Euskararen egoera ikastetxean (2020)

Azalpena

Euskarak euren ikastetxean duen egoerari buruzko datuak bilduko dituzte ikasleek, ondoren horiek ehunekoetan eta grafikotan jasotzeko. Zenbait datu jasotzeko ikastetxeko zuzendaritzara joko dute eta bertan eskatu. Beste batzuk, berriz, zuzenean haiek jasoko dituzte. Ikasgela osoaren lana izanen da ikastetxeko argazkia osatzea. Beraz, taldeka lana banatu eta talde bakoitza datu batzuk lortzeaz arduratuko da, gero horiek grafiko eta ehunekoen bidez gelakideen eskura jarriko dituzte.

Ezagutza datuak:

  • Hizkuntza eredu bakoitzean ikasten duen ikasle kopurua.
  • Hizkuntza eredu bakoitzak zein ezaugarri dituen: zenbat ordu ematen diren hizkuntza bakoitzean.
  • Zenbat hizkuntza ikasten diren ikastetxean, esate baterako, euskara eta gaztelaniaz gain eta horien ehunekoak, grafikak…

Erabilera datuak:

  • Ikastetxearen erabilera datuak: pasabideena eta gela barrukoarena.
  • Zenbat hizkuntza entzuten diren ikastetxean.

Talde bakoitzak bere datu bilketa egin ondoren gelakideekin konpartituko du, guztien ekarpenei buruz hitz eginen dute eta poster batean bilduko dituzte datuak zein ondorioak, nahi badute ikastetxeko hormetan ere zabaltzeko.

Posterra egin ondoren ikasleek ondorio edo hausnarketa egitea interesgarria izanen da. Hausnarketa horretan lagungarria izanen da ikasleentzako Karmelo Aiestak egindako bidea azaltzen duen bideoa ikustea.

Prestaketa

Ariketa egokia izan daiteke matematika ikasgaian egiteko, datuen ehunekoak emateko eta grafikoak egiteko. Saioaren aurretik ikasleek datuak bilduko dituzte.

Irakasleak erabileraren neurketa eginen duen taldeari Soziolinguistika Klusterrak argitaratutako fitxa emanen die datu bilketa egiteko: 58. orrialdea. Fitxa betetzeko argibideak (66-69 orrialdeetan)

Oharrak

Helburua da ikasleek ikastetxeko euskararen egoerari buruzko zenbait datu izatea. Datu horiek batetik, ezagutzari buruzko datuak izanen dira, bestetik, erabilerari buruzkoak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude