hasiko. Ez haserretu, zeureari eutsi eta saiatu eroso sentitzen zeure buruarekin.  (Guk bi hizkuntzak dakizkigu, bietan molda gaitezke baina aukera egin dugu). Ezgaitua, ezjakina bestea da. Bestearen gabeziak bereak bakarrik dira.

C- Euskaraz ez dakien solaskidea aurkitzen dugunean, egoeraren errudun egin beharrean, saiatu haren konplizitatea bilatzen: agian ez daki hitz egiten, baina ulertzen gaitu (berak gaztelaniaz egin arren, guk euskaraz jarrai dezakegu); gutxi jakin arren, dakien hori (agurrak, esaldi errazak…) erabiltzera animatu; denok ez baitugu euskaraz ikasteko aukerarik izan.

Edonola ere, ezin dugu ahantzi, eguneroko egoera ezberdinetan euskaraz bizitzen saiatu arren, zaila egiten zaigula; eta, frustraziorik ez sortzeko saiakera handiak egiten ditugu. Beraz, batetik, ikasleekin enpatia izan behar dugu; eta bestetik, ezin diegu beraiei guk egiten duguna baino gehiago eskatu.

Ikasleek saiakera egin ondoren, emaitzak aztertuko ditugu. Ikasleak talde txikitan  bizipen positiboak azaltzen hasiko dira: euskaraz erantzun dutenekin edo, euskara jakin gabe, aldeko jarrera azaldu dutenekin izandako esperientziak aipatuko dituzte. Gero, positiboak izan ez diren bizipenak azalduko dituzte, baina garrantzitsuena da bizipen txar bakoitzarekin batera azaldu beharko dutela nola atera diren atakatik; hau da, zein izan den erabilitako estrategia: mutu geratu, haserretu, garrantzia kendu, umorez erantzun… Taldeak baloratuko du, egoera kontuan hartuta, estrategia egokia izan den ala ez; eta, bururatzen baldin bazaie, erantzuteko modu egokiagoa proposatuko dute.

Gero “Estres linguistikoa” bideoa ikusiko dute eta talde handian egindakoari buruzko hausnarketa eginen dute. (Badu bada erakusketa)

http://www.badubada.com/eu/erakusketa/bizikidetza_estres_linguistikoa.php

Bukatzeko, hauetako bideoren bat ikusi:

Prozak euskaldunentzat (Loramendi Elkartea):

Tabernan: http://www.youtube.com/watch?v=i9v2V210pYQ

Etorkinekin: http://www.youtube.com/watch?v=dgooPHlJ-QI

Kanpotarrarekin: http://www.youtube.com/watch?v=rSiVzcuqVgw

Ikasleentzako argibideak

Ikasleei testu hau emanen diegu:

Euskaraz hitz egitea
Ahal dugun guztietan euskaraz mintzatu, idatzi eta irakurri; gutxienez hizkuntzaz aldatzeko eskatzen diguten arte; edo solaskideak ez digula ulertzen argi eta garbi ikusi arte. Euskaldun guztiok hori egingo bagenu, urrats handia izango litzateke gure hizkuntzarentzat eta euskaldunontzat. Euskara eroso eta normaltasunez egiten badugu, gure eredua imitatzera joko dute inguruko batzuek behintzat.

————————————————————————————————–

(Plataforma per la Llengua-EMUN materialean oinarritutakoa).

1 thought on “Lehenengo esaldia beti euskaraz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude