Hizkuntzekiko jarrerak

Irakasleentzako argibideak:

Ikasleei ondoko galdetegia bakarka erantzuteko eskatuko zaie. Garrantzitsua da ikasleek zintzotasunez erantzutea eta irakasleak inolako pistarik ez ematea balizko erantzunen gainean, edo galdetegiko erantzunak kontatzeko moduari dagokionez. Galdetegia bete ondoren, ikasle bakoitzak berea puntuatuko du, irakasleak emango dituen jarraibide hauen arabera:

Jarreren galdetegia puntuatzeko jarraibideak:

1.- 1., 2., 4., 10., 12., 13., 14., 15., 18., eta 19. galderei emandako erantzunak positibotzat hartuko dira. Erantzun positibo bakoitzaren alboan (1., 2., 4., 10., 12., 13., 14., 15., 18., eta 19. galderakoak),  1etik 5era lortutako balioak  jasoko dira, kanpoko ertzean, (+) gehi markarekin. Balore horiek batuko dira eta ateratako zifra orrialdearen bukaeran idatziko da (+ zeinuarekin)

2 .- 3., 5., 6., 7., 8., 9., 11., 16., 17., eta 20. galderei emandako erantzunak negatibotzat hartuko dira. Erantzun negatibo bakoitzaren alboan (3., 5., 6., 7., 8., 9., 11., 16., 17., eta 20. galderakoak),  1etik 5era lortutako balioak jasoko dira, kanpoko ertzean, erantzun bakoitzaren ondoan, (-) minus markarekin. Balore horiek batuko dira eta ateratako zifra orrialdearen bukaeran idatziko da (- zeinuarekin).  Ateratako zifra orrialdearen bukaeran idatziko da (- zeinuarekin), balore positiboen zifraren azpian.

3 .- Azkenik, galdetegiaren puntuazioa honela kalkulatuko da: balio positiboaren zifra (+) ken negatiboarena (-). Horixe izanen da galdetegian lortutako puntuazioa.

Zifra hori orriaren goialdean idatziko da, eskuin aldean (biribil bat jarriko zaio).

Ikasleen puntuazioa interpretatzeko hauxe hartuko dugu kontuan: jarrera negatiboenak  -40 puntutik hurbilen daudenak dira eta positiboenak, aldiz, +40 puntutik hurbilen daudenak, baldin eta galdera guztiei erantzun bazaie.

Eztabaida eta jardueraren helburua:

Irakasleak ez dio garrantzirik emanen ikasleek ateratako puntuazioei. Batetik, puntuazioa norbere hausnarketarako baliagarria izan dadin nahi dugu; bestetik, ikasleen iritziak  azalaraztea eta entzutea izanen da helburua. Puntuazioak atera ondoren hizkuntzekiko jarreren gaineko galdera-erantzunak komentatuko dira.

Esate baterako, lehenik taldeka, 2-4 ikasleko taldeak, eta gero talde handian, honako galderei erantzun dakieke:

-zein galderatan izan dituzue balore altuak, bai positiboak eta bai negatiboak (+5, +4, -4, -5)?
-zergatik ematen dira puntuazio horiek galdera horietan zuen ustez?
-zer-nolako jarrerak daude iritzi horien atzean (irekiak, itxiak, informazio falta)?

Azkenik, talde osoaren aurrean talde bakoitzak bere eztabaida eta hausnarketa adieraziko du eta amaieran ondorioak jasoko ditugu.

Nahi bada, hemendik denbora batera testa errepika daiteke, emaitzak aldatu ote diren ikusteko.

Bukatzeko eta jarduera osatzeko ikasleen esku baliabide batzuk  paratuko ditugu. Taldeka, ikasle talde bakoitzak ondoko baliabideetako bat aukeratu eta  aztertuko du. Ondoren, baliabidea aztertu duen taldeak  gainerakoei honakoak azalduko dizkie: baliabide hori zer den, zer eskaintzen duen, zertarako balio duen, zer lan dagoen horren atzean eta erantzun dituzten 20 galdera horietako zeinekin  lotuko luketen.

1. Jokoa: The Great Language Game

2. Oporretara joanen diren edo joatea gustukoa luketen herrialde bateko hizkuntzaren hiztegia hartu “hiztegitxoa.eu” gunean eta esamolde batzuk ikasi.

3. Hainbat hitz ingelesetik 35 hizkuntzatara, euskarara barne, itzultzen dituen Europako mapa interaktiboan aritu.

4. Atxagaren Minutu Bateko Manifestuaren testua irakurri gelan edo Atxagaren bideoa ikusi.

5. Bilatu historian izan diren poliglota handiak eta haien biografiak gainerakoei kontatu. Nork dauka hizkuntza gehien jakitearen errekorra?

Ikasleentzako argibideak:

Erantzun, ahal bezain zintzoen, ondoko baieztapenei, bost aukera hauetakoren bat baliatuz (kontuan izan ez dagoela erantzun onik edo txarrik):

Galdetegia
hizkuntzekiko_jarrerak(Galdetegia txuri-beltzean)
(Galdetegia koloretan)

Hizkuntzen Portfolio Europearra: (Cassany ,1999; Reigstad  eta Mc Andrew-ena egokiturik, 1984).

 


 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude