EGA NAFARROA

IRAKURRIAREN ULERMENA - 2. IRAKURGAIA

 

BIOLOGIA OINARRI

Edward O. Wilson, soziobiologiaren aita, gure garaiko biologorik ospetsuenetako bat da. Inurrietan aditua, Wilsonek azken ondorioetaraino eraman du darwinismoa, hots, espezieen eboluzioari buruzko teoria. Giza natura ulertzeko era aldatu duten lan ausarten egilea da.

Nondik gatoz? Zer gara? Nora goaz? Wilsonek dioen bezala, luzaroan gizakiek erlijioan edo filosofian bilatu dituzte galdera horien erantzunak. Gaur egun, ordea, azken bi hamarkadetan egindako aurrerapen zientifikoei esker, era egokiagoan azal daiteke giza kondizioa.

1975ean lan mardula argitaratu zuen Wilsonek: Soziobiologia: sintesi berria. Mugarria izan da Darwinen pentsamendu eboluzionistan. Liburu hartan, era askotako espezie sozialez hitz egin ondoren, animalien portaeran aurkitutako printzipio eta planteamendu biologiko berberak aplikatu zizkien gizakiei. Animalien jokabide soziala (gizakiena barne) geneen eraginaren ondorio dela adierazi zuen: «Hautespen edo aukeraketa naturala baldin bada natura gidatzen duen legea, modu berean aginduko du hautespen natural horrek portaera kontuetan ere».

Wilsonen arabera, gure bizitza soziala ere gure geneetan oinarritzen da. Eta horrek polemika bizia eragin zuen. Askok gogor egin zioten kontra, ideia gutxiesten zutelako baino gehiago, gizakiak barne hartzen zituelako.

Ordura arte giza natura instinturik gabekoa zela uste zen, esperientziaren eta heziketaren bidez itxuratzen den orrialde zuriaren antzekoa. Wilsonek, ordea, kulturari egozten zitzaizkion portaerak biologiaren bidez azaldu zituen. Intzestuaren debekua, esaterako, hainbat antropologok debeku kulturaltzat zeukatena, hautespen naturalaren ondorioa da Wilsonen ustez.

Giza natura gai tabua izan da oraintsu arte. Tabula rasaren dogma izan da teoria ofiziala luzaroan. Ukatu egin izan da giza natura. Ingurunearen eraginez edozein forma edo molde har dezakeen buztina bezalakoa dela pentsatu izan da. Esate baterako, J. Locke filosofo enpirista ingelesak zioen gizakiaren gogoa hutsik dagoen paper zuri baten antzekoa dela. Baina gizakia ez da tabula rasa bat, orri zuri bat. Hasieran zalantzan jarri zen soziobiologia, baina gaur egun erabat onartzen da. Azken aldiotan, gogoaren, geneen eta eboluzioaren zientzia modernoek gezurtatu egin dute tabula rasaren mitoa.

Soziobiologiak gainditu behar izan duen zailtasun nagusietako bat animalien portaera altruista edo eskuzabal eta kooperatiboaren auziarena izan da. Bere azkeneko liburuan, Lurraren konkista soziala, ondorio batera iritsi da Wilson: giza izaeraren alderdi soziala konpartitzen dugu erleekin, termitekin eta inurriekin. Azalpen darwinistaren arabera, eboluzioak gene jakin batzuk aukeratzen ditu, jokaera egoistak dituztenak hain zuzen. Kasu askotan, ordea, animaliek —intsektuek, batez ere— elkarri laguntzen diote. Animalia sena, hortaz, ez da soilik norberaren bizitzarengatiko borroka hutsa: maiz, banakoaren sakrifizioak onurak dakarzkio taldeari.

«Naturalist» deitzen dio bere buruari Wilsonek, izen bereko autobiografian. Berari zor diogu biodibertsitate hitza, kontzeptu txit garrantzitsua ekologian eta erabilera arruntekoa gaur egun. Kontserbazionista sutsua izanik, etenik gabe lan egin du espezie guztiek iraun dezaten.

Konsilientzia: ezagutzaren batasuna saiakeran, biologia eta gainerako diziplina zientifikoak humanitateekin eta gizarte zientziekin integratzea proposatu zuen. Jakintzaren adar handien arteko arrakalak txikitu ahala, handitu egingo dira ezagutzaren aniztasuna eta sakontasuna. Kultur iraultza berri baten aurrean egon gaitezke, hortaz. Eboluzioaren teoriak egin dezake bi adarren arteko zubi lana.

Ikuspegi aldaketa funtsezko baten hasiera izan daiteke. Gaur kezkatzen gaituzten arazoak (gatazka etnikoak, gainpopulazioa, abortua, ingurumena edota pobrezia endemikoa) ezingo dira konpondu gizarte zientziak eta natur zientziak uztartu gabe. Zientzia eta Humanitateak elkartuz, Ilustrazio berria sortuko dela dio Wilsonek.

Biologia, genetika eta neurozientzia diziplinak ezinbestekoak dira betiko galdera filosofikoei erantzuteko. Zientziak lurzoru sendoan lan egiteko bidea errazten dio Filosofiari. Hala ere, jakintzaren adarrak ezinbestekoak izan arren, ez dira nahikoa. Zientziek jokaera ebolutiboaren berri ematen digute. Baina ez doaz harago. Zer falta da, orduan?

Gizakia ez da animalia hutsa, animalia linguistikoa baizik. «Kultura» da gizakiaren berezitasuna. Kulturari zor diogu, neurri handi batean, gu garen zer hori. Biologiak estuki determinatzen ditu animaliak; gizakiok, halere, erabaki bat edo bestea hartzeko askatasuna dugu (ezkondu ala ez erabaki dezakegu, zenbait portaera zigortzeko bideak ezar ditzakegu, ekintza altruistak —hau da, eskuzabalak— egin ditzakegu...).

Espezie biologiko bat gara mundu biologiko batean. Gizakiok kontakizun baten aktoreak gara. Bukatu ez den espezie baten puntu gorena. Historiak ez du zentzurik historiaurrerik gabe, eta historiaurreak ez du zentzurik biologiarik gabe.




Jon Sudupe, Berria. Moldatua.

 

GALDERAK

71. Wilson eta bere teoria.
  gaizki a. Jatorri bera dute gizakien jokabide sozialak eta animalienak.
  gaizki b. Jokabide soziala geneetan datzanez, naturalena da portaera gizakiek berek aukeratzea.
  gaizki c. Hautespen naturalak du eragina animalien jokabidean; gizakienean, berriz, kulturak baino ez.
  gaizki d. Zientzialari asko aurka agertu ziren, gizakiaren barnealdea hartzen zuelako aintzat.
 
72. Giza natura.
  gaizki a. Gai tabua izan denez, oraindik ez dago horren gaineko teoriarik.
  gaizki b. J. Locke filosofoa eta Wilson bat datoz funtsean.
  gaizki c. Giza natura ulertzeko, beste ikuspegi bat ekarri dute Wilsonen lanek.
  gaizki d. Wilsonen ustez, antropologoen debekuak kulturalak dira eta ez dute oinarri zientifikorik.
 
73. Jokabide motak.
  gaizki a. Soziobiologiak nekez azal dezake animalia batzuen jokaera kooperatiboa.
  gaizki b. Biziraun behar dutenez, animalia guztiek jokatzen dute modu berekoian.
  gaizki c. Taldearen onurari ematen diote lehentasuna zenbait animaliak.
  gaizki d. Darwinen teoriak azaltzen ditu zehatzen naturan dauden jokabideak.
 
74. Zientzia eta Filosofia, Wilsonen arabera.
  gaizki a. Bi zientzia motak lotuz gero, konpondu ahalko dira gure arazoak.
  gaizki b. Eboluzioaren teoriak ezingo ditu uztartu, ikuspegi aldaketa sakonegia eskatzen baitu.
  gaizki c. Ilustrazioan adar bakarrean bilduko dira, ez baitago hainbeste diziplinaren beharrik.
  gaizki d. Errotiko aldaketa izango da diziplina zientifikoek giza zientzien gidaritzapean lan egitea.
 
75. Gizakia, testugilearen iritziz.
  gaizki a. Kultura gorabehera, nekez joka dezake modu askean.
  gaizki b. Erabakitzeko librea da, kulturari eta hizkuntzari esker.
  gaizki c. Desagertuko ez den espezie garrantzitsuena da.
  gaizki d. Espezie biologiko bat izatea da bere ezaugarri nabarmenena.