DBH-ko ikasleen hizkuntza atxikimendua hobetzeko ikerketa eta esku hartzea

Aspaldi ez dugu ezer idatzi Blog honetan eta zergatia azaltzearekin batera, geldialdi honek ekarri duena partekatu nahi dugu zuekin. Denbora honetan guztian, ez gara geldirik egon, beste lan mota bat egiten baizik, alegia, gai honek duen mamiaren zati txiki bat bada ere ikertzen. Lan ildo honek guretako lehentasunezkoa izaten jarraitzen du eta hurrengo urratsak emate aldera oinarri sendoagoen bila jo dugu zuentzako geldialdia izan den honetan. Horregatik ikerketa burutzeko aukera izan dugun momentuan ekin diogu horri. Ez da lan makala izan, eta gure indarrak eta baliabideak mugatuak direnez, lehentasuna ikerketari eman diogu.

Dakizuenez, urte batzuk pasatu dira MSB bloga sortu genuenetik, ikasgeletan hizkuntzarekiko motibazioa lantzeko beharra ikusi genuelako. Gaur egun ere behar hori hortxe dago. Blogean jasotako jarduerak han-hemenka gelaratu eta gero, irakasleen aldetik jaso dugun erantzuna ona izan da ikasleengan sortutako gogoetei begira. Bide horretan sakondu nahi izan dugu planteamendua egokia zen ala ez jakiteko. Batetik, hizkuntzarekiko ikasleen bizipenak, sentimenduak eta emozioak ezagutzeko beharra genuen; eta, bestetik, bizipen eta sentimendu horiek hobetzeko bidean zein esku hartze egin zitekeen aztertu nahi genuen.

“DBHko ikasleen hizkuntza atxikimendua hobetzeko ikerketa eta esku-hartzea”   lankidetzaren emaitza da. Alde guztiak ezinbestekoak izan dira ikerketa burutzeko: batetik, EIBZ, NUP eta Berriozarko Udala; bestetik, euskarazko eredua duten Nafarroako Bigarren Hezkuntzako zenbait ikastetxeen adostasuna; hirugarrenik, ikastetxe horietako irakasleen ezinbesteko laguntza eta prestutasuna; eta azkenik, ikasleena, haiek izan baitira ikertzeko materiala eman digutenak.

Urrats hau bukatu ondoren, hurrengoari begira jada jarri gara eta gure asmoa DBHrako geletan atxikimendua lantzeko programazioaren zirriborroa osatzen hastea da.

Lehenengo esaldia beti euskaraz

Nor daIrakaslearentzako argibideak

Ikasleei beheko testua emanen zaie irakurtzeko, eta gero, horren gainean eztabaidatuko da: ados dauden ala ez, zer gehitu nahi duten, esaten dena betetzen ote duten, zergatik…

Lehen hitza edo lehen esaldia beti euskaraz egiteak sorpresa on asko emanen dizkigu; izan ere, uste ez genuen tokietan ere euskaraz eginen digute maiz.

Hori dela eta, 24 orduz (edo hainbat orduz)  dendan, liburutegian, tabernan, kaleko norbaiti… lehen esaldia (agurrak soilik ez du balio) euskaraz egitea proposatuko diegu eta jasotako bizipenak gelaratu eginen ditugu.

Saiakera egin aurretik, lehen hitza euskaraz egiten dugunean, gerta daitezkeen egoeren azalpenak emanen ditugu. Irakasleak hainbat jarraibide, argudio eta arrazoi eman ditzake ikasleek ezezagun bati lehen hitza euskaraz egiten diotenerako:

A- Euskaldunok euskaraz egitea normala da, beraz, lehenengo esaldia euskaraz egitea izan beharko litzateke gure jarrera ohikoena. Lehenengo esaldia euskaraz egiten ez badugu ez dugu jakiterik gure solaskidea euskalduna den ala ez. Are gehiago, euskaldunari euskaraz aritzeko aukera kentzen diogu. Jarraitu irakurtzen

Zure hizkuntza, zure erabakia

Irakaslearentzako argibideak

Joko honen abiapuntua  ezaguna da: nerabeek eta gazteek gauza ugari egiten dituzte taldean onartuak izateko eta ez, zinez, gustukoak dituztelako. Teoria honen arabera taldean erabiltzen den hizkuntza taldeak berak  bultzatzen duela gauza nabaria da. Hortaz, maiz, euskara erabili nahi duten gazteek taldearen arauen traba izaten dute; taldeetan, oro har, ezarritako konbentzioek agintzen baitute. Gainera, batzuetan, taldeak oso gogor jokatzen du bere arauak betetzen ez dituenaren kontra. Joko honen xedea ikasleak horretaz jabetzea da eta euskal hiztunaren erabakitzeko ahalmena sendotzea nahiz bultzatzea.

people 1

Jokoaren azalpena:

1. Irakasleak behean agertzen diren egoeren txartelak eramango ditu gelara (ikasle taldearen arabera,  egokiak iruditzen zaizkion beste batzuk txerta ditzake).

Probak egiteko proposamenak:probak Jarraitu irakurtzen

Erretratua

lena-2W

Irakaslearentzako argibideak

Ikasle bakoitzak  berarekin  euskaraz aritzen den pertsona baten erretratua eginen du (aita-ama, amona-aitona, senidea, etxekoa, auzokoa, herrikoa edo ikaskidea…).

Erretratuan, pertsonaz gain, nahi duena marraz dezake, esaterako: toki bat, paisaia bat, tresna bat edo egokia iruditzen zaion beste zerbait.

Erretratuarekin batera, ikasleak pertsona horrekin izandako harremanetan bizi izan duen pasadizoa, gogora ekartzen dion oroitzapena, hark aipatzen duen esaldi bat, erakutsi dion esaera zahar bat edo kanta bat kontatu edo kantatuko du.

Gero, talde txikitan jarrita, ikaskideei nolakoa den pertsona hori azalduko die: nor den, nongoa…; non eta nola ezagutu duen; zergatik hautatu duen; zergatik daukan euskararekiko lotura; eta, horrekin batera, prestatu duen kontu edo kanta kontatu edo kantatuko die.

Taldekideak ondorio batzuk ateratzen saiatuko dira: zer antzekotasun dituzten pertsona horiek, zergatik izaten den lotura berezia pertsona horiekin…

Material osagarriak

Orriak eta margoak.

* Elhuyar Fundazioaren materialean oinarritutako ariketa.

Ibaia: gelaratu ondoren

OLYMPUS DIGITAL CAMERABlogaren hasieran adierazi dugun bezala proposatutako jarduerak  praktikara eraman daitezen nahi dugu. Horretarako, irakasleek horiek gelaratzea beharrezkoa dugu eta gelaratzerakoan sortzen diren  hausnarketak  jaso eta elkarrekin partekatzea nahi dugu. Jarraian,  Uxue Royo irakasleak ikasleekin ariketa egin ondoren egindako balorazioa  zein ikasleen hausnarketak dituzue.

Ibaiaren ariketa DBHko 4. mailan egin zuen, Lizarrako D ereduko gela batean eta 12 ikaslerekin.

Irakasleak zera dio: “Hasieran ikasleei kosta egin zitzaien ariketaren sakontasuna ulertzea, baina bukaeran ulertu zutela iruditzen zait. Hasieran nahiko jarrera hotza izan zuten, ez zutelako ongi ulertzen zer eskatzen nien, baina ariketa ulertu zutenean oso jarrera ona eta polita izan zuten.”

Jarraitu irakurtzen

Ibaiaren teknika

Hasmentako oharra

IbaiaJarduera honen helburua bakoitzak norbere hausnarketa egitea da eta hizkuntzaren hari afektiboa ernatzea eta bestea hobeki ulertzea. Jarduera sakona da, ikasleek beraiek egin behar dute hausnarketa, ahal dela irakasleak eskua sartu gabe.

Ibaian jasotzen dena, ahal den neurrian behintzat, bizipen pertsonalak izan daitezela, eta ez hainbeste testuinguru edo gertaera sozialak.

Irakasleak berak aurretik ariketa hau egitea gomendatzen dugu.

Jarraitu irakurtzen

Norberaren hizkuntza historia

Irakaslearentzako argibideak

Ikasleek beraiek egin behar dute hausnarketa, irakasleak eskua sartu gabe.

Jardueraren helburuak:

  • Ikasleak ohartzea eta gogoeta egitea egindako galderen inguruan.
  • Besteen egoerak ezagutu eta ulertzeko ahalegina egin.
  • Askotako egoerak daudela jakin.
  • Egoera guzti horiek geureak direla ohartu.

Ariketa honen bidez, hizkuntza egoera ezberdinak partekatzea bultzatuko dugu. Azken eztabaidan, ikasleek 4/5 ideia nagusi atera ditzaten bidea jartzea litzateke irakaslearen lana. Hau da, irakasleak dinamika bideratuko du ikasleek euren hausnarketak eta ondorioak atera ditzaten.

Jarraitu irakurtzen

Nik norekin nola

Irakaslearentzako argibideak

Jarduera honen helburuak:

Taldea

  • Ikasleek lagunekin, tuentin… hizketan ari direnean zer hizkuntza erabiltzen duten ohartzea.
  • Ikasleek euskara ala gaztelania hautatzen dutenean erabaki bat hartzen ari direla ohartzea.
  • Erabaki hori aldatzeko aukera dutela ohartzea.

Joko honen bidez, ikasleei hausnarketa egiteko eskatuko diegu. Sortutako hausnarketa sozializatu eginen da. Oso garrantzitsua da irakasleak ariketa iritzirik edo epairik eman gabe bideratzea, hau da, zer den ongi edo gaizki dagoena nabarmendu gabe egitea.

Jarraitu irakurtzen

Aztarna linguistikoa I

Irakaslearentzako argibideak

Ariketa honen bidez ikasleari aukera eman nahi diogu dituen hizkuntza ohiturei buruz hausnartzeko. Aztarna linguistikoa kontzeptuak lotuta dauka hiztun orok euskararen zabalpen sozialarekiko duen erantzukizunaren ideia, baina ez ditugu ikasleak errudun sentiarazi behar euskara gutxitan erabiltzen badute.

Lehenik, ikasleak bakarka beteko du galdetegia. Eta gero, taldeko eztabaida bideratuko du galdetegia betetakoan bururatu zaizkien eta izan dituzten sentimenduak elkarri kontatzeko.

Jarraitu irakurtzen

Aztarna linguistikoa II

Irakaslearentzako argibideak

Ikasle bakoitzak, lehenik, ariketa bakarka egin behar du. Eta gero, taldeka emaitzaren inguruan hausnartu.

Ariketa honen helburua da: euskara Institutuan soilik erabiltzen badute, euskarak haien bizitzan hartzen duen espazio mugatuaz ohartzea.

Erabileraz jabetzea nahitaezkoa baita erabilera aukera berriak irudikatzeko. Horrela, arlo bakoitzean euskaraz egiteko aukerak handitu daitezke-eta.

Jarraitu irakurtzen