Hizkuntzen erabilera

Irakaslearentzako argibideak:

Ariketa honen helburua hizkuntzaren izaera eta hizkuntza kodeen aniztasuna eta aberastasuna erakustea da. Jarraian dituzue fitxak egiteko materialak: batean, hainbat hizkuntzaren irudiak agertzen dira (lauki batean); eta bigarrenean, haien izenak.

Fitxak: hizkuntzen irudiak.

Hizkuntzen erabilera 1

Fitxak: hizkuntzen izenak

hizkuntzen_erabilera_hizkuntzak

Jarduera egiteko bi aukera proposatzen ditugu:

-Ikasleei fitxak desordenatuta ematea, alde batetik irudiak eta bestetik izenak; ikasleei izena eta irudia lotzeko eskatuko diegu. Ondoren, hizkuntza horiei buruz dakitena esateko: zer diren, non erabiltzen diren…

-Ikasleak taldeka jarrita, hizkuntzen fitxak (irudia eta izena) taldeen artean banatu,  egokitu zaien hizkuntzei buruzko informazioa bildu dezaten, ondoren talde osoaren aurrean azaltzeko.

…………………………………………………………………………………………………………………………..

Azalpena:

Hizkuntza komunikazio estruktura konplexua da, testuinguru edo alor konkretu batean ematen dena. Sinboloen, seinale edota soinuen bitartez eta zeinu grafikoen bitartez adierazten da.

Badira kode hizkuntza naturalak eta artifizialak.

Hizkuntza naturalak komunitateek denboran zehar komunikatzeko sortu dituzten hizkuntzak dira eta gramatika arauez zein gizarte moldeez osatuta daude. Adibidez: euskara, frantsesa, errusiera…

Hizkuntza hauek kode sistema diferenteak dituzte. Hizkuntza familietan sailkatzen dira, hots, jatorri bezala protohizkuntza berbera duten hizkuntzek osatutako taldetan: indoeuroparrak, afro-asiatikoak, altaikoak, australiarrak… Euskararen kasuan ezezaguna da bere jatorria; beraz, hizkuntza familiarik ez duela esan ohi da eta hizkuntza isolatua kontsideratu da. Hizkuntzek alfabeto diferenteak ere badituzte: latinoa, zirilikoa, arabiarra, txinatarra…

“Ethnologue” webguneak dioenez, 7.106 hizkuntza daude bizirik munduan, aberastasun ikaragarria. Baina horietatik erdiak desagertzeko arriskuan dira. Bost hizkuntza nagusien hizlariak: txineraren, hindiaren, ingelesaren, frantsesaren eta gaztelaniaren hiztunak munduko giza biztanleen % 43 dira.

850.000 pertsona inguruk egiten dute euskaraz, Euskadiko Autonomi Erkidegoan, Nafarroan, Iparraldean eta diasporan. Kopuru hori kontuan hartuta gure hizkuntza 500. postuan dago, gutxi gorabehera, hiztun-kopuruaren arabera.

Hizkuntza artifizialak behar teknikoei edo formalei erantzuten diete: matematikoa, fisikakoa, musikala, informatikoa… Hizkuntza hauetan terminologia zehatza definitzen da (adb.: fisikan hitz zehatzak erabiltzen dira kontzeptuak definitzeko) edo arau bereziak sortzen dira (adb.: informatika hizkuntzak bere arauak ditu)

Ikaslearentzako argibideak:

Lehenengo edo bigarren aukera hartu ondoren:

1. Identifikatu agertzen diren hizkuntzak.

2. Izena eta irudia lotu.

3. Zer dakizu hizkuntza hauetaz? Naturalak edo artifizialak dira? Ahozkoak? Idatzizkoak? Bestelakoak? Non eta zertarako erabiltzen dira?