BERRIAlagunak
Agur t´erdi, bazkide eta BERRIAlagunok:
Hona bildu gara berriz ere urteroko hitzordura, iazko
ekitaldiaren berri emateko.
Euskal kazetaritzarentzat ez da urte errazik ezagutu; ekonomiari buruz
ari gara, jakina. Bestelakorik esan gurako genukeen arren, 2014a ere ez
da samurra izan BERRIA Taldeko kazetentzat. Alferrik da: etengabe aldats
gora aritzea neke handia da, eta, batez ere, egoera oso zaurgarrian jartzen
ditu enpresa eta langileak. Hala ere, ez dugu etsiko ondoen egiten dakiguna
egiteko: kazetaritza-lan sendo eta serioa, kalitatezkoa, euskarazkoa eta
geuretik pentsatu eta sortutakoa; euskal kulturaren parte aktibo izan
eta hedatu. Horregatik, zorionez, urteko emaitza immaterialak neurtzean,
balantze oso ona egin behar dugu.
Dakizuenez, BERRIA egunkaria kazetaritza egiteko joera aurreratuenei begira
aritu izan da beti, bere irakurleei istorioak kontatzeko eredu onenak
eskaintzeko ahaleginean, eta garaian garaikora egokituta. 2014an, aurreko
ekitaldian hasitako egitasmoari lotu zitzaion bete-betean: webgunearen
berritzearekin ia batera egin zuen berria.info helbidetik berria.eus
domeinu berrirako jauzia.
Alabaina, ez da Interneteko domeinu-aldaketa hutsean geratu egindako berrikuntza:
lantalde guztiaren barne-hausnarketaren ondorioz eta BERRIAlagunen ekarpenei
esker, etxeko antolakuntza bera irauli da, kazeta-lan berritzaileari bide
emateko. Prozesu parte-hartzaile honekin, lan prozesuak eta egitura moldatzea
lehenetsi da, arlo digitalean zertzen diren egiteko berrientzat irtenbide
egokiena delakoan: batetik, papereko kazetan toki handiagoa emanda analisiari
eta gogoeta sakonei, eta, bestetik, berria.eus atari digitalean
egunerokoak eskatzen duen bat-batekotasunari.
Ekitaldi berean, 2014an alegia, badok.info euskal
musikaren datutegi eta artxibo handia berritu eta sustatu zuen gure Taldeak.
Hori ere publiko zabalari eskainitako leihoa da, berria.eus atariaren
barruan, geure kulturaren erakusgarri eta gozagarri.
Hizkuntza Politikaren Sailak (HPS) hartutako erabakiak ilundu zuen gure
urtea, zoritxarrez. Aurreko ekitaldian baino 200.000 euro pasa gutxiago
esleitu zituen diru-laguntzetan BERRIArentzat. Jaurlaritzak egindako Hedabideak
deialdian ‹‹irismena›› deitu duten irizpidea aplikatuta,
kalte nabarmena egin zaio BERRIAri. Izaera nazionala zein lokala izan,
agerkari guztiak berdindu ziren, eta guztiei baremazio bera aplikatu.
Baina bistan da: Euskal Herri osora egunero zabaltzen den kazetak eta
herri batean banatzen den hilabetekariak ez lukete puntuazio bera izan
behar. Ez baitira parekideak.
Ebazpenari errekurtsoa jarri diogu, eta, gainera, Euskal Herriko Unibertsitateko,
Mondragon Unibertsitateko eta Deustuko Unibertsitateko adituek egindako
txostenak aurkeztu dira Hizkuntza Politikako Sailean. “Hekimen”1
Euskal Hedabideen Elkarteak ere hainbat gomendio egin dizkio Jaurlaritzari,
aurtengo diru-laguntzetan irizpideak zuzendu eta aldatzeko.
BERRIA Taldeak urtea zorrik gabe amaitu zuen, orriotan ikusiko duzuen
moduan; gure langileek beren soldata izoztua dute 2008tik, eta BERRIAlagunek
diru-ekarpen franko egin dute: eskerrik asko guztiei. Politikaren egitekoa
beti izan da herritik eratutako sormen-produkzioei bidea egiten laguntzea.
Halaxe espero (eta behar) dugu izatea Jaurlaritzaren betebeharra.
Beatriz Zabalondo (Administrazio Kontseiluko lehendakaria):
2014ko balantzea.
Moldatua.
1.- OHARRA.
Testuko “Hekimen” hitza dela-eta, ortografiari dagokionez
ekimen hitzarekin nahasmendurik sor ez dadin, argituko dugu “Hekimen”
euskal hedabideek osatutako elkarte baten izena dela, hedabide + ekimen
loturatik berariaz sortutakoa hain zuzen. |