EGA NAFARROA

IRAKURRIAREN ULERMENA - 2. IRAKURGAIA

 

ATARIKO KURRINKAK

Zabal hartuta, dena da hezkuntza. Ondorio horretara iritsi naiz orain esku artean duzun liburu hau idaztean.

Ibilbide bitxia izan du liburuak. Hasi, Anjel Lertxundik akuilatuta hasi nintzen, eskola munduko pasadizo xelebreak -neureak nahiz inorenak- biltzea beste asmorik ez nuela. Berehala konturatu nintzen, ordea, hurrengo mendea ez nuela urruti izango, lagunei pasadizoak eskatu eta pasadizook jaso, antolatu eta txukuntzerako. Etsi-etsian, beraz, neureak idazteari ekin nion.

Hogeita bi urterekin hasi nintzen Arrasaten irakasle, eta adin horretako gazteak ditut orain unibertsitatean ikasle, gaztetan nire ikaskide izandako lagunen seme-alabak tarteko direla sarri. Ez da seinale ona, niretzat behinik behin, oraindik ez zait-eta hiruko erregela egiten ahantzi. Pentsatzen hasita nago munduan neu ote naizen zahartzen ari den bakarra. Izan ere, ni neu urtetik urtera zaharrago naizen arren, ikasleak ez baitira behin ere zahartzen, urtea joan urtea etorri adin berekoak ditut-eta. Aurreko batean, liburu hau zela-eta, iragan-minak Arrasateko ikastolara eraman ninduelarik, berak zortzi urte zituela nire ikasle izandako neska batekin egin nuen topo: zortzi urteko bere semea ikastolatik noiz aterako zain zegoen. Biribila da mundua, bai horixe! Ez dakit nola kostatu zitzaigun hainbeste horretaz ohartzea.

Herio batean, baina gustura idatzi dut liburua, eta sekulako hustualdia eman diet nola lepo gaineko ganbarari hala bular barruko kutxa taupakariari. Hustuketa lan hori emankor izango bada, ordea, ez da aski bihotza estutu eta garunak zukutzea. Pello Zabaleta adiskideak esan ohi duenez, bihotza eta burua nekatzea bezain beharrezkoa da ipurdia nekatzea, eta alde horretatik lasai nago, aitortu behar baitut oraingo honetan lisatu ederra eman diodala bizkarrak bere izen ona galtzen duen atzealdeko inguru horri. Idazten hasi orduko ohartu nintzen liburua herren geratuko zitzaidala irakasle moduan bizi izan ditudanetara mugatuz gero. Irakasle baino lehenago ikasle izana naiz neu ere, munduan gehienak bezala, eta garbi daukat elkarren osagarri direla ikaslearen eta irakaslearen ikuspegiak. Zergatik ez kontatu ikasle nintzeneko bizipenak ere?

Orain ikasle ditudan gazteek eskola-sistema bakarra ezagutu dute, eta nekez imajina dezakete besterik. Alde horretatik, orain mende erdiaren adin-jira horretan gaudenoi dagokigu gure seme-alaba eta ikasleei azaltzea nolakoa izan zen guk jaso —eta jasan— genuen hezkuntza. Iraganeko mundu horien berri ematea dagokigula, alegia, nahiz gure garaiotan errazegi uzten diogun hezkuntzaren erantzukizun osoa eskolari.

Ikasle zein irakasle, ibili naizen leku guztiek utzi didate beren arrastoa. Arrasto horietako batzuk hezur muinetan sartuta daramatzat, noiz isil noiz kurrinka, aldian aldiko aldartearen arabera. Beste batzuk axalagoak dira. Badira kontu barregarriak eta badira negargarriak ere, eta ez da beti erraza izaten batzuk eta besteak bereizten.

Ez dut inortxo ere leziatu nahi liburu honen bidez. Hezkuntza —oraingoa zein garai batekoa— kezka biziz bizi duen maisu baten aitorpena besterik ez da, funtsean, liburua. Saiatu, saiatu naiz jator jokatzen, nahiz ondotxo dakidan alferrikakoa dela errealitatea ikuspegi bakar batez islatzen ahalegintzea.

Errealitatea ez baita berez ezer. Diskurtsoak eraikitzen du errealitatea, eta, ikuspegi adinbat diskurtso dagoenez, diskurtso adina mundu dago. Zein mundutan bizi nahi duen, norberak aukeratzen du, ikuspegia hautatu eta diskurtsoa aukeratzen duen une berean. Liburu honetan aurkituko duzuna ez da, beraz, Mundua, nik neure diskurtsoarekin eraiki dudan mundutxoa baizik. Eta, nire mundutxo horretan sartzen bazara, hor ezagutuko dituzu nire ametsak eta lainezak, nire damuak eta mamuak, nire merituak eta delituak. Ez baitago barrena husterik zeharo biluzi ezik.

Lagunartean eta han-hemenkako hitzaldietan sarri kontatu izan ditut hemen irakurriko dituzun pasarte asko eta asko, obsesio bihurtu zaizkit-eta. Kontatuaren kontatuz, beharbada desitxuratu egingo nituen gertakariak. Berariaz, ordea, inoiz ere ez. Baliteke egia ez den konturen bat edo beste lerratu izana tarteka, eta ziur nago xehetasunetan huts egingo nuela behin baino gehiagotan. Oker edo zuzen, neure uste eta sentipenak kontatu ditut nik hemen, eta kontatzen ditudanak oker badaude, ez da inor engainatzeko asmoz propio okertu ditudalako, sentipen-usteok niretzat ustekabean ustel direlako baizik.


Joxerra Garzia, Kurrin-kurrun vitae. Moldatua.

 

GALDERAK

71. Liburu honen ibilbidea.
  gaizki a. Hasmentan Anjel Lertxundik ekin arren liburua idazteari, Joxerra Garziak idatzi zuen gehiena.
  gaizki b. Beren eskola garaiko xelebrekeriak kontatzea izan zen hasieran bi egileen helburu nagusia.
  gaizki c. Bere pasadizoez gain besterenak jaso eta atontzeak luzeegi joko zuela iritzi zion Joxerra Garziak.
  gaizki d. Lagunen pasadizoen berri nekez izango zuelako etsita, soilik bereak kontatzea erabaki zuen Joxerra Garziak.
 
72. Joxerra Garziak...
  gaizki a. ganbara zein kutxa berezi bat behintzat hustu zituen dokumentazio-lanetarako.
  gaizki b. egindako hustuketa-lana neketsua izan zen, ezinbestean.
  gaizki c. lasaitu ederra hartu zuen, bihotz-buruek agindutako dena eserialdi bakarrean idatzita.
  gaizki d. ez zuen aintzat hartu Zabaletaren esana, eta azkar ohartu zen hankamotz gera zitekeela liburua.
 
73. Joxerra Garziaren garaiko eskola-sistema eta gaur egungoa.
  gaizki a. Joxerrak malenkoniaz gogoratu du testuan bere gazte denborako hezkuntza.
  gaizki b. 50 urte inguru dituztenei omen dagokie garai hartako hezkuntzaren berri ematea egungo gazteei.
  gaizki c. Joxerrak gogokoago du, antza, bere gaztaroko heziketa, eta bere ikasleei helarazi nahi die.
  gaizki d. Joxerra kexu da gaur egungo eskola-sistemaren errazkeriaz eta utzikeriaz.
 
74. Zer islatu du Joxerra Garziak liburuan?
  gaizki a. Errealitatea, hainbat ikuspegitatik, bestela ez baita inolaz ere sinesgarria irakurlearentzat.
  gaizki b. Garai bateko obsesio sorta berbera, aspaldi hainbat hitzaldi eta emanalditan kontatutakoa.
  gaizki c. Gezur ustelen bat ere bai tarteka, nahiz eta idazteko garaian jabetzen zen iruzurraz.
  gaizki d. Bere munduko egiak, jakin badakien arren okerren bat egon litekeela tartean.
 
75. Zer da testu hau?
  gaizki a. Liburuaren hitzaurrea, liburuaren inguruko zenbait zertzelada eta xehetasun azaltzen dituena.
  gaizki b. Liburuaren amaierako atala, idazte-prozesuaren nondik norakoa zein izan den laburbiltzen duena.
  gaizki c. Liburuaren berri emateko, egileek hedabideetara igorri zuten erreseina da; beraz, ez dago liburuan.
  gaizki d. Liburuaren tarteko atal bat, egilea ikasle izan zeneko pasarteak eta irakasle izan zenekoak bereizten dituena.