DBH-ko ikasleen hizkuntza atxikimendua hobetzeko ikerketa eta esku hartzea

Aspaldi ez dugu ezer idatzi Blog honetan eta zergatia azaltzearekin batera, geldialdi honek ekarri duena partekatu nahi dugu zuekin. Denbora honetan guztian, ez gara geldirik egon, beste lan mota bat egiten baizik, alegia, gai honek duen mamiaren zati txiki bat bada ere ikertzen. Lan ildo honek guretako lehentasunezkoa izaten jarraitzen du eta hurrengo urratsak emate aldera oinarri sendoagoen bila jo dugu zuentzako geldialdia izan den honetan. Horregatik ikerketa burutzeko aukera izan dugun momentuan ekin diogu horri. Ez da lan makala izan, eta gure indarrak eta baliabideak mugatuak direnez, lehentasuna ikerketari eman diogu.

Dakizuenez, urte batzuk pasatu dira MSB bloga sortu genuenetik, ikasgeletan hizkuntzarekiko motibazioa lantzeko beharra ikusi genuelako. Gaur egun ere behar hori hortxe dago. Blogean jasotako jarduerak han-hemenka gelaratu eta gero, irakasleen aldetik jaso dugun erantzuna ona izan da ikasleengan sortutako gogoetei begira. Bide horretan sakondu nahi izan dugu planteamendua egokia zen ala ez jakiteko. Batetik, hizkuntzarekiko ikasleen bizipenak, sentimenduak eta emozioak ezagutzeko beharra genuen; eta, bestetik, bizipen eta sentimendu horiek hobetzeko bidean zein esku hartze egin zitekeen aztertu nahi genuen.

“DBHko ikasleen hizkuntza atxikimendua hobetzeko ikerketa eta esku-hartzea”   lankidetzaren emaitza da. Alde guztiak ezinbestekoak izan dira ikerketa burutzeko: batetik, EIBZ, NUP eta Berriozarko Udala; bestetik, euskarazko eredua duten Nafarroako Bigarren Hezkuntzako zenbait ikastetxeen adostasuna; hirugarrenik, ikastetxe horietako irakasleen ezinbesteko laguntza eta prestutasuna; eta azkenik, ikasleena, haiek izan baitira ikertzeko materiala eman digutenak.

Urrats hau bukatu ondoren, hurrengoari begira jada jarri gara eta gure asmoa DBHrako geletan atxikimendua lantzeko programazioaren zirriborroa osatzen hastea da.

Nork motibatuko du motibatzailea?

“Irakurgaiak” atalean, besteak beste, soziolinguistika  alorrean aditu/aritu diren pertsonen  kolaborazioak jasotzeko eta zuekin partekatzeko asmoa dugu. Oraingoan, Txerra Rodriguezen ekarpena duzue irakurgai: ekarpen interesgarria bezain mamitsua. Mila esker, Txerra!

“Gazteak motibatu behar ditugu (dituzue), antza. Euskara gehiago egin dezaten, jakina. Erraza da esaten, egiten ez dakit nik. Izan ere, lehenik eta behin, ados jarri beharko ginateke motibazio hori zertan datzan. Baina artikulu honen luzera zeharo gainditzen du kontu horrek.

Motibatzeaz ari ginen. Nik ez daukat erantzuna, bestela ez nuke hemen botako hain arin. Azkar joango nintzateke patentatu eta aberastera. Baina pista batzuk baditut, han-hemen entzun eta egindakoetatik abiatuta.focalaforja_CCmarimbajlamesa_txiki

Lehenik eta behin, gazteak ez “kriminalizatu”. Aski da. “Egin euskaraz” bezalako errieta-erreguek ez dute balio. Euskaldun agertzea gaur eta hemen joera nagusiaren kontra igeri egitea da. Helduontzako erraza ez bada, pentsa gaztetxoentzako.

Bigarrenik, entzun. Gazteek asko dute esateko. Euren sentimendu, bizipen, kezka, interes, beldur eta abarrak oso garrantzitsuak dira. Ezagutu behar ditugu horiek guztiak, aldaketarik eragin nahi badugu. Jarraitu irakurtzen

Motibazioa: erabilerarako energia.

Hiztun guztiontzat interesgarria da hizkuntzekin gertatzen zaigunaz hitz egitea. Ohiko topiko eta azaleko argudioetatik harago, gizartean gertatzen diren prozesu soziolinguistikoez jabe izateak hiztun indartsuago bihurtzen gaitu, indartsuago egunerokotasunean jokabide ausartagoak izateko edo, esate baterako, “estres linguistikoa” hobeki eramateko (behin onartuta gainetik erabat kentzea ezinezkoa dela…).

Interesgarria da hiztun guztientzat eta ezinbestekoa gazteentzat. Izan ere, gazteek premiazkoa dute ulertzen hastea euskara edo gaztelania erabiltzen dutenean sentitzen dituzten barne gatazkak; ulertzea eskola edo institutuko eta herriko erabilera-dinamiken arteko ezberdintasunen zergatiak. Ulertu behar dute, azken finean, hizkuntzen berreskuratze prozesuak nolakoak diren.

Gazteak euskararen berreskuratze prozesuaren parte oso garrantzitsua dira, eta, askotan, haiek zergatik ulertu gabe, inkesta, datu eta bestelako emaitzen erantzule egiten ditugu. Bada garaia haur eta gazteen erabileraz gutxiago hitz egiteko eta euskara erosoago erabil dezaten behar dituzten tresnak eskaintzeko: edozein egoera komunikatibotan erabili ahalko duten euskara malgu eta aberatsa eta, batez ere, aurkituko dituzten barneko eta kanpoko zailtasunak gainditzeko indarra eta motibazioa.