Zubia (2020)

Azalpena

zubiaPirañaz betetako ibai batean zaudete eta zintak markatutako ibilbidea da pirañetatik libratzeko zubi bakarra. Beraz, zubitik atera gabe aritu beharko duzue joko osoan zehar. Sartu zubian.

Hasteko, ilara adinaren arabera ordenatu, baina erne! oinak zubitik atera gabe, pirañak daude eta!

Orain ilearen kolorearen arabera kokatu, mutur batean argiena eta beste mutur batean ilunena.

Jarraian, Nafarroako herri bana izanen zarete, eta herri horietan dauden biztanle euskaldunen ehunekoen arabera ordenatu behar duzue ilara. Euskaldunena mutur batean eta erdaldunena beste muturrean. Gogoratu, zubitik atera gabe!

Bukatzeko, munduko hizkuntza bana izanen zarete eta hizkuntzen tamainaren arabera ordenatu beharko duzue ilara; hau da, daukaten hiztun kopuruaren arabera, handiena mutur batean eta txikiena beste muturrean.

Asmatu duzue?

“Tribuaren Berbak-Euskararen tamaina” telebista saioaren lehenengo zatia ikusi, 13’30” arte.

Tribuaren Berbak – Euskararen tamaina _Vimeo
Tribuaren Berbak – Euskararen tamaina _eitb_nahieran

Denak ados zaudete?

 Prestaketa

Zintaz edo zelo lodiz lurrean ibilbide estu bat  markatuko dugu. Ibilbideak  25 cm-ko zabalera izanen du,  bi oinak elkarren ondoan sartzeko adinakoa eta luzera 12 bat ikasle sartzeko moduan. Ikasle kopuruaren arabera eginen dugu zubi bat edo bi zubi, ikasleak bi taldetan multzokatuta. Taldekide guztiak zintaren gainean eta norabide berean jarri behar dira.

zubia4

Ilara ordenatzeko irizpideak aurretik erabaki eta prestatu. Hasieran,  berehala ikusi eta egiazta daitekeen bat edo pare bat (adinaren arabera, altueraren arabera…); jarraian landu nahi dugun gaiaren arabera, kasu honetan:

  • Nafarroako hainbat herriren hiztun elebidunen ehunekoen arabera.
  • Munduko hizkuntzen tamaina (hiztun kopurua).

Ikasle bakoitzari Nafarroako herri bana eta munduko hizkuntza bana esleitu behar dizkiogu. Horretarako, behar dugun kopuruaren arabera zerrendetatik izenak aukeratu eta paperetan idatzi.

Toki batetik bestera mugitzerakoan zubitik ez direla ateratzen zaindu (horrela dibertigarriagoa da). Ateraz gero beren tokira itzularazi eta berriz saiatzeko eskatu.

Ordena erabakitzeko, beharrezkoa izanen da ikasleen arteko elkarrizketa, adostasuna eta ikuspegi ezberdinen azaleratzea. Hori da saioaren helburua. Irakasleak malgutasunez jokatu du eta ikasleek adostutako hurrenkera onartu, iradokizunik eman gabe. Jolasa bukatzen da adostasuna lortzen denean. Orduan lortutako emaitza (hurrenkera) jaso eta ilara desegin. Bukatzeko asmatu duten ala ez ebazteko informazioa eman.

Oharrak

Munduko hizkuntzen tamainaren gaia osatzeko informazioa: “Euskararen tamaina munduko hizkuntzen artean” K. Amonarriz, Argia

Munduko hizkuntzei buruzko informazioa: Ethnologue

(Elhuyar Fundazioaren materialean oinarritutako ariketa.)

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude