EGA NAFARROA
Erantzun perfektuen bilaDeserriak eta erbesteratzeak sortutako sentimenduak María Teresa Leónen ia liburu guztietan azaltzen dira. Duela hiruzpalau urte -nobela baterako bilaketa lanetan ari nintzela- irakurri nituen bere idatzi batzuk, eta orduan atentzioa eman zidan Memoria de la melancolía liburuan esaten zuenak: «Non hilko naizen ez jakiteak sosegu eza sortzen dit. Erbesteratuen tristura handienetako bat da hori. Izan ere, zer esanahi dute guretzat bizi garen hirietako hilerriek?». Ironikoki, bere bizitzako azken urteetan herrira itzuli zenean, deserriratze psikologikoak sortutako gaixotasunak kendu zion bizitza María Teresa Leóni. Itzulerak badu konnotazio positiboa, askotan okerra dena. Itzulera gogorragoa izan daiteke sarritan, oroitzapenak eta errealitatea aurrez aurre jartzea eskatzen du-eta. Kanpoan gaudenean, memoria berreraikitzen saiatzeak lagundu egiten digu ahanzturari aurre egiten. Baina, denboraren iraganarekin, oroitzapen horiek distortsionatzen hasten direnean, atzerriko perspektibatik beste modu batera definitzen ditugu; aspaldiko erreferentziak oraingoekin nahasten ditugu, paretan zintzilikatuta ditugun argazkien estatikotasunari bizitza berria ematen diogu, atzean utzitako jendea orain gure inguruan dagoen jendearen ezaugarriekin janzten dugu. Horregatik, itzultzen garenean, ahokatzen ez diren pieza bihurtu garela ohartzen gara. Hori gertatu zitzaion Leóni. Paradisu galdua beste zerbait bihurtu zen. Galdu egin zen memoria errealean. Gerrako haurren proiektuan murgilduta nenbilenean, atzerrian hirurogeita hamar urtetik gora zeramatzan jendea elkarrizketatzeko zortea izan nuen. Denborak haien bizitzetan izan zuen eragina, jaioterriaz zuten pertzepzioa eta sentimenduak interesatzen zitzaizkidan. Iruditzen zitzaidan, akaso, deserriratze fisikoari hainbeste denbora gehituz gero, iritsiko zela une bat deserriratze psikologiko hori ahultzen hasiko zena. Nongoak sentitzen ziren galdetu nienean, batzuen erantzunek benetan harritu ninduten: «ni ez naiz inongoa» esan zidaten. Indar handia dauka horrek. Begirada galduak zituzten, ez hemen eta ez han, existitzen ez den leku baten bila, beste nonbait, erantzun berri batzuen bila. Horrela utzi ninduten ni ere, isilik, eta kezka batekin: zenbat aldiz galdetuko ote zieten gauza bera, eta nor nintzen ni berriro ere beraien oroitzapenak berpizteko, zauriak ireki eta zulo sakonagoa egiteko, mingarria den lekuraino. Leónen zalantza bera zuten: sustrairik gabeko hilobietan amaituko ote zuten beraien bizitza. Baina arrazoi ezberdinengatik. Haiek, Leónek ez bezala, edo nik ez bezala, behartuta utzi zuten herria. Denboraren iraganak sortzen dizkigun kezkak eta galdera horiek gure bidaia lagun bihurtzen dira urteetan zehar, han eta hemen, hemen eta han kontziliatzeko borroka horretan. Egun batzuetan, distantzia motza nabari dut, gertu sentitzen dut jendea, nire herria, oroitzapenak; neure burua hobeto ezagutzen dudala iruditzen zait kanpoan nagoenetik; herria gehiago maite dudala; nire herriko arazoak hobeto ulertzen ditudala; nahi dudanean itzul naitekeela jakiteak lasaitzen nau. Beste egun batzuetan, ordea, distantzia hori handitu egin dela nabaritzen dut; kritikoago bihurtu naizela eta hainbat kontuk frustrazioa sortzen didatela konturatzen naiz; oreka alde batera nabarmen mugitzen dela; hutsune asko aurkitzeko beldurrak gainditzen nau. Galdera berriak sortzen zaizkit kontraesan horretan.
Leónek zituen etorkizuneko kezken antzekoak konpontzen saiatu naizenean
baina erantzunik aurkitzen ez dudanean, artega jartzen naiz; damuaren
mamua inoiz agertuko ote den hipotesia azaltzen denean, maite ditudanen
pentsamenduak asmatzen hasten naizenean... Ez dago, ordea, erantzun perfekturik.
Hori da kontua.
Garazi Goia, Gaur 8. Moldatua. |