Lehen hitza euskaraz (2020)

Azalpena

“Euskaraz hitz egitea.
Ahal dugun guztietan euskaraz mintzatu, idatzi eta irakurri; gutxienez hizkuntzaz aldatzeko eskatzen diguten arte; edo solaskideak ez digula ulertzen argi eta garbi ikusi arte. Euskaldun guztiok hori egingo bagenu, urrats handia izango litzateke gure hizkuntzarentzat eta euskaldunontzat. Euskara eroso eta normaltasunez egiten badugu, gure eredua imitatzera joko dute inguruko batzuek behintzat.”
(1)

Ohikoa duzu lehen hitza euskaraz egitea? Horrela ez bada, zer aldatu beharko litzateke zure ingurunean edo zure ohituretan horrela jokatzen hasteko? Elkartu 4 edo 5 ikaskidekin eta zuen erantzunak konparatu.

Lehen hitza edo lehen esaldia beti euskaraz egiteak sorpresa on asko emanen dizkigu; izan ere, uste ez genuen tokietan ere euskaraz eginen digute maiz. Baina batzuetan “estres linguistikoa” delakoa sentitzen dugu, hau da, etengabe norekin, non eta noiz zein hizkuntza aukeratu erabaki behar izatea.

Estres linguistikoa (Argia multimedia, 2 min.)

Euskaldunek lehen hitz euskaraz egitea errazago izateko helburuarekin jaio zen Euskaraldia: “Euskara ulertzen duten hiztunen arteko ahozko hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa sozial masiboa, gizartearen gune guztietara zabaldua eta denborari dagokionez mugatua.” Ariketa sozial izanik, ez da hiztun bakar baten ahalegina, aldaketa kolektiboa da.

Euskaraldiaren baitan jaio ziren Ahobizi eta Belarriprest rolak.

Sakatu irudian, hobeki ikusteko

Zer zailtasun aurreikusten dituzun zure kasuan ahobizi izateko? Eta zer lortuko zenuke ahobizi izanik? Egin ariketa: zerrendatu, esaterako, norekin mintzatu zinen atzo eta kasu bakoitzean zein hizkuntza erabili zenuen. Erdaraz egindako zenbat hizketaldi izanen ziratekeen euskaraz zu ahobizi izan bazina?

2018ko Euskaraldian parte hartu zuten hainbat hiztunek bere esperientzia kontatu dute:
2018ko Euskaraldia (3 min.)

2020. urtean beste Euskaraldi bat eginen da. Animatuko zarete?

Prestaketa

Saioan bakarkako lana, talde txikietan aritzea eta hainbat bideo eta testu ikustea tartekatuko dira. Komeni da horien guztien sekuentzia aurretik pentsatzea, taldearen lan erritmoa kontuan hartuta.

Egindako lana emankorra izan bada, talde osoko hausnarketa edo konpromiso hartzea bukaera bikaina izan daiteke; baina ikasleen erritmoa behartu gabe, izan ere, ikasleen praktika linguistikoen arabera emaitza ezberdina izanen da talde batetik bestera.

Oharrak

Bestelako materialak, taldearen arabera erabiltzeko egokiak izan daitezkeenak:

Euskaraldia Institutuan landu nahi izanez gero, interestarria izan daiteke Lasarte herrian egindako esperientziaren berri izatea: Nerabeak Euskaraldian (21 min.)

(1) Plataforma per la Llengua-EMUN

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude