Gure auzokideen hizkuntzak

Irakaslearentzako argibideak.

Ariketa honen bidez gure inguruan  beste hizkuntzak batzuk ere hitz egiten direla ikusiko da.

Jardueraren azalpenean testuak eta irudiak tartekatu dira, hala nola telebistako saio osoa ikusteko aukera.

Irakasleak erabakiko du nola landu sarrerako partea, 100 hizkuntza baino gehiago hitz egiten dira Euskal Herrian: bideo osoa ikusi, testua irakurri eta irudiak tartekatu, testua irakurri eta gero irudiak ikusi…

………………………………………………………………………………………………………….

100 hizkuntza baino gehiago hitz egiten dira Euskal Herrian*.

Horietan guztietan, arabiera da hiztun gehien dituen atzerriko hizkuntza. Aspalditik bizi dira gure inguruan arabiar hiztunak. Arabiarrak 713. urte inguruan iritsi ziren Euskal Herrira lehendabizikoz, Cassius konde bisigodoak islama besarkatu zuenean.

Eta gainera, gure hizkuntzan eragin dezente izan duen hizkuntza da. Euskarak arabieratik eratorritako  hitz pila bat ditu; ‘al’ silabarekin hasten direnak horietako asko: albistegi, alkate, albaitari, alkandora…

Arabiera baldin bada Euskal Herrian hiztun gehien dituen atzerriko hizkuntza, gure artean hiztun gutxien dituena okzitaniera da. Gure artean, Baiona eta Biarritz inguruan presentzia duen hizkuntza erromanikoa da. Frantziako estatuan eta munduan bi milioi pertsona inguruk hitz egiten dute, baina Unescok galtzeko arriskuan daudenen artean sailkatu du.

Okzitanierak hainbat dialekto ditu eta Lapurdin hitz egiten dena itsasaldeko gaskoia da. Garai batean, Gipuzkoako kostan ere hitz egin zen hizkuntza hau eta Donostiako izen asko horren ondorio dira: Urgull, Gros, Polloe, Morlans, Monpas, Aiete, Ulia, Miramon…

(Okzitanierari buruzko informazio gehiago: Tribuaren berbak, 2014/11/23: “Okzitanierak bizi duen egoeraz” ).

Euskararekin lotu izan duten beste hizkuntza bat amazigera da. Guk bereber-en hizkuntza bezala ezagutzen dugu, nahiz eta “bereber” hitza amazigera gutxiesteko erabili izan den. Afrika iparralde osoan hitz egiten da, eta bizirik iraun du arabieraren eta hizkuntza kolonialisten mendean.

Amazigerak eta euskarak hitz asko dituzte oso antzekoak: nekk-nik, akir-aker, aste-asto, aña-anai… Hala ere, duela urte dezente baztertu zuten bi hizkuntzen arteko ahaidetasun posiblea: Trask hizkuntzalari estatubatuarrak frogatu zuenez, kasualitate hutsa izan liteke; azken finean bi orduko bilaketa labur baten ondoren, antzeko 65 hitz topatu baitzituen hungarieraren eta euskararen artean, bi hizkuntzek bata bestearekin zerikusirik ez izan arren.

(Tribuaren berbak Euskal Babel programa osoa ikusteko: Tribuaren berbak, 2013/11/27: “Euskal Babel”).

* Tartean agertzen diren loturak “Tribuaren berbak” Euskal Babel  programarenak dira.

…………………………………………………………………………………………………………….

Auzokideen hizkuntzak ariketa banaka zein taldeka egin daiteke (ikasleei aukeran utz dakieke);  irakasleak esanen die ikasleei zenbat hizkuntza ezberdin aurkitu behar dituzten (esate baterako, 10 hizkuntzari buruzko informazioa) edo zenbat pertsona elkarrizketatu behar dituzten (beste hizkuntza bat –euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa ez dena– dakiten 10 pertsona, esaterako).

Jasotako materiala klasearen aurrean azalduko du talde bakoitzak eta irakaslearen laguntzaz ondorioak aterako dituzte.

Ikasleentzako argibideak:

Ikasleei Auzokideen  hizkuntzak jarduera egiteko eskatuko diegu

1. Jarduera taldeka zein banaka egin daiteke.

2. Ikasleei haien inguruan zein eta zenbat hizkuntza hitz egiten diren zehazteko eskatuko zaie, noski, euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa ez direnak.

3. Horretarako ikasleek adibideak bilatu beharko dituzte eta kaleko jendearekin hitz egin beharko dute informazioa osatzeko eta klasearen aurrean azaltzeko. Esaterako, talde bakoitzak 10 hizkuntzari buruzko informazioa aurkitu beharko du edota 10 pertsona elkarrizketatu beharko ditu.

4. Informazioa biltzeko ondoko inprimakia bete dezakete.

5. Informazio guztia jaso eta azaldu ondoren, denen artean ondorioak atera.

20141202134229519_0001_cr(Europako Portfoliotik ateratako materiala. EIBZk Portfolioa Nafarroan materiala du nahi duenaren eskura).

Egindako lana osatzeko proposamenak:

1. Gure inguruan eta beste lurralde batean gertatzen denaren arteko aldea aztertu. Esaterako, Katalunian 300 bat hizkuntza hitz egiten omen dira. Eta, gurean? Horretarako ikusi: Mapa de les llengües (Plataforma per la llengua).

2. Munduko hainbat hizkuntzaren audioekin jolasteko proposamena: The great language game. Ikasleek audioak entzun eta  entzuten ari direna zein hizkuntza den asmatu beharko dute.

3. Bernardo Atxagaren testua irakurri,  “Euskararen aldeko minutu bateko manifestua“, eta ikasleei zer iradokitzen dien esan dezatela eskatu.

Minutu bateko manifestua: Lingua Vasconum, Lingua Navarrorum, Lingua Vasca, Limba Vasca, Llengua Vasca, Lengua Vasca, Langue Basque, Basque Language, Baskische Sprahe, Baskische Täl, Baskitski Jazyk, Baskisk Sprog, Jelzik Baskiski, Bask Sprok, Baski Ezin, Bask Nielv, Vaskii Jazik, Basko Simi, Ibaskiki Glosa, Baskin Kieli, Baski Keeli, Baski Geld, Urrulimi Baski, Uzuelelu Vasko, Nkobe Vasco, Ludimi Bask, Bakeren Lezou, Aluga Baskia, Basuku Go, Pachike Yü, Bask Ki Ke, Leilali Bask, Euskera, Üskara, Euskerie, Euskara: Gure hizkuntza da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude