Irakurle
horiek,
Buletin honekin 2008-2009 ikasturteari hasiera emanen diogu. Oporrak
pasatuta hemen gaude berriro, indarberrituta; aurrean ditugu ikasturteko
hamar hilabeteak, lan eta gogoz beterik. Hauexek dira gure lehenengo
proposamenak:
- 290/2008
Ebazpenaren bitartez, ekainaren 18koa, euskaraz birziklatzeko
ikastaro trinko bat lan baimenarekin A modalitatean egiteko deialdi
berezia onesten da, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko
irakasleei zuzenduta. Helburua Euskaraz irakasteko gai izatea
eta EGA agiria eskuratzea izango da.
Horretarako ematen den epea: 2009ko otsailetik 2010eko ekainera.
Izangaiek helduei euskara irakasteko curriculumaren A2 mailari
dagokion sarrera proba gainditu beharko dute (4. urratsa edo Hizkuntza
Eskola Ofizialeko oinarrizko 2. mailaren parekoa).
Izena emateko epea irailaren 1etik 30era izanen da.
Eskertuko genizueke informazioa interesa izan dezaketen irakasleei
jakinaraztea. Mila esker.
-
EGA ziurtagiriaren bigarren deialdiko probak laster izango dira.
Hilaren 6an egingo da Atarikoa.
- Irakasleen
Euskarazko Prestakuntza Plana martxan da. 2008/2009 ikastaroaren
lehenengo aldiko ikastaroetan izena emateko epea hilaren 30 arte
irekita dago. Izen-ematea on line egin daiteke estreinako aldiz.
Beno,
besterik ez oraingoz. Ikasturte hasiera ona izan eta, krisi ekonomikoaren
baimenaz, hemen izango gaituzue.
Eskerrik
asko zuen arretagatik.
Ongi
izan.
Euskara
Ataleko eta EIBZko kideak.
|
Hezkuntza
Departamentuak Nafarroako aniztasunaren artapena arautu du
(Asteazkena, 2008ko abuztuaren 20a)
Nafarroa da
Zerbitzu horretako prozedurak, baliabideak eta neurriak arautu dituen
lehenengo autonomia erkidegoa.
Hezkuntza
Departamentuak Foru Agindu bat landu du (93/2008 Foru Agindua, ekainaren
13koa), Nafarroako ikastetxeetako aniztasunaren artapena arautzeko.
Garrantzi handiko araudia da, eta funtsezko lorpenak ahalbidetzen
ditu: hainbat arau solte indargabetzen eta elkartzen ditu; Nafarroan
Hezkuntza Berezirako erabiliko diren oinarriak, eskolatze prozesuak
eta baliabideak zehazten eta sistematizatzen ditu, estreinakoz;
baliozkotasun ofiziala ematen die arautu gabeko programa batzuei;
portaera eta egokitzapen arazoak dituzten DBHko ikasleentzako Curriculum
Egokituaren Unitateak arautzen ditu; eta Departamentuari ahalmena
ematen dio eskola absentismoaren aurka borrokatzeko programa berriak
diseinatzeko. (...)
Euskarabideak
Nafarroako euskararen egoera soziolinguistikoari buruzko azterlan
bat agindu du
(Asteazkena, 2008ko abuztuaren 27a)
Urtea amaitu
baino lehen, azterlanaren emaitzak Parlamentuan aurkeztea aurreikusten
dute.
Euskarabideak Nafarroako Foru Komunitateko euskararen egoera soziolinguistikoari
buruzko inkesta soziolinguistikoa egiteko agindu dio, berriki, Ikertalde
enpresari. Azterlanak 52.780 euroko kostua du (BEZa barne).
Izan ere, Euskarari buruzko 18/1986 Foru Legean xedatuta dagoenari
jarraiki, Nafarroako euskararen egoera soziolinguistikoari buruzko
azterlanak egin behar izaten dituzte aldian behin, eta Nafarroako
Gobernuak horien berri Parlamentuari eman behar izaten dio. Azkeneko
azterlana 2003an egin zuten, "Euskarari Buruzko Ikerketa Soziolinguistikoa
Nafarroan. 2003. Hizkuntza gaitasuna, erabilpena eta jarrerak"
izenburuarekin. (...)
|