Norberaren hizkuntza historia (2020)

Azalpena

Lau gazteri hiruna galdera egin zaizkie bakoitzaren historia linguistikoa ezagutzeko. Kontatutakoa aldatzen da norberaren familiaren eta bizitokiaren arabera, esaterako. Haiek esandakoa irakurri eta gero egin zure historia linguistikoa, hau da, zeuk erantzun hiru galdera hauek (5-10 lerro):

  • Etxean euskaraz hitz egiten zenuen eskolan hasi aurretik edo eskolan ikasi duzu euskara? Eta lagunekin nola egiten duzu?
  • Zein da zure lehenengo oroitzapena hizkuntzarekin/ euskararekin lotua? Kanta bat, ipuin bat edo beste zerbait?
  • Ba al duzu bitxikeriaren bat kontatzeko horren inguruan?
Iruñeko gaztea:
“Nire lehenengo oroitzapena da nire amak “Isil Isilik dago” kanta abesten zidala. Horrela lasaitzen ninduen negarrez hasten nintzenean.
Ikastolan hasitakoan nire lagun gehienek gaztelaniaz bakarrik hitz egiten zutela konturatu nintzen. Baina, gero euskara ikasi zuten;  batzuetan euskaraz eta beste batzuetan erdaraz egiten genuen gure artean.
Orain etxean eta institutuan egiten dut euskaraz. Eta lagunekin –eta ez dakit zergatik, zer denak euskaldunak gara– eta aitona-amonekin erdaraz aritzen naiz. Unibertsitatean karrera euskaraz egitea gustatuko litzaidake.”
Arangurengo gaztea:
“3 urterekin eskolan hasitakoan klasean sartu eta hor zegoen maistrak oso arraro hitz egiten zuen. Etxera joandakoan amari esan nion maistra horrek ez zekiela hitz egiten. Dena keinuz eta mugimenduekin azaltzen zuela eta ez niola ezer ere ulertzen, eta ez nuela eskolara joan nahi. Laster konturatu nintzen euskaraz ari zela, eta gero eta gehiago ulertzen niola eta oso ongi pasatzen nuela nire lagunak ere nirekin batera euskara ikasten ari zirelako.
Nire amonak ere hitz egiten zuen eta batzuetan kanturen bat edo hitz goxoren bat ere esaten zidan.
Etxean gaztelaniaz hitz egiten dut, baino Musika Eskolan klaseak euskaraz ematen dizkigute. Lagunekin erdaraz egiten dut, baina euskara ere gustukoa dut. “
Arizkungo gaztea:
“Nere amatxi ta aitetxin artian eskuaraz aitzen ziren, ta herrien ere, feritan ta hola batzutan eskuaraz aitzen zen.
Etxian ere eskuaraz in izen dugu gehienbat, baina gero karrikarat atra ta erderaz iten ginuen. Pediatrak ere etzekin eskuaraz.
Gurasoek erraten zataten eskuara jakitea ongi zela, baina arras inportantia dela erderaz ongi solastia, ze Iruñerat gatekuan, ongi iten ez bauzu irri iten datzute.”
Arbizuko gaztea:
“Gui herriyen, itxen beti euskias hitz ein duu. Itxen euskaldunek gaala aipetzen da ta kalien denok euskias etten duu. Kanpoti etorritakoek, Altsasuti o Iruñeti, hoiek bakarrik etten dubie erdias.
Gu oso pozik gaude laun tartien euskias etten, hitzek sortzen, txistiek ta pasadizoek kontatzen. Ikusten duzubien bezela gui hizkera de bakau. Askotan eztakiu ongi ai gan, ze gurasoek esaten diu hoi ez tela hola esaten ta holako kontubek, beya guk hola ongi pasatzen du.”

Bakoitzak berea idatzi eta gero, hau da hiru galderak erantzun eta gero, taldeka jarri (4-5naka) eta elkarri kontatu zuen historia linguistikoaren ezaugarririk nabarmenenak. Zuen artean ikusitako alderik handienak edo iruditu zaizkizuen ideiarik azpimarragarrienak apuntatu, gero gelakide guztiei kontatzeko.

Bukatzeko, ezagutzen duzue kantari, aktore edo pertsona ezagun baten historia linguistikoa?

Bestelako historia linguistikoak:

  • Edu Zelaieta idazleak ARMIARMAn argitaratutakoa: Autobiografia
  • Ahotsak audioak:Tolosako testigantza (euskararen galerari buruzkoa)
  • Etxeko bidean, Xamar (testua aukeratu)

Prestaketa

Testuen idatzizko kopiak banatu edo ozenki irakurri talde osoari. Galderak idatziz banatu edo ikusgai jarri, norberak bere historia linguistikoa idazten duen bitartean.
Saioa osatzeko, “bestelako historia linguistikoak” ataleko baten bat aukeratu eta ikasleei erakutsi.

Oharrak

  • Saioaren helburua da ikasleak ohartzea hiztun bakoitzak baduela bere hizkuntza historia, askotako egoerak daudela eta merezi duela besteen historiak entzutea eta ulertzen saiatzea.
    Beraz, ikasleek beraiek egin behar dute hausnarketa, irakasleak bideratu gabe. Irakasleak aurrera egiten lagundu dezake baina emaitza baldintzatu gabe.
  • Ikasleek Edu Zelaietaren testua gustura jaso badute, Iruñerriko Institutuetan interesgarria izan daiteke beste poema hau ere irakurtzea: Villavesan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude